Jose Ramon Amondarain margolaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 20a, 11:15

Jose Ramon Amondarain andoaindarra arte garaikidearen munduan murgilduta dabil gaztetandik. Ergobiako bere arte estudioan eman du bere ibilbidearen berri.

Nolatan murgildu zinen arte munduan?
Beti esaten dut inbidiagatik hasi nintzela. Nire aitak oso esku ona zuen; egur tailak eta margolanak egiten zituen. Margo haiek bezalakoak egin nahi nituen neronek ere, eta horregatik hasi nintzen margotzen. Ume-umetan ez nuen oso esku ona, baina hamar urte inguru nituenean asko marrazten hasi nintzen, denbora asko pasatzen nuen horretan. Geroztik, ez dut besterik egin; horretatik bizi naiz.

Artean lan egiteko, beharrezkoa al da Arte Ederrak ikastea?
Nik hala gomendatzen diet gazteei. Egia esan, Bilboko fakultatera karrera ikastera joan eta astebetera, uzteko asmoa izan nuen; nik uste nuen hara joan eta jenio pila bat aurkituko nuela, baina ez zen horrelakorik gertatu. Artearen ideia erromantikoa eta bokazioa banituen, baina ez nekien ezertxo ere artearen inguruan. Karrera amaitu ondoren, argi daukat merezi izan zuela. Irakasle on bakar batek erakuts dezakeenak bakarrik, guztia konpentsatzen du. Gainera, mundu berdinean dabilen jendearekin harremanetan egoteko aukera ematen dizu karrerak eta horrek, arte garaikidea ulertzen laguntzen dizu.

Nolakoak izan ziren arte munduan emandako lehen pausoak?
Ez ziren errazak izan, baina egia esan nahiko zorte ona izan nuen. Askotan ibili izan naiz diruz estu samar, baina beti sortu zait irteeraren bat itotzerainoko egoerara iritsi aurretik. Lehiaketak, bekak, erakusketak…, artetik bizitzea lortu dut eta hori izugarrizko zortea da niretzat. Nire belaunaldikook Artelekun lan egiteko aukera izan genuen gaztetan. Mugimendu handia zegoen Artelekuren inguruan; lanerako eta ikasteko gogo handia. Oso aberasgarria izan zen hura nire adin inguruko jendearentzat. Ziurrenik, Arteleku gabe, ez ginateke izango orain garena.
Nahi dudana, gehien gustatzen zaidana egiten pasatzen dut eguna eta hori ezin da diruz ordaindu. Hasi nintzenean oso zaila ikusten nuen honetatik bizitzeko aukera edukitzea. Dagoeneko 46 urte ditut, baita familia ere, eta orain arte ez dut inoiz lanbidez aldatu beharrik izan.

Artista batentzat, beharrekoa al da kanpora ateratzea?
Hori norberak ikusi behar du. Lanerako, nik neronek ez dut kanpora joateko beharrik sentitu. Lanean ari naizenean margotzen pasatzen dut eguna eta hori berdin-berdin egin dezaket Madrilen, Japonen edo Berlinen. Ez dut gehiegi ikasten tokietatik. Beste alde batetik, artea ikusteko eskaintza zabalagoa izan daiteke Berlin, Londres edo beste hiri batzuetan baina horretarako, nahikoa da hegazkina hartu eta egun pare bat han pasatzea.

Margolanak egiten dituzu batik bat. Nola definituko zenuke zure lana?
Oso zaila da arte garaikidearen definizioa egitea. Antzina, pintura oso gauza zehatza zen, diziplina itxi bat. Margolariak bazuen bere testuingurua: lientzoa, papera, tela, oleoa, tinta, arkatzak... Muga horiek ito egin zuten pintura eta aurrera jarraitzeko, mugak hautsi egin ziren. Adibide baten bidez azaltze aldera; Koldo Mitxelenan egindako erakusketa batean argazkigintza eta pintura nahasten nituen. Cindy Sherman argazkilariaren txuri-beltzeko argazkiak bildu eta margotu egin nituen, koloreak asmatuz. Margolan horiek ordenagailuan sartu, margoaren arrastoa kendu, eta argazki bihurtu nituen berriro ere. Argazki izatetik argazki izatera itzuli ziren, baina pinturatik pasata. Ikusleari zerbait kontatzea baino, pinturaz beraz hitz egitea zen helburua. Kontrakoa ere egin izan dut: pintura ezkutatu, irudi bat erakusteko. Gauzak nola ikusten diren garrantzitsua da niretzat: pintura eta ikustearen arteko zerbait bilatzen dut.

