Pello Mari Otañoren arrastoaren atzetik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 20a, 11:39

Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarra zendu zela 100 urte betetzen direnean, haren oroimenezko ekintza mordoa antolatu du Teodoro Hernandorena kultur taldeak.  Maiatzaren 7an beteko da mendeurrena eta egun berezia izango da Zizurkilen, bertako Seme Kuttun izendatuko baitute Pello Mari.

Bideratu dituzuen ekintza guztien artean, Pello Mari Otañoren arnasa liburua izango da agian garrantzitsuenetakoa. Zein pauso eman dituzue lana gauzatzeko?
Aurrez Otañoren lan literarioa ederki aztertuta zegoenez, alderdi biografikoa garatzea erabaki genuen. Otañori bizitzea egokitu zitzaion garai hori landu dugu liburuan: Garai hartako Euskal Herrian eta Zizurkilen eman zituen urteak aztertuz eta baita Argentinakoak ere.
Aurrez argitaratutako lanetan  oinarritu eta artxiboetara joz, poliki ekin genion talde lanari. Gero, taldekide bat udan Argentinara joan zen eta, ia kasualitatez, Otañoren bilobetako bat ezagutu zuen: Txuri. Harreman estua egin eta gero, oso baliagarria izan da hangoen laguntza. Besteak beste, La Platako unibertsitatean oso euskal gune garrantzitsua dago. Tartean dira   Arrondo eta Pedro Mauregi ere, eta besteren artean, haien laguntza ere ezinbestekoa izan da.

Bertsoak baino pasarteak bildu dituzue liburuan. Zein helbururekin?
Garai hartako historia eta giroa ezagutzearekin batera, geuk ere liburutik ikastea izan da helburua. Izan ere, taldearen nahia, gure historia aztertu eta jendeari modu egokian ezagutaraztea izan dira hasieratik. Otañoren figura bere testuinguruan kokatu nahi izan dugu modu sakon, apal eta ulergarrian. Pasadizoren bat hobeto adierazteko soilik tartekatu ditugu bertsoak; gainerakoan, testuekin osatu dugu liburua. Baina esaterako, bertso horietako batzuk oso-osorik sartu ditugu. Orain jakin dugu azken urteak Pampako nekazariei sekulako sarraskiak egiten zizkien langosta plagen aurka lanean igaro zituela eta editore batek lan horren inguruan idazteko eskatu eta hainbat bertso idatzi zuela. Bertso haiek garai hartan argitaratu baziren ere, orain artean ez dira inolako bildumatan bildu. Oso bertso bereziak dira, azkena batez ere.

Hasieran zenuten asmoa luzatu egin omen zaizue…
Hasieran azterketa lan txiki bat egitea pentsatu genuen. Konturatzerako, ordea, ehun orrira ailegatu ginen eta 200 orri ondo pasatako liburua osatu dugu azkenerako. Guztira 1000 aleko tirada kaleratuko dugu eta interesa daukanak udaletxean jaso ahal izango du. Gure iritziz nahitaezkoa da liburuaren gaztelaniazko itzulpena egitea; ezinbesteko laguntza eskaini diguten lagun argentinarrek uler dezaten, bereziki. Udalari itzulpena gauza dadin ahalegintzea eskatzen diogu.

Irakurle guztiak ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Mendeurrenari lotutako egitaraua

  • Maiatzak 6, osteguna: Pello Mari Otañoren arnasa liburuaren aurkezpena.
  • Maiatzak 7, ostirala: Mendeurrenaren egunean Udal batzar berezia, Pello Mari Otaño Herriko Seme Kuttun izendatuz. Segidan, Otañoren omenezko ekitaldia. Ondoren, herri afaria Intxaur frontoian. Eñaut Agirre, Jexus Mari Irazu eta Sebastian Lizasok  Pello Mari Otañoren bizitzaren irudikapena egin eta bere bertsoak kantatuko dituzte.
  • Maiatzak 9, larunbata: Pello Mari Otañorekin lotutako ibilbidea, iturri nagusi izan diren Teodoro Mujika eta Joxe Iztuetak lagundua.
  • Maiatzak 12, asteazkena: Pello Mari Otañoren bertsogintza eta lan literarioari buruzko mahai-ingurua, herritarrei zuzendua.
  • Maiatzak 15, larunbata: Bertso jaialdia Intxaur pilotalekuan. Xabier Amuriza, Anjel Mari Peñagarikano, Amaia Agirre, Uxue Alberdi, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu.
  • Maiatzak 20, osteguna: Herriko hiru ikastetxeetako ikasleek Otañoren bizitza eta bertsoen emanaldia Intxaur pilotalekuan.
  • Ekainean zehar Argentinako La Platako unibertsitatean hitzaldia eta hilobian omenaldia.
TEODORO MUJIKA, BERTSOLARI HANDIAZ
Teodoro Mujika zizurkildar bertsolariak garai bateko eskualdeko bertsolarien berri ederki ezagutzen du, baita Pello Mari Otaño zena ere.


