“Etorri, ikusi eta ikasi”, Petra Elser-en eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 14:28

Jakina da Petra Elser itzultzaile alemaniarra Urnietan bizi dela. Momentu honetan Laura Mintegiren Ece Hommo liburua itzultzen hastekoa da eta herrian berriz, apirilaren 8az geroztik etorkinentzat zuzenduriko euskara ikastaroak eskaintzen ari da.



Urnietan zaitugu irakasle lanetan. Nondik sortu zen ikastaroen ideia?
Petra Elser: Ni neroni etorkina naiz. Beste herrialdeetatik datorren jendearentzat egungo eskaintza ez da egokia edo irisgarria sarritan. Lagun batzuen bitartez pentsatu nuen ikastaro berri hau eskaintzea. Denentzat malgutasun batekin jokatzea garrantzitsua dela deritzot.  

Etorkinei zer esango zenieke, zer abantaila ditu euskara ikasteak Euskal Herrian bizitzeko?
P.E. Abantaila asko dituela esango nuke. Batetik, bertako jendearekin harreman gehiago izateko aukera ematen dizu euskara jakiteak eta bestetik, herriko bizitzan parte hartzeko aukera ematen dizu. Lan merkatura begira ere abantaila dela esango nuke, erraztasun gehiago eskaintzen dizkizu.

Zer du desberdina zuk eskaintzen duzun programak egungo euskara ikasteko eskaintzak ez duena?
P.E. Batetik, astean behin bakarrik biltzen gara. Ordutegia ere, printzipioz, lan ordutegitik kanpora egokitu dugu, iluntzean biltzen baikara. Gure ekimenean ez da astero-astero etortzea beharrezko, aste bat edo beste galduz gero ere, berdin-berdin- jarraitu ahalko du ikasleak ezarritako programa. Jarraipen bat badu ikastaroak baina ez dago bata bestearen gainean eraikita. Komunikaziorako tresnetan trebatzen saiatzen gara, eta ez hainbeste gramatika kontu sakonetan. Nahiz eta ez ulertu gramatikalki zer eraketa duen esaldiak, esamolde edo hitzak ikasteko aukera ematen dugu. Gutxi gorabehera esanda, egunerokotasunean erabiltzeko balioko du ikastaroak. Ez da hizkuntza guztiz menperatzeko ikastaroa izango, kalean, lagunekin, familiakoekin erabiltzeko balioko du.

Atzerritarrentzat al da espresuki?
P.E. Etorkinentzat izango da baina zentzu zabalean esanda. Beste herrietakoentzat eta bertan mugitu direnentzat balioko du ikastaroak. Hemen jaio ez eta hona etorri den edonorentzat baliagarria izango da. Printzipioz, euskara ikasi nahi duen edonork joan ahalko du ikastarora.

Zer ikasiko du bertara doan ikasle batek?
P.E. Eguneroko bizitzan erabiltzen dituzun hitzak ikasteko aukera izango du bertaratzen den edonork. Kaixo, zer moduz, gaur gauen hara joan nahi dut… elkarrizketa batean parte hartzeko aukera emango duen komunikazioa ikasiko du.

Jada hasi zarete, noiztik eta non eskainiko dituzu klaseak?
P.E. Halaxe da bai, bi aste pasatu dira ikastaroa hasi genuenetik. Lekaio Kultur Etxean eskainiko dira klaseak.

Euskara ikasi nahi duen batek oraindik izango al du aukerarik ikastaroan parte hartzeko?
P.E. Noski baietz, orain eta hilabete barru ere izango du aukerarik!

Hernanin jada martxan dago esperientzia berri hau. Zer moduz daramazue?
P.E. Bai, hilabete daramagu Hernanin klaseak hasi zirenetik. Oso gustura nago esperientziarekin. Hasieran martxa hartzea apur bat kostatu zen baina albistea zabaldu zenez geroztik, erantzun ona ari gara jasotzen.


Ostegunero Lekaion
19:30tan hasita, euskara ikasi nahi duen edonori zuzendua.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!