Santakrutzak 2010: Maindiko xurruteroak, koadrila berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 18:33

Talde bezala orain bi urte elkartzea erabaki zuten berez, nahiz eta harrezkero Inauterietan soilik hartu duten parte. Aurtengo Inauterietan adibidez, ikusgarria izan da kaleratu duten karroza: punk estetika eta musika zabaldu dute Andoaingo kaleetan zehar.

Elena Markos taldekideak taldearen osaketa argitu du: “batez beste bi haur dituzten hogeitik gora aita-amek osatzen dugu. Batetik, koadrila bat betidanik osatu dutenak daude, eta bestetik, taldera erantsi direnak. Gure haurren eskolako hitzorduak edo jolas parkeko egonaldiak izan ditugu topaleku, denok bildu eta ideia aurrera eramateko”.
Santakrutzetan ohikoa da izena eta blusa duten koadrilak antolatzea; adin beretsuko festazaleek osatu ohi dituzte talde horiek, hala ere. Horregatik egiten da arraroa familiek osatutako bat ikustea. Iñaki Gurrutxaga Maindiko beste xurrutero batek gogoratzen duenez “ez gara lehenak, aspaldiko urtetan Ortodoxoak izeneko koadrila ere kalera irteten da haurrekin, hauek jaio zirenetik ia-ia”.
Elena Markosek taldean bildu izanaren zergatia azaldu du: “Santakrutzak ezin ditugunez ospatu familia eduki aurreko garaietan bezala, gaurko gure bizimoduko baldintzetara moldatu nahi izan dugu. Gure haurrei Santakrutzetarako joera txertatzen diegu horrela, eta bide batez, giroa eta saltsa jartzen saiatuko gara Andoainen herrikoienak diren jai horietan”.
Izenaren jatorria ere argitu du Markosek: “Bekokaleko leku enblematikoren bat nahi genuen, eta aldi berean, festazaletasunarekin lotura izango zuena”.
Jaiak nola bizi
Jaietan nola murgilduko diren galdetuta, Markosek haurrekin behintzat nondik nora ibiliko diren adierazi du: “pentsatzen dut haurrentzat egunez antolatutako ekintzetara eta barraketara joango garela; bestelako jai ekitaldiak, tabernako poteoa…, horiek ere ezingo ditugu ahantzi, noski”.
Pregoia jotzen den unetik astelehenean bukatzen den arte, blusarekin kalera ateratzeko asmoa dutela dio Iñaki Gurrutxagak: “ahal dugun guztietan ibiliko gara kalean gora kalean behera, baina guretzat ekitaldi handia koadrilen bazkaria izango da ziurrenik. Badakigu haurrak nahiko azkar aspertuko direla mahaian eserita, baina aldi berean, ziur gaude segituan bilatuko dutela non jolastua Bekoplazako inguruetan edo eszenategian bertan…”.      
Jaia gauez jarraitzea ez dute erraza izango Maindiko xurrutero helduenek. “Ohituta gaude ahal duenak ahal duena egitera horrelakoetan” dio Gurrutxagak. Familia bakoitzak nork bere irtenbidea bilatu beharko duela erantsi du Mikel Otamendik: “etxean bikoteak negoziatzeko kontua izaten da haurrekin nor geratu eta nor kalera atera. Gure kasuan egina daukagu tratua: andreak ostiralean du libre, eta nik larunbatean”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!