Aita Zabalak Otañoren inguruko bi liburukiak atera aurretik, asko etortzen zen gure etxera; makina bat orduz aritu ginen liburu hura osatzeko lanean hemen”. Mujikak, besteak beste, Errekaldeko intxaurraren itzala liburuan bilduma lan polita egin zuen eskualdeko bertsolarien berri bilduz. “Bertsolaria baino lardaskaria naiz ni. Kantatu baino idatzi egin ditut bertsoak gehiago, baita bildu ere. Liburuaren izenburua Otañoren jaiotetxeko zuhaitzetik hartu nuen, gerora usteldu eta haizeak bota zuena. Aita Zabalak proposatu zidan izen hori jartzea”.
Mujikaren ustean oso bertsolari ona zen Otaño, eta olerkari bezala oraindik hobea. “Otañoren familia guztiarentzat gaitzaren modukoa zen bertsoa; gehienak bertsolariak ziren”. Idatzi egiten zuen kantatu baino gehiago; “nire antzera, eztarri ahula zuen kantatzeko. Bertsolari eta poeta handia izan zen, ikusi egin behar da bere aberastasuna! Oso hizkuntza samurra eta ederra zuen. Aparta. Sukaldeko hizkuntza goxoa Errekalden zen. Garai batean, haurrak euskaraz ikastera eskolara eraman beharrean ‘bidal itzazue Errekaldera, han ikasiko dute hitz egiten’, esaten zen”.
Otañoren bizimoduari buruz orain artean gauza gutxi ezagutzen zela azaldu du, Ameriketan egin zituelako bere bizitzako urterik gehienak. “Errekalden jaio zen eta bizpahiru urte zituela, Karidadeko Benta etxea egin zuen familiak. Han bizitu eta gaztetxo zela, Donostiara joan ziren. 18 urterekin abiatu zen Ameriketara lehenengoz. Geroztik, hiru bider etorri zen bisitan”.

Amari bertsoak
Otañoren inguruan zer azpimarratuko lukeen galdetutakoan, Pello Mariren ama etorri zaio gogora,“izugarrizko meritua zuen emakume hark. Bederatzi seme-alaba izan zituen eta 52 urte zituela hil zen, perlesiak jo eta gero”. Itxaropena argitaletxeak Pello Mari Otañoren bertsoekin osatuta kaleratu zuen Kuliska sorta liburua berezia da Teodororentzat, “hemen dago mamia, harrigarria da. Anjel Mari Peñagarikanok perla zoragarria esaten dio liburuxka honi”. Teodoro Mujikak, liburuan amari eskainitako bertso hauek aukeratu ditu beste askoren artean:

Amatxo laztana
Seme maite bat bere
Amaren onduan,
Anbat ez da oroitzen
Zeñekin daguan;
Argandik urrutira
Joaten dan orduban,
Gogoratzen da, amak
Zer baliyo duban.

Ama, aita, lagunak,
Erri maitatuba,
¿Aiñ nago zuengandik
Urrutiratuba!
Eri daukat biyotza
Penaz nekatuba,
Eta falta zait emen
Zeñek sendatuba.

Ama, ona seme bat
Urrutira joana,
Ama gabe iñola
Ezin bizi dana;
Ama, zuk badakizu
Maite zaitudana
Ama, barka zaidazu,
¡Amatxo laztana!

 

Otañori omenaldi bat baino gehiago eskaini zaiola gogoratu du Teodorok, “oraingo hau laugarrena eta berezia izango da”. Hala ere, halako omenaldiak pertsona hil baino lehen egitea egokiagoa dela uste du.

Marianjeles Lazkano, Zizurkilgo alkatea
“Zizurkil eta Otañoren arteko lotura oso estua da”

Pello Mari Otañoren mendeurreneko omenaldian Udalak ere parte hartzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Elkarlan horretan gure parte hartzea maiatzaren 7ko batzarrean Pello Mari Otaño herriko seme kuttun izendatzea litzateke. Horretarako ordenantza bat egin dugu, aurrez ez baikeneukan antzeko egitasmoetarako oinarririk. Bestalde, aurtengo Maiatza Saltsan ekimeneko ekitaldi guztiak Otañoren inguruan izango dira. Mendeurrenaren antolakuntza taldeak dinamika, borondate eta lanerako gogo handia dauka eta ekintza politak ez ezik, oso ondo aterako direla iruditzen zait. Argentinatik ere senitartekoak etorriko dira eta udaletxea aztertzen ari da ekainean Argentinan egingo diren ekitaldietara Zizurkildik ordezkariren bat bidaltzea.
Helduek bezala haurrek ere bat egingo dute Otañoren mendeurrenarekin. Herrian badugu bere izena duen eskola ere eta haurrek ekitaldian parte hartzea nahi dugu, Pello Mariren lana ezagut dezaten. Egia esan, Otañok beti gorde izan du izena Zizurkilen; izen hori ez zen sekula galdu, ezta Donostiara nahiz Argentinara bizitzera joan zenean ere. Bere irudia eta jaioterria oso loturik mantendu dira beti eta aurrez egin izan zaizkion omenaldietan ere, beti hartu dute parte zizurkildarrek. Zizurkil eta Otañoren arteko lotura oso estua da.

