Herriarteko pilota txapelketa abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 20a, 11:03

Hasi berri da oihartzun handia hartu ohi duen Gipuzkoako Herriarteko esku pilota txapelketa. Amasa-Vilabonako taldea ere tartean da, beste talde ugarirekin batera.

Kadete, jubenil eta nagusien mailan jokatzen den Herriarteko pilota txapelketak aurtengo lehen pausoak eman ditu. Amasa-Villabonako taldeari Albizturko taldearen aurka egokitu zitzaion joaneko lehen partidak jokatzea. Apirilaren 16an Behar-Zana pilotalekuan aritu ziren; gustura, partida bakarra irabaztea lortu bazuten ere. Kadeteek galdu egin zuten (5-22), jubenilek irabazi (22-2) eta nagusiek ere galdu (9-22). Itzuliko partidak apirilaren 25ean jokatuko dira Albizturko pilotalekuan, 11:00tatik aurrera.
Une honetan Amasa-Villabonan eskuz jolasten duten pilotariak ondorengo hauexek dira: Kadeteen taldean Iñaki Otaegi 'Gibitegi', Ander Nazabal, Mikel Otaño eta Aitor Ormazabal 'Artzaia'. Herriarteko lehen buruz burukoan azken bi pilotariek hartu zuten parte. Jubenilen artean, Kepa Nazabal, Asier Arrue eta Beñat Carrera biltzen dira, azken biek jokatu zutelarik lehen partidan. Nagusien mailan, berriz, Arkaitz Arretxe eta Iñaki Lizaso.

Aurten bai
Amasa-Villabonako taldeak ez zuen iazko edizioan parte hartu, baina aurrez aritu izan da Herriartekoan, “beti nahiko larri ibili izan gara taldea osatzeko. Beste herri batzuetan bezala ezin izan dugu kategoria bakoitzean, -bere aurrelari eta atzelariekin-, taldea ondo osatu. Ahal den bezala atera izan gara”. Aurten berriz ere parte hartzea erabaki dute eta lehen kanporaketan arerio gogorrak egokitu bazaizkie ere, ahalegindu egingo direla adierazi du Iñaki Lizaso pilotariak. “Albizturren aurka jokatzea egokitu zaigu, talde benetan gogorra. Baina ahalegina egingo dugu guk ere: kadeteetan eta jubeniletan maila polita daukagu, seniorretan egiten dugu huts; izan ere, Arkaitz eta biok aurrelariak baikara. Zaila izango da itzulikoetan aurrera egitea, baina oraindik ez dago dena galduta”. Kategoriak ez, herria hartzen da kontuan Herriarteko txapelketan; partida gehien irabazten dituen taldeak egiten du aurrera, beraz. Animo bigarren bueltan!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!