Santakrutzak 2010: Aurtengo pregoilaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 19:01

Joxe Antonio Barandiaran Ezama (Andoain, 1953) alkate ohia da aurtengo pregoilaria. Irunberri elkartekoei egokitu zaie aurten pregoilaria izendatzea, eta Barandiaran ikusi dute egokien zeregin horretarako.

Nola hartu duzu aurtengo pregoilaria izatea?
Joxe Antonio Barandiaran: Izendapenak poztu egin nau, jakina. Pregoia baten batek egin behar duela eta, niri egokitu zait. Saiatuko naiz hutsik ez egiten.

Ez zaitu urduri jarri?
J.B.: Nahiko lasai nago, egia esan behar bada. Maiz tokatu zait jendaurrean hitz egin beharra, eta ez nau gehiegi kezkatzen. Oraingo konpromiso hau ere modu duinean bete ahal izango dudala iruditzen zait.

Hasi al zara pentsatzen zer esango duzun?
J.B.: Oso denbora gutxi pasa da jakinarazi zidatenetik, eta ez naiz burua estutzen hasi oraindik. Azken egunetan erabakiko dut pregoiari zein eduki eman.
Hala ere, ez dut uste gehiegi aldenduko denik horrelakoetan esan ohi denetik. Alegia, Santakrutzak sortzen dizkidaten oroitzapen onak aipatu, txintxoak izateko eskatu, pasa gabe ondo pasa litekeela gogoratu, gurekin egon ezingo dutenak gogoratu…
Falta direnen artean, adibidez,
Ainhoa Ozaeta etortzen zait oraintxe burura; haren aurpegi irribarretsua ikusi orduko jakin zitekeen Santakrutzak noiz zetozen.
Santa Krutz jaiek oroitzapen politak eragiten dizkizutela aipatu duzu…
J.B.: Halaxe da, markatzen zaituzten gauza txiki baina gozagarriak eman izan dizkit. Egin kontu: bertan izan zen nire lehenengo parranda, eta bertan nire lehenengo dantza neska batekin… Parranda kOadrilarekin egin nuen; La Salleko ikasle nintzen garaian. Dantza norekin egin nuen ere oso gogoan daukat, baina ez dut aipatuko neskaren izenik; ahaztuta edukiko du, nik ez bezala. Nik memorian gordeta baldin badaukat, aurretik kalabaza ugari jasotakoa nintzelako da. Gure garaian, dantzaldia Aingurasutegi–Leitzarango bi kale horietan egiten zenean, ohitura handia zen dantzan ari ziren bi neskengana mutil bana hurbildu eta eskaera egitea.

Nola bizitzen zenituen gazte garaian?
J.B.: Gogoan daukat gure etxean maiatzaren 3a egun sakratua izaten zela. Aitak irratia piztu eta denok isil-isilik egon behar izaten genuen, Pepe Andoainek akordeoiarekin eman ohi zuen Santa Krutz martxa entzuteko.
Garai haietan ez zen ekitaldi handirik behar izaten kalera atera eta saltoka, kantari edo dantzan ibiltzeko.

Eta gaur egun, lehen bezain sakon bizitzen al dituzu?
J.B.: Jada urtetan aurrera goaz eta ez gaude iraganeko abenturak egiteko sasoian; gauerdirako loak hartzen banau, esango didazu… Bestela ere azken boladan ez naiz kalera gehiegi atera izan.

Aurtegoak, behintzat, modu berezian ospatuko dituzu…
J.B.: Familiarekin eta lagunekin batera jaiez gozatzeko denbora hartzen ahaleginduko naiz bereziki.

Zein ekitaldi duzu gustukoen?
J.B.: Zer esango dizut, bada, danborradak, erreka-jeitsiera… Nolanahi ere, Santa Krutzetatik kalean sortzen den giroa azpimarratuko nuke. Udaberriko lehen jaiak dira, denok egoten gara kalea zapaltzeko eta jendartean egoteko gogoz, inguruko herrietatik ere jende ugari hurbiltzen da… Faktore asko biltzen dira Santa Krutz jaiek xarma berezia eduki dezaten.

Lau urtetan alkate gisa bizi zenituen…
J.B.: Ikurriñaren jaitsieran lau aldiz hartu nuen parte. Kale Nagusitik igarotzerakoan, gaupasazaleak alde banatan pilatzen ziren. Batzuk ziria sartzen ziguten txorakeriak esanez, beste batzuk “Animo Barandi!” eta antzeko oihuak egiten zizkidaten… Umorez hartzen nuen.

Urte haietan zer iritzi eragin zizun Andoainek hainbeste jai izateak?
J.B.: Auzoek nork bere jaiak edukitzea, hori pozgarria da. Bertakoek antolatzen dute gainera, eta hor dinamika oso interesgarria sortzen da. Egia esanda, mirariak egiten dituzte jasotzen dituzten diru laguntzekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!