OTAÑOREN OMDORENGO ZIZURKILDARRAK
Pello Mari Otañoren ondorengo zizurkildarrek bihotzean gordeta dute haren irudia.
Aitaren nahiz amaren aldeko senideek hitz goxoak izan dituzte:

Joxe Iztueta eta Arantza Iparragirre
Zizurkilgo Arguitz baserrian jaio zen Joxe, gerora, Arantzarekin ezkondu eta egun Amasa-Villabonan bizi dena. Joxeren amona, aitaren aldetik, Pello Mari Otañoren lehengusu propioa zen. “Aitak Ameriketatik etorri zen aldiren batean ezagutu zuen eta kontu asko entzuten genion Pello Mariren inguruan”. Jexux aitak askotan kontatzen zuen pasartea azaldu du bikoteak, “Pello Mari etorri zen batean, Santio ingurua izanagatik, gabana jantzita etorri omen zen. Hemen beroa egiten zuen eta geltokira Adriana lehengusua bila joan zitzaionean, ‘motel, kendu ezak gabana hori, bero egiten du eta’, esan omen zion. Hark, ‘gabana hau erantziz gero, zer naizela uste den ba’, erantzun. Oso eskasa eta ahulduta etorri omen zen eta bere burua estaltzeko jantzi zuen txamarra luzea”. Ameriketan lan ezberdinak egitea egokitu zitzaion; “alanbradore, perratzaile, artzain… Itxuraz, eskolak ematen ere aritu zen, oso bizkorra baitzen. Euskara dotorea zuen, errekaldetarrak oso hiztun onak zirela esaten zuen gure aitak”. Bertsolari bezala ere paregabea zela aitortu dute. Gaztetxotan, Otañoren bertso asko ikasi zuen Joxek, “abestu ere asko egiten nituen. Pello Marik ez zuen ahots onik eta ez zuen askorik abesten, ‘Kattarro’ deitzen zioten”.
Joxe eta Arantza sei hilabetez bildu dira hilean behin Zizurkilgo talde antolatzailearekin. “Ekitaldi ederrak izango dira, gogoan edukitzeko modukoak. Ospakizun horiek guztiak merezi zituen Otañok. Batek baino gehiagok esaten zuen ez zitzaiola Ameriketara joaten utzi behar, hemen behar zirela halako pertsonak. Hala tokatu zen, ordea: beraiek liberalak ziren eta hemen karlisten gerra sortu zenean soldadu ez joateagatik alde egin zuela esaten da. Herrimin izugarria erakutsi zuen beti bertsoetan”. Senar-emaztea oso esker oneko agertu da Teodoro Hernandorena kultur taldeko kideekin, “ izugarrizko lana egin dute eta gu oso pozik gaude haiek guztiekin. Gogotik saiatu dira”.

Juana Mari Arruti Barriola

Iragorri baserrian hazi eta Plazaetxeberrira ezkondu zen Juana Mari, amaren aldetik da Pello Mariren senitarteko. “Pello Mari eta amaren aldeko aitona lehengusu propioak ziren. Ondorioz, Pello Mariren alabak eta gure ama lehengusu txikiak. Laster etorriko diren Pello Mariren biloba Txuri eta Amelia, berriz, lehengusu txikien hurrengoak dira guretzat. Deseatzen nago noiz etorriko, ateak ireki eta garai batean izan genuen harremanari berriz heltzeko”.
Plazaetxeberri etxea barriolatarrena izan da ia beti, “gerra ondorenean barriolatar batek maizter bati saldu zion etxearen erdia. Gerora guk etxearen erdia familiatik jaso eta beste erdia erosi egin genuen. Izugarri maite dut etxe hau, bere etxola eta baratzearekin lotuta”. Pello Mariren izeba Juanak taberna eta denda izan zituen garai batean bertan. “Denetarik izaten omen zuen, alpargatak egiten zituen. Oso emakume eskuzabala zela entzun izan dut eta gu ere saiatu gara hortik ikasten”.  Herrian Pello Mariren irudia hain maitea izatea harrigarri egiten zaio barriolatarrari, “zaila da horrenbeste urte hilda dagoen pertsonak horrelako arrastoa nola utzi zuen ulertzea”. Joana Marik bihotzean gordetzen ditu arbasoak eta Pello Mari bereziki. “Euskara eta bertsoak amarekin lotzen zituela iruditzen zait niri. Neronek ere amaren pare maite dut gizon hau”.
Lehen egindako lanez gain, Teodoro Hernandorena taldeko kideek datu berriak atera izana benetan pozgarria zaio Plazaetxeberrikoari, “besteak beste, Txuri bilobaren laguntzaz, La Platako hilerrian Pello Mariren hilobia aurkitu dute, orain artean Rosarion lurperatuta zegoela uste zenean”. Ekimenak abizenaren jatorria ezagutzen lagundu diela aitortu du, “amaren abizena atzendu egiten denez, Pello Mari, Otaño abizenarekin lotu izan baita orain artean beti. Eskerrak eman nahi dizkiet Teodoro Hernandorena taldeko kideei. Egin dutena ez dago ordaintzerik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!