Nolakoa da artelan bat sortzeko prozesua?
Oso garrantzitsua da lanerako modu egokia bilatzea; bestela, noraezean geratzeko arriskua izaten dugu. Nire lanerako modua etengabeko bilaketa  da. Collageak egin, materialak nahastu, letrekin jolastu…, bide ezberdinak irekitzen ditut etengabe, eta sortzen ditudan elementuak estudioan barrena uzten ditut, haziak balira bezala. Ez dut zehatz-mehatz jakiten hazi horiek zertan bilakatuko diren, baina hortxe egoten dira, bilakaeraren zain. Zerbaitetan lanean ari naizenean, egiten ari naizen horrek garrantzia galtzen du niretzat; egindakoa egina dago, zerbait da eta hor dago. Garrantzitsuagoa da egiteko daukazuna, bilatuko duzuna, zure zain dagoena.

Zein material erabiltzen duzu gehienbat?
Interesatzen zaidanaren arabera, erakutsi edo bilatu nahi dudanaren arabera aldatzen joaten naiz, mugarik gabe. Pintura fisifikatu ere egin izan dut: pintura geruzak pilatzen joanda sortutako formak egin ditut.
Collagea egitea ere gustatzen zait. Lanerako modu azkarra da eta oso erabilgarria; pentsatzen laguntzen du. Bi elementu elkartzen dituzun momentuan beste gauza ezberdin bat sortzen da. Gauza berri hori norbaiti ikustaraztea oso interesgarria da.

Andoaindarra izanik, zer iruditzen zaizu Bastero Kulturgunearen erakusketa eskaintza?
Programazio txukuna antolatzen dela esango nuke. Ez ditut Basteroko barrenak ezagutzen, baina pentsa dezaket ez dutela dirutza handiegirik izango gauza horiek antolatzeko. Basterok herriko kultur mugimenduaren zatirik handiena biltzen du bere baitan eta hori oso garrantzitsua da.

Nola ikusten duzu artista gazteen egoera?
Oso egoera zaila dutela esango nuke. Oso zaila da zirkuituan sartzea. Galeriek ez dute gazteen aldeko apusturik egiten. Azken urteotan, galeria izatetik arte objetuak saltzen dituen denda izatera pasa dira. Guztiek esaten dute artearekin konpromisoa badutela, baina jende ezagunaren artelanak besterik ez dituzte nahi eta gazteek ez dute irteerik bilatzen. Merkatuaren legeak agintzen du. Hala ere, abantaila nagusi bat dute gazteek eurekin: etorkizun guztia dutela aurretik. Denbora gutxian gauzak asko alda daitezke, batek daki.

Kaleko jendeak ulertzen al du arte garaikidea?
Orokorrean ez. Jendeari ez zaio interesatzen eta jarrera ezkorrarekin sartzen dira erakusketak ikustera. Arte garaikidea ez da erraza, ez da kontsumo azkarreko produktua eta jendeak ez du zailtasunik nahi. Artea egiten dugunean ikuslearekiko konpromisoa dugu, berarentzat egiten dugu; baina ezin diogu gure arteari balioa kendu errazagoa egiteko. Beharrezkoa da artearen kultura sortzea.
Orokorrean, jendeak uste du artistok gauzak egiten ditugula, artelanak egitea dela gure helburua. Baina ez da horrela. Nik pentsatu egiten dut eta gogoeta hori gauza fisiko bihurtzen dut, baina gauza bera ez da helburua. Horregatik guk ez diogu horrenbesteko garrantziarik ematen egindako gauzari. Nire margolanik onena iristeko dagoela sinisten dut: egindakoa egina dago eta ez du bueltarik; onena beti dago etortzeko.

SOSLAIA
  • Jaioterria: Andoain
  • Ikasketak: Arte Ederrak Bilboko fakultatean.
  • Lanbidea: Margolaria, arte garaikidea
  • Arte estudioa: Ergobia, Astigarraga.
  • Bere lanak ikusgai: Artium (Gasteiz), Reina Sofia museoa (Madril), Marcelino Botín fundazioa (Santander), La Caixa fundazioa (erakusketa ibiltaria), Peter Stuyvesant Foundation (Amsterdam), etab.
  • Hurrengo lanak: Bilboko Alondegiaren inaugurazio ekitaldirako lana.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!