Kilometroak 2012 Andoain: Hiru balorazio

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 14:31

Marimi Ugalde Aita Larramendi ikastolako lehen irakasleetakoa eta Irurako alkatea, Aitor Amutxastegi Larramendi Bazkuneko kidea eta Josu Lekuona irakasleak Kilometroak jaialdia eta ikastola ondo baino hobeto ezagutzen dituzte. Iritzia emateko erreferentzia dira Andoaingo euskalgintzan.

Marimi Ugalde: Albistea zoragarria da
"Ametsak gauzatzen diren bezalaxe, horrela sentitzen naiz Andoainen Kilometroak jaia antolatuko dela jakitean. Izan ere, 1960ko hamarkadan ikastola izango zenaren lehen pauso haietan pentsaezina zen Andoainen horrelako garapena ezagutzea. Gela bakarrarekin, zailtasunak besterik ez genituen orduan. Abiatzea abentura hutsa izan zen. Gurasoek eta On Eugenio Arregik sekulako lana egin zuten garai hartan.

Urteak aurrera joan ahala, Andoaingo ikastolak izan duen garapena ikusgarria da. 2012an, beraz, Andoainen Kilometroak jaia egin ahal izatea zoragarria da. Kanpotik ikusita, behintzat, zoragarria. Bestalde, lan asko egin beharko da.

Iruran alkate naiz eta han 2008an egin zen Kilometroak. Udal ordezkari eta Ikastolako langile izan naizen aldetik, Andoaingo ediziorako beharrezkoa eta funtsezkoa ikusten dut Udalaren eta Kilometroak batzordearen arteko koordinazioa. Harreman handia sortu behar da, elkar lagunduz egin behar da bidea. Jaia herriarentzat oso onuragarria da. Bestalde, antolatzaileek Udalaren egiturak baliatu behar dituzte ezinbestean. Bi aldeak ondo ezagutzen ditut eta horixe da nire aholkua. Animo!".

Aitor Amutxastegi: 2012koa euritsua izan dadila
Jende asko zegoen Ikastolan albiste horren zain, Ikastolak beharrezkoa du gainera jai horretan jasoko duen dirua. Entzun dut bazela garaia Kilometroak berriro ere hemen ospatzekoa. Alde horretatik pozik nago, gainera lehen haur bezala bizi izan zutenek akaso oraingo honetan guraso bezala lan egin beharko dute. Baina pertsonalki, aurreko edizioan dezenteko lana egin behar izan nuelako edo, ez nuen albistea alaitasunez hartu.
1990ean kultura ekintzen arduraduna izan nintzen eta hilabete batzuk lehenago hasi behar izan genuen lanean, jende askorekin bilerak egin beharra, deiak…, gainera orduan ez zeuden orain dauzkagun ordenagailuak edo eskuko telefonoak.

Noski, Larramendi Bazkuneko kide bezala garrantzitsua da Andoaingo herriarentzat, azken finean euskara eta euskal kultura bera horrelakoak eta gero indartuta ateratzen direlako.Andoainek horren premia badu.

2012an urriaren 7an ospatuko da, aurrekoan bezala urriak 7. Antzekotasuna data eta asteko egunean bakarrik izatea espero dut; eta ez eguraldian. Egun argitsu eta batez ere euririk gabekoa izan dadila. Taberna batean, zirkuituan edo batek daki non egongo naizen lanean.

Josu Lekuona: Erauntsia ostadar bilakatuko da
Ez zen gozoa izan inondik inora. Erauntsia lehertu zitzaigun Andoainen. Geroztik, Kilometroak gogora dakarkigun bakoitzean, hura bizi izan genuenok arantza modukoa daramagula esango nuke. Sentipen horrekin hartu nuen Kilometroak berriro antolatuko dugunaren albistea, ikasleekin  batera Parisen geundela.

Itzulerako bidaian horretaz jardun genuen Gorka Matute lankideak eta biok. Berehala ohartu nintzen belaunaldi berriengan beste ilusio eta kemena nabari dela, eta ilusio horrek izan behar duela hain zuzen ere, orduko arantza erauzten lagundu behar diguna.
Ez daukat inolako zalantzarik, aldeko baldintza ugari ditugu. Hasteko, Ikastolak berak herrian beste sendotasun bat lortu duela iruditzen zait; herriak berak, zeresanik ez, azken urteetan jasan duen eraldaketaren ondorioz; eta garrantzitsuena, irakasle nahiz guraso berri ugari 2012ko erronkari heltzeko gogo biziz ikusten ditut.

Beraz, garaia heldu da, guk geuk ere, oroimen garratzak saihestu eta belaunaldi berriekin bat eginik lanean hasteko. Andoaingo euskalgintzak gainera,  guztion beharra baitu. Ea 1990eko erauntsia, ostadar bilakatzen dugun 2012an.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!