Andoain Kreatiba: Sorkuntzari begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 14:34

Merkatarien laguntzaz sorkuntzari bidea eman nahi diote; eskolatan egindako sorkuntza lanak Udal instalakuntzatan eta merkatalgunetan erakutsiko dituzte

Ekimena erakusten duten pertsonei ekintzaile deitzen zaie; ekintzaileak geroz eta gehiago kontutan hartzen dira  XXI. mendeko ekonomia berrian. Autoenpleguaren oinarria, esaterako, ekimena erakusten duten pertsonak dira. Ekiteko joera hori sorkuntzaren pare joan ohi da kasu gehienetan. Eta hain zuzen ekimena eta sorkuntza, biak ala biak, oso kontuan hartu ditu Andoaingo Udaleko enplegu eta gazteria sailak Andoain Kreatibaren II. edizioa martxan jartzeko. Ekintzaileek eta sortzaileek artea bereganatuko dute Andoainen, hurrengo egunetan.

Nerea Yurrebaso Gazteria eta Enplegu lansaileko Udal teknikariak sorkuntzaren alde egindako apostuaren arrazoia eskaini dio Aiurriri, "ekintzailea eta enpresa bezalako adierazleak oso arrotzak dira gazteentzat. Sorkuntzari erreparatu diogu, gure ustez hori baita ekimenaren oinarria". Merkatarien laguntzaz sorkuntzari bidea eman nahi diote; eskolatan egindako sorkuntza lanak Udal instalakuntzatan eta merkatalgunetan erakutsiko dituzte. Ikusgai izango denaren artean lan mekanikoak, marrazkiak, diseinu lanak edota robotika nabarmentzen dira. Bestalde, tailerrak antolatu dituzte. "Gazteriak zer nahi duen horri erreparatuta, graffiti eta hip hop musika tailerrak antolatu ditugu. Erantzuna ikaragarria izan da, ehun gaztek eman dute izena. Hurrengo hiru ostiraletan eskainiko dira, eta parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Azken tailerrean, maiatzaren 7koan hain zuzen, gurpil gaineko tramankuluen erakustaldia izango da Goikoplazan".

Andoaingo Merkataritza sustatzeko plana
Cristina Martin Andoaingo Udaleko merkataritza dinamizatzailea da. Abenduaz geroztik lanean ari da Andoainen, eragile ezberdinen artean bere burua aurkeztu du honez gero. PERCO merkataritza sustatzeko plana garatzea da bere zeregin nagusia, "mahai ezberdinak lotu ditugu Hirigintza eta Kultura lansailekin batera. Ari gara bileretan, eta hurrengo egunetan Salkin merkatarien elkarteko ordezkariekin bilduko gara. Haiei prozesu honen parte izateko gonbitea luzatu nahi diegu, haiek ere iritzia eman dezaten".
Hilabete gutxi aritu arren, Aiurrik merkataritzaren egoeraren inguruko iritzia ematea eskatu dio Martini. Hauxe bere analisia, "nire ikuspegitik eta ezagutzen dudanarengatik, alde batetik kokapenari dagokionez Andoain egoera zailean dago. Bestalde, dendaz denda joan naizelako diot, batzuk berritzeko nahia badute baina beste batzuk, ordea, ez. Bereari eusten diote, eta gauza berriez hitz egitea zaila egiten zaie. Portzentaia esaten ez nuke asmatuko, baina nire inpresio hori da merkatarien artean ehundik gora bisita egin ondoren".
Lan handia egiteko dago oraindik, Cristina Martin merkatarien artean hainbeste itxaropen sortu zuen PERCO merkataritza plana garatzen arituko da hurrengo asteetan.
Ikusi behar hurrengo asteetan eta hilabeteetan zer nolako pausoak ematen diren Udaletik eta Salkin elkartetik merkataritza indarberritze aldera.

 

Data: Apirilaren 23tik maiatzaren 7ra.
Artelanak: Diseinu grafikoa, lan mekanikoa, eskulanak, marrazkiak.
Ikastetxeak: La Salle Berrozpe ikastetxea, Aita Larramendi ikastola, Ondarreta ikastetxea, Leizaran institutua, Andoaingo Zine eta bideo eskola eta Urnietako salesiarrak.
Merkatariak: Artelanak ikusgai izango diren tokiak: Ernaitza, Etxeberria Hiru jatetxea, Foxky haur jantziak, Javier zeramikak, Ciclos Patxi eta Itzala taberna.
Udal instalakuntzak: Gazte Lokala, Urigain Kultura Etxea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!