Itzala gunea, urtebete alde zaharrean eragiten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 14:40

Gaur larunbata, urteurreneko ospakizuna.

“Berriz ere... urte1”, Itzala gunearen ospakizuna. Kalejira, txokolatada, Itzala software librearen festa.

  • 11:00 Blogak lantzeko tailerra.
  • 19:00 Ospakizunaren hasiera.
  • 23:00 Demoscene, bideoa eta musika librea. Ibai Blancoren eskutik.

Apirilak 24, larunbata. 

Itzalaldi luze baten ondoren, 2009ko apirilaren 24an Itzala taberna Itzala gunea izenarekin birsortu zen. Asmo irmoa adierazi zuten irekiera ekitaldian: Kale Nagusian eragitea. Eta ezin uka urtebeteko epean erabatekoa izan dela asmo horri eusteko ekimena. Hamaika jardunaldi, ikuskizun eta saio antolatu dira Itzala gunean.
“Berriz ere... urte 1” izenburupean jaialdia antolatu dute larunbat honetarako Itzala gunean. Txokolatada eta musika izango dira, besteak beste. Argigarria da prentsara igorritako oharrak dioena, “Apirilaren 24an urte bat betetzen da Itzala berriz ere ireki genuenetik. Kostata, baino aurrera jarraitzen du Kale Nagusiari bestelako kolorea emateko hartu genuen konpromisoak. Itzala gunearen egitasmoa gorputza hartzen ari da; ideia batzuk martxan jarri ditugu; beste batzuk labean daude oraindik, baino ziur egon, ahalegin guztiak egingo ditugula martxan jartzeko”.
Ezin uka kultur eta gizarte mailako eskaintza osatzera eta aberastera etorri dela Itzala gunea. Bastero Kulturgunea eta Gaztetxea lehenik ere erreferentzia baziren, hirugarren kokagune gisa finkatu da Itzala gunea. Kultur eta gizarte alorrean, auspoarena egiten ari da Kale Nagusian. Merkataritza eta ostalaritza kinka larrian diren garai hauetan, pizgarria izan da Itzala guneko eragileen ekarpena. Zalantzarik ez dago ingurua biziberritzeko urrats sendoa eman dela Itzala gunea birsortu denetik.

Hamaika ekimen
Itzala gunea Kale Nagusiaren birsorkuntzan eragiteko lehen pasua izan zen. Iazko urrian Kale Bilgunea elkartea aurkeztu zen, eta kale bereko hainbat merkatarirekin batera ekitaldiz beteriko asteburua antolatu zuten. Lantalde beretik sortu da Arte K2 arte galeria ere. Topaleku izateaz gain, artista askoren erakusleiho bilakatu da.
Astindua eman diote beraz Kale Nagusiari. Urtebeteko epean ugari izan dira liburu aurkezpenak eta kultur emanaldiak. Ziklo interesgarriak ere sustatu dira Itzala gunetik, besteak beste, LetrARTean (teknologia, artea, literatura) edota Ahoz aho (antzerki jaialdia).
Zorionak Itzala guneko lantaldeari, bejondeizuela!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!