Santakrutzak 2010: Koadrilen egunaren antolaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 18:32

Eguerdiko jokoak eta kalejira, bazkaria eta bazkalosteko kalejirak jai giroan murgilarazten ditu Andoaingo beheko kaleak derrigor. Aitziber Ugartemendia batzorde antolatzaileko kidea da eta egunaren inguruko xehetasunak azaldu ditu.

Jendeak parte hartu al du batzordeko bileretan?
Aitziber Ugartemendia: Espero ez genuen harrera jaso dute. Hasieran bilerak elkarte batean egitea pentsatuta geneukan, baina koadrilen ordezkari mordoa azaltzen zela ikusita, Urigain Kultur Etxean bildu gara.
Antolaketan parte hartzeko edo ideiak emateko orduan jendeak oso jarrera beroa agertu du esan bezala, eta horrek berriro ere egun handia izango dela iragartzen digu.

Iaz 650 izan zineten bazkarian. Jende uholde hori antolatzea nola lortzen da egun osoko ekitaldietan?
A.U.: Egia da Koadrila Egunak izugarrizko dimentsioa hartu duela azken urteetan, eta hori ezin da lauzpabost lagunen artean antolatu. Koadrila bakoitzak egunean zehar ekintzaren bat antolatzeko ardura hartu du, eta horri esker, gauzak txukun egin ahal izango dira.  
Zer programa antolatu duzue?
A.U.: Goizeko 11:00tan jarri da hitzordua Bekoplazan. Handik kalejira abituko da Incansables txarangarekin. Bidean zehar zazpi joko prestatu dira. Denok ezagutzen ditugun jolas eta jokoen bertsio festazaleagoak eta bihurriagoak izango dira; lokotxa biltzea, lasterketa, txapel jaurtiketa, puxika puskatzea, zapi-jokoa, dantza, ur jolasak… Horiek denak modu xelebrean eta komikoan birziklatuko dira. Koadrila irabazleak bandera bat jasoko du ordainean, eta urte osoan harro-harro eraman beharko du berarekin, 2011ko jaiak iritsi arte.

Ikusgarriak izan ohi dira bi kalejirak…
A.U.: Kale Nagusia, adibidez, goitik behera blusez josita eta kolore ezberdinez margotuta ikustean, oilo-ipurdia jartzen zait niri, eta pentsatzen dut han begira dagoen edonori ere jarriko zaiola. Incansables-eko musikariek ere beti esan digute zein gustura etortzen diren Santakrutzetara, musikari batentzat zerua ukitzea bezalakoa omen delako kalean jotzea eta ehundaka pertsona atzetik dantzan eramatea.
 
Bazkaria ere ikustekoa izan ohi da…
A.U.: Izugarria da. Urte osoan ikusi ez duzun jendea ere hantxe topatzen duzu, eta urte osoan txintxo-txintxo ibili den jendea ere hantxe ikusten duzu kantuan, dantzan…
Iaz 650 bat lagun izan ginen, baina ez dakit erraza izango den marka hori berdintzea nahiz eustea. Igandean izateak zenbait atzera bota ditzakeela gogorarazi digu baten batek… Baliteke hala izatea, baina ez da ahantzi behar egun hori hutsegin ezinekotzat daukatela askok eta askok agendan, eta biharamuna jai hartzen dutela lanean.   

Parte hartzaileen profila zabaltzen doala dirudi urtez urte…
A.U.: Aritmetika hutsa da. Batetik, urtero belaunaldi gazteez osatutako koadrilak eransten doaz. Eta bestetik, 40 urtetik gora doazen zaharrenek ere hor jarraitzen dute gogor. Gaur egun gauzarik normalena da haurrak dituzten gurasoek ere gazteagoen parean ibiltzea dantzan, kalejiran, bazkarian… Alde horretatik, azpimarratzekoa da Pelotok edo Ortodoxoak izeneko koadrilen jarrera festazalea.

Deialdi berezirik egin al diezue koadrilei?
A.U.: Hitzordua Bekoplazan 11:00tan dela ohartarazteaz gain, nork bere aldetik jai giroa lau egunetara zabaltzeko dei berezia luzatu diegu. Alegia, blusak jaiak irauten duten egun guztietan jantzi ditzatela, ostiraleko pregoitik hasita.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!