Urnietako elkarte gastronomiko-kulturala den Eteneta elkarteak antolatuta eta Urnietako Udalaren eta Diputazioaren laguntzarekin, aurten ere irteera izango da apirilaren 25ean, Eteneta mairu-baratzera. Familia osoak parte hartu ahal izateko, ibilbidea laburra izango da, 6-7 urtetik gorako haurrentzat ere egokia. Irteeran parte hartu ahal izateko ez dago izenik eman beharrik, ondoren izango den babarrun janerako, ordea, bai. Izen-ematea Eteneta elkartean egingo da.
Nondik nora antolatzen duzue irteera hau?
J.U: Urtero legez, Eteneta eguna ospatzeko asmoa dugu aurten ere. Beste urte batzuetan, Besabitik abiatu eta Etenetako kromlechera iritsi izan gara. Buruntzan ere ibiliak gara, Leitzaranera ere egin izan dugu bidaia… Aurtengoan, betiko irteera egingo dugu Besabitik abiatuta. Besabitik Etenetara joan, tontorrean hamaiketakoa egingo dugu salda eta txorixoarekin eta dantzarako aukerarik ere izango da, txistularien eskutik erromeria antolatu baitugu.
Noiztik egiten duzue?
I: Duela lau urte hasi ginen irteera antolatzen, 2006az geroztik urtero egin izan dugu.
Jendearen erantzuna ona izan al da aurtengo ediziora arte?
J.: Jendearen erantzuna orokorrean nahiko ona izan da aurten arte. Jendea mendirako gehiago animatzen da bazkaltzeko baino. Lehenengo edizioan esaterako, 96 lagun elkartu ginen mendi-ibilaldia egiteko, ondoren bazkaltzera 60 bat pertsona inguru elkartu ginen. Azken urteotan 50 pertsonen bueltan ibiltzen gara. Ea jendea animatzen den, egun polita izaten baita.
Aurtengorako zer aurreikuspen egiten duzue, jendea animatuko ote da?
J.U: Aurtengo irteerarako ere jendea animatu nahiko genuke. Etxeko kide guztientzat egokia den ibilaldia da eta eguraldiak laguntzen badu ibilbide ederra da benetan. Aurten gainera bezperarako ere antolatu dugu ekintzarik.
Auzolana antolatu duzue bezperarako. Noiz elkartuko zarete eta nola berrituko duzue bide berria?
J.U: Horrelaxe da bai, Urnietan esaten den bezala, Araldia egingo dugu. Garai batean baserritarrak elkartzen omen ziren herri bideak eta etxe inguruetako lanak egiteko. Irailaren bigarren astean egiten zuten. Hasieran data horretan egitea pentsatu genuen baina, gure data mantentzea pentsatu dugu. Etenetako kromlecharen azpialdean bada bide bat Aranora eramaten duena. Nahiko gertu dago baino ez du loturarik. Lan erraza eta interesgarria iruditu zitzaigun, mairu baratzerako beste bide bat irekitzea. Adituek euren azterketak egin ondoren, egingarria dela adierazi ziguten eta hor joango gara lanera apirilaren 24an, goizeko 09:00tan Besabin elkartuta. Zutabeak eta seinalizaziorako beharrezko materiala eramango dugu eta animatzen den ororentzat aukera irekia geratzen da. Animatu! Lehen aldia izango da aurten auzolana egiten dugula, ea nobedadeak jendea erakartzen duen. Hau guztia aurrera eramateko Urnietako Udalaren eta Aldundiaren laguntza jaso dugu eta ezin da aipatu gabe utzi Luis Mari Zaldua aditua.
Irteeraren ondoren bazkaria izango da, zenbat lagun espero duzue?
J.U: Bai, mendi bueltaren ondoren bazkaria egingo dugu, helduentzat babarrun jatea prestatuko dugu eta etxeko txikienentzat ere izango da beraientzako moduko elikagairik. Izen-ematearen arabera jakingo dugu zenbat izango garen, ea urteroko kopurua behintzat biltzen garen.
Noiz arte luzatuko da izen ematea?
J.U: Izen-ematea aurreko asteazkenean hasi zen eta apirilaren 22a, osteguna izango da azken eguna. Elkartera etorrita egin daiteke, edo kartelean adierazitako telefonora ere dei liteke izena eman ahal izateko. Mendira joateko ez dago izenik eman beharrik, baina bazkarirako bai.