Herri kirol saio bikaina Gorostidi Harria ekitaldian

Joxe Mari Mendizabal zenaren aldeko minutuko isilunea eginez hasi zen Gorostidi Harria ekitaldia. Hunkituta hartu zuten omenaldia Adunako pilotalekuan bildutako senitarteko, lagun, kirolari eta herritarrek. Ekitaldiaren ondoren hasi zen herri kirol lehia bizia. Urtzi Telleria gailendu zen 80 kiloz azpiko harrijasotzaileen artean eta Ostolaza pisu horretatik gorakoen artean. Olasagasti izan zen onena aizkoran eta Urrutiak saio ona egin zuen txingekin. Adunako pilotalekuan bildutako jendetza eta giro ederra izan ziren eguneko protagonistak. 

Ikus argazki gehiago

Ikus herri kirol saioaren bideoa

Urtzi Telleria urnietarrak arratsalde borobila izan zuen atzo. 150 kiloko harriaren onena izan zen urnietarra eta saioa borobiltzeko, 185 kiloko harria berdintzea lortu zuen. Txalo zaparrada handia jaso zuen gazteak. 

Ostolaza eta Irigoienen arteko lehia ere ikusgarria izan zen.  Bost minutuko txandan 11 altxaldi eman zizkion Ostolazak 150 kiloko harritzarrari eskubakarrez. Irigoienek berriz, 10 altxaldirekin konformatu beharra izan zuen. Saioari hasiera bikaina eman zion errezildarra, baina harriak ihes egin zion bi aldiz eta denbora asko galdu zuen. Horrenbestez, Ostolaza gailendu zen pisu handiko harrijasotzaileen artean.

Aizkoran berriz, Olasagasti eta Azurmendi lehiatu ziren. Kanako enbor bana ebaki behar zituzten, Olasagastik zutika eta Azurmengik etzanda. Igeldoko aizkolari handia gailendu zen. 

Joxe Mari Mendizabal aizkolari handiari omenaldia egiteko arratsalde borobila izan zen atzokoa. Pilotalekua goraino bete zen eta zaletuek ederki gozatu zuten ikusitakoarekin. Udazken aldera herri mailako omenaldia egingo zaio Joxe Mari Mendizabal zenari. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!