Irakurri, gozatu eta oparitu! kanpaina abiatu da eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 22a, 14:00

Andoaingo, Urnietako edota Aiztondoko Udal liburutegian maileguan harturiko euskarazko liburu bat irakurtzeagatik, beherapen txartela oparituko digute liburu berri bat erosteko, %25 merkeago.

Apirilaren 23tik uztailaren 24ra bitartean ekimen berria jarriko dute martxan Larramendi Kultur Bazkunak Andoainen eta Iñistorrak Urnietan. Euskarazko liburuen irakurzaletasuna sustatzeko, Irakurri, gozatu eta oparitu! kanpaina burutuko da. Beraz, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera hasiko da.

Liburuak erosteagatik
beherapenak

Ekimenaren koska ondokoa da: apirilaren 23tik uztailaren 24ra bitartean bi herrietako Udal liburutegi batean euskarazko liburu bat maileguan hartu eta irakurtzen duenari, berriz ere liburua Udal liburutegira itzultzen duenean orritxo bat eskainiko diote, bizpahiru galderarekin. Galdera horiei erantzuna eman eta liburuzainaren esku jarriz gero, liburuzainak txeke edo txartel bat emango dio, eta txeke horrekin herriko liburu-denda batean liburua erosi ahal izango du %25eko beherapenarekin. Erositako liburuak ere euskarazkoa behar du izan, jakina (beherapena %50ekoa izango da Larramendi Bazkuneko eta Iñistorrako elkarteko bazkideen kasuan).

Jarraitu beharrekoak
Kanpainan parte hartzeko, bidea erraza da:

  • 1    Udal liburutegian liburua hartu maileguan.
  • 2    Irakurri eta gozatu.
  • 3    Itzuli liburutegian eta eskainiko diguten galderen orritxoa bete.
  • 4    Beherapen-txekea eskuratu eta herriko liburudendaren batera joan, euskarazko liburu bat erostera.
  • 5    Liburu berria irakurri eta gozatu, edo nahiago baduzu zure adiskideren bati oparitu!


Bost pauso erraz horiek bete behar dira, besterik ez.

Adin mugarik ez
Ez dago adin mugarik. Hori bai, Udal liburutegian irakurritako liburua itzultzean emandako orritxoa betetzea ezinbesteko baldintza da txekea emango badigute. Irakurzaletasuna suspertzearekin batera antolatzaileen helburua liburuez gozatzeko eskura ditugun bi bide nagusiak jorratzea da: hots, Udal liburutegiaren mailegu zerbitzua ezagutzera ematea eta, zerbitzu hori baino liburua erosi nahi denerako, herriko liburu-dendak. Euskarazko liburu orotarako balia liteke ekimena, eskoletako testu liburuetarako izan ezik; alegia, eleberria, saiakera, olerkia, antzerkia, erreportaia, komikia..., edozein motatakoa izan liteke irakurri eta erosiko den liburua, beti ere euskaraz baldin bada.

Udal liburutegia eta herriko liburu-dendak
Ekimenean bi herrietako Udal liburutegiek esku hartuko dute, bertan eskatu behar baitira maileguan irakurri beharreko liburuak. Txeke edo beherapen txartelarekin liburuak erosteko garaian ondoko liburu-dendaren batera jo beharko da: Andoainen Delgado, Ernaitza edo Stop. Urnietan, Eder. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!