Futbol zelaia Ubitarte eta kiroldegia Allurralde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 14:37

Euskalduna futbol taldeko arduradunek Ubitarte futbol zelaiaren harmaila eta instalakuntza berriekin aro berria zabaldu dela adierazi dute. Eraikin berriaren irekiera urrats garrantzitsutzat hartu dute. Allurralde bezala ezagun ziren orain arte Aita Larramendi ikastolaren ondoko instalakuntza guztiak. Aurrerantzean, ordea, futbol zelaiari Ubitarte deituko zaio eta kiroldegi-igerilekuari Allurralde.

Andoaingo futbol zelaiaren eta atletismo gunearen ondoan egokitu dituzten instalakuntzen inaugurazio ekitaldiak ikusmin handia piztu zuen. Jende asko hurbildu zen ekitaldira; besteak beste, Leizaran eskubaloi taldeko edota Euskaldunako futbol eta areto futbol taldeetako ordezkariak (Ganbara saski taldeak kexa agertu zuen oharra bidali zuen gonbidapenik jaso ez zutela adieraziz). Kirolari eta kirolzale ugari ere bertaratu zen, bereziki, barruko instalakuntzak bertatik bertara ikusteko gogoz.

Udal ordezkaritza talde zabala izan zen Ubitarte kirolgune berrian. PP izan ezik, PSE-EEko, EAJko, EBko nahiz Hamaikabat alderdietako ordezkaritza zabala bildu zen.
Instalakuntza berrien onuradun nagusia Euskalduna futbol taldea izango da. Taldeko lehendakari den Joxean Huitzik zinta moztean parte hartu zuen Fernando Narciso Udal Kirol Patronatuko lehendakariarekin eta Estanis  Amutxastegi alkatearekin batera. Urki dantza taldekoen agurra amaituta, adierazpenen txanda iritsi zen; denek ere instalakuntza berrien kalitatea gorestu zuten.

Fernando Narcisok eskerrak eman zizkien eraikuntzan parte hartu duten eragileei, bereziki enpresa eraikitzaileari eta langileei. Joxean Huitzik zera adierazi zuen, “gure aspaldiko ametsa bete da. Partidak ikustera gatozenontzat erakargarria izango da, eta baita etorriko direnentzat ere. Jakin badakigu eraikina altxatzea ez dela erraza izan, bizi dugun egoera ekonomiko zailean ahalegin ekonomiko handia egin delako”. Lehendakariak eta futbol taldeko eragileek Euskaldunaren historian Etxeberrietako zelaiak izan zuen garrantzia bera izatea opa diote Ubitarteri. Huitzik aro berria irekitzen dela adierazi zuen.
Estanis Amutxastegi alkateak sentimendu kontrajarriak zituela adierazi zuen, “aitortu behar dut alde batetik pozik nagoela, kirol azpiegitura berria zabaldu eta zuei aurkeztera etorri garelako. Andoaingo jokalarientzat gisa honetako azpiegitura bat eskaintzeko gogoa izan dugu betidanik”. Hurrengo denboraldirako Foru Aldundiari belar artifizialeko zelaia berritzeko laguntza eskatu zion “gure jokalariak zelaian erre ez daitezen”.

Adierazpen instituzionalak amaituta, Anjel de la Hoz Ubitarte kirolgunearen eraikuntza zuzendu duen arkitektoak, eraikinak dituen bi solairuetan barrena bisita gidatu zuen. Goikoa ikuslegoari zuzenduta dago, eta behekoa kirolarien beharrei egokituta.
Goiko solairuan harmailak, bileretako gela, komunak, txarteldegia eta taberna aurki daitezke. Behekoan jokalarientzat nahiz arbitroentzat aldagela handiak eta txukunak egokitu dituzte.

Euskaldunako jokalariek eta haien aurkariek instalakuntza berriak laster batean erabili ahal izango dituzte. Izan ere, aurreko asteburuan kirolariak Allurralde kiroldegiaren instalakuntzez baliatu ziren.

Ubitarten futbola
eta atletismorako pista

1991ko Udal ebazpenari men eginez, futbolaren eta atletismoaren guneak Ubitarte izena hartuko du. Eta, bestalde, igerilekua nahiz kiroldegia izendatzeko Allurralde erabiliko da.
Denbora beharko da zaletuen eta erabiltzaileen joera aldatzeko, orain arte Allurralde bezala ezagun zirelako ikastolaren ondoko instalakuntza guztiak. Aurrerantzean, ordea, futbol zelaiari Ubitarte deituko zaio eta kiroldegiari Allurralde.

 

Beheko solairua
Erabilgarria: 317,08 m2
Eraikitakoa: 371,35 m2
4 aldagela
2 aldagela epaileentzat
Biltegia
Masajerako gela
Mantenimendu gela
Komunak

Harmailak
225 eserleku
Estalitako gunea: 494 m2

Lehen solairua
Erabilgarria: 116,45 m2
Eraikitakoa: 132,75 m2
Txarteldegia
Bilera gela
Taberna, biltegia
Komunak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!