Zer moduz daramazue aurtengo denboraldia?
Asier Arregi: Aurtengo MTB denboraldia hasi berri dugu. Urtarrilean amaitu zen ziklokrosa eta hilabetez geldirik egon ostean, martxoan entrenatzeari ekin genion. Lehenengo lasterketak nahiko ondo hasi ditugu, ziklokroseko prestaketa oraindik mantentzen baita apur bat. Orain erritmoa apur bat jaitsi dugu, Euskadiko eta Gipuzkoako Txapelketetan parte hartzeko. Gipuzkoakoa maiatzean izan beharko luke, Euskadikoa berriz uztailean.
Elastiko berria jantzita, zer aurreikuspen duzue?
A.A: Aurreikuspen garbirik ez daukagu, bizikleta.com babesleak ziklokroserako ongi prestatzea eskatuko digu, horretarako hartu baikaitu. Urria aldera hasiko da ziklokrosa eta pixkanaka prestatuz sasoian iritsi nahiko genuke negura.
Noiztik zabiltzate mendi bizikletan?
A.A: Nire anaia 7-8 urterekin hasi zen mendian eta ni berriz 13 urte ingururekin hasi nintzen. Urte mordoa da baina gustuko lekuan aldaparik ez!
Nolatan mendian?
A.A: Mendia betidanik gustatu izan zaigu bi anaioi, errepidea betiere, monotonoagoa dela iruditzen zaigu. Erritmo desberdinetan ibiltzen zara, derrapeak, saltoak…, aukera gehiago ematen dizu mendiak alde horretatik. Errepidean baino gehiago disfrutatzen dela mendian esango nuke.
Nolakoak dira zuek bezalako kirolari baten entrenamenduak? Non entrenatzen zarete?
A.A: Bai, nahiko gogorrak izaten dira. Denetarik egin behar izaten dugu, errepidean entrenatu, mendian ere ibili behar izaten da. Errepideko kirolari batenak baino distantzia motzagoetan entrenatzen gara baina intentsitate askoz handiagoarekin lan egiten da. 3-4 orduz serieak egiten aritzen gara adibide bat jartze aldera.
Ezer aldatu al du talde berrian aritzeak?
A.A: Ez da ezer aldatu, motibazioa besterik. Atzetik babeslea izateak segurtasuna ematen du, baina baita halako ardura bat ere. Karrerarako puntu bat gehiago ematen laguntzen du.
Noraino iristea duzue amets?
A.A: Hasiera hauetan pausoz pauso joatea garrantzitsua dela esango nuke. Lehen gainean ditugun lasterketetan ahalik eta postu onena lortu, Gipuzkoakoaren bila joan, iazko eran, eta Euskadikoa eta hortik aurrera ikusiko dugu!