Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 22an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2009an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 150 akademiakideei, eta lehen txanda hartan Beterriko Liburu izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Irati Jimenezen
Nora ez dakizun hori eta Aingeru Epaltzaren
Izan bainintzen Nafarroako errege izan ziren bi finalistak, eta Jimenezen eleberriak jaso du boto gehien; idazle mundakarraren lanak hemeretzi botoko aldea atera dio Aingeru Epaltzaren nobelari. Aurreko bi txandetan ere
Nora ez dakizun hori izan zen boto gehien jaso zuena.
Magia eta fantasia
Mundu fantastiko batera darama irakurlea Irati Jimenezek Nora ez dakizun hori eleberrian. Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak... Hasiera batean arrotza dirudien mundu horretarako bidaia modu samur eta goxoan egingo du irakurleak, une oro magia eta lilura alboan dituela.