Euskararen alde lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 20a, 11:07

Nora Urbizu, Usoa Elustondo etaXabat Laborde Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide dira Amasa-Villabonan. Euskararekiko euren ikuspegia eta asmoen berri eman dute.

Azalduko al diguzue taldearen sorreraren nondik norakoa?
Xabat Laborde:
Duela pare bat urte sortu genuen taldea herrian. Hasieran bi lagun genbiltzan, baina neroni ere kanpoan ari nintzen ikasten eta ez genuen gauza gehiegirik egiten. EHEko kanpainak herrian islatzen saiatzen ginen, baina denboraz larri genbiltzanez, herriari begirako ekimenik martxan jartzeko gai ez ginen ikusten. Gure nahia taldera jende gehiago biltzea zen eta antolatu genuen hitzaldi baten harira animatu ziren Usoa eta Nora ere.

Azken urtean, hainbat ekintza burutu duzue…
Usoa Elustondo:
Euskararen inguruan biltzen garela herritarrei ohartarazteko hainbat ekintza egin dugu. Tartean, Garagardo Azokan esku-orriak banatu genituen aurkezpen modura. Santio jaietan Koadrilen egunean jolas bitxia burutu genuen Etxe-Ondon.
X.L.: Jaietako azken eguneko kontzertuekin batera ere hainbat ekintza aurreikusita geneukan jaia eta euskararen aldarrikapena uztartuz, baina egun hartako gertaeren ondorioz, bertan behera utzi genuen asmoa. Egun hartan hasitako graffitia azaroan amaitu genuen, hamaiketakoa eginez.
Nora Urbizu: Garagardo Azokan erantzun ona izan zuen esku-orriak. Gero ez zen inor animatu bileretan parte hartzera, baina jendeak informazio hura gustura hartu zuela uste dut.

Nola ikusten duzue euskararen presentzia eta erabilera Amasa-Villabonan?
N.U.:
Nik behintzat EHEn hasteko erabakia hartu nuenean nahiko triste ikusten nuen egoera. Herrian gehiago egin eta eska zitekeela iruditzen zitzaidan, eta ez euskaldun berrien artean bereziki. Gure artean euskararekiko ilusio falta sumatzen genuen.
U.E.: Lehen euskararekiko kontzientzia handiagoa zegoela uste dut, orain galdu egin dena. Garai batean euskararen alde izugarrizko festak egiten ziren, beharra ikusten zelako. Gizarteko testuingurua ezberdina izango zen, baina zerbaitek aurrera egin dezan indarra izatea polita eta beharrezkoa da.
X. L.: Lehen zegoen euskararen aldeko grina galdu egin da jendearen artean. Kontzientzia falta izugarria dago, gazte jendearen artean batik bat. Gure adineko jende euskaldun askok, txiki-txikitatik euskaraz ikasi duenak ere, oso erraz jotzen du gaztelaniara. Datuetan argi ikusten da hori: Villabonako kale erabilera %42koa da eta euskaldunen kopurua %67a.

Deiren bat egingo al zeniekete herritarrei gai hori dela eta?
N.U.:
Erabilera dela eta, dudarik gabe, euskaraz hitz egiteko gonbitea. Bestalde, gu bezala jende gehiagok sentimendu berdina izango du eta taldean parte hartzeko edota ideia berriak proposatzeko deia ere luzatuko genieke. Herri mailan mugimendua  sortzea gustatuko litzaiguke.
X.L.: Euskara erabiltzen den zonalde batean bizi garen arren, euskararen egoera ez dela beharko lukeena jabetzea nahiko genuke jendea. Euskara hizkuntza gutxitua da eta oraindik ere lan handia dago euskararen balizko normalizaziora iristeko. Orain gainera, politikoki ere euskararen normalizazioaren aurka doazen neurriak hartzen ari dira. Ondorioz, hezkuntza mailan lan handia egin den arren, jendeak ez dezala pentsa dena eginda dagoenik.
U.E.: Nik kontzientzia azpimarratuko nuke behin eta berriz, euskaraz hitz egitea bigarren mailako gaitzat hartzen baita egun. Kontzientzia hori bultzatzeko, euskararen aldeko jaia antolatu dugu maiatzaren 8an.

MAIATZAK 8, LARUNBATA
Euskararen alde, egun osoko jaia

  • Diana buruhandi eta erraldoiekin.
  • Haur krosa (eurek marraztutako petoekin).
  • Oinkari eta Loatzo taldeen emanaldia.
  • Zunbeltz elkarteak prestatutako bazkaria Amaia Agirre, Unai Muñoa, Ainhoa Agirreazaldegi eta Ander Lizarralde bertsolariekin. Gai-jartzailea: Iker Iriarte.
  • Poteo-kalejira.
  • Afaria Onddo Gazte Asanbladaren eskutik.
  • Kantuki taldearen dantzaldia.

“Herritik herrira eginiko festa antolatu dugu eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu. Mila esker egun hori antolatzen lagundu diguzuen talde, elkarte eta ikastetxe guztiei”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!