Oinarrizko sukaldaritza erakusten dut, gauza berriak egiten erakutsi nahi dut, baina zailtasun handiegirik gabe. Ostegun arratsaldetan, bi orduz aritzen gara sukaldean eta bi ordu horietan hiru plater ezberdin prestatzen erakusten diet. Esaterako, lehendabiziko klasean entsalada berezi bat egin genuen, egiteko erraza, baina aldi berean ezberdina. Horrez gain, arrainentzako saltsa bereziren bat ere egin genuen eta amaitzeko, gazta tarta egiteko modu ezberdinak ere azaldu nizkien; bai labea erabiliz, baita laberik gabe ere. Ikastaroa aurreratzen doan heinean, jendearen eskaerei ere erantzungo diet. Plater bereziren bat prestatzen ikasi nahi badute, azken asteetan izango dugu horretarako tartea.
Nola antolatzen zara sukaldean aritzearekin batera azalpenak emateko?
Lizardi etxeko sukaldea nahiko txikia denez, taldeari bizkarra emanez aritu beharra izaten dut sukaldean, horregatik, astero bi pertsona niri laguntzen aritzen dira. Bi ikasle horiek bertatik bertara ikusten dute egiten dudana eta gainerakoek, azalpenak entzuten dituzte. Bi taldekideek, prestatutako platerak etxera eramateko aukera izaten dute emandako laguntzaren truke. Astero txandatuz joango gara, guztiek aukera berdinak izan ditzaten.
Zein da ikastaroaren helburu nagusia?
Ikastaroaren helburu nagusiak elkarrekin sukaldean aritzea, guztiok ikastea eta ondo pasatzea izango dira. Norbaitek izena eman nahiko balu, zabalik dauka horretarako aukera, nahiz eta ikastaroa hasita dagoen. Nire erronka nagusia, berriz, gauzak ahal den eta modurik garbienean azaltzea da. Askotan, sukaldariok badakigu plater bat noiz dagoen labetik ateratzeko puntuan, baina ez dakigu besteei azaltzen puntu hori nola harrapatu.
Nola sortu zen ikastaroa emateko aukera?
Oso modu naturalean sortu zen. Nazioarteko Emakumeen Egunean Asteasuko emakume talde bat Olentzo jatetxera etorri ohi da bazkaltzera. Ainhoa Etxabe Kultur teknikaria ere bertan zen eta hizketan ari ginela, ikastaro bat antolatzearen aukera aipatu genuen. Niretzako esperientzia berria izango da. Egunerokotasunetik atera eta gauza ezberdinak egiteko aukera izatea oso aberasgaria denez berehala animatu nintzen.
Nola eta noiz murgildu zinen sukaldaritzan?
Mundu horretara bideratu nituen ikasketak eta ondoren, praktikak egin nituen hainbat jatetxetan: Akelarre, Hidalgo, Casa Tiburcio, Mendizorrotz... Hemendik kanpora ere ibili izan naiz lanean; Katalunian esaterako. 1998an hasi nintzen lanean Olentzo jatetxean eta duela bi urte nik hartu nuen bertako martxa Izaskun Gurrutxaga emaztearekin batera. Sukaldaritzan ez da inoiz ikasteaz bukatzen. Ikastaro ezberdinak egin izan ditut, beti dagoelako zer ikasia. Plater berdina hogei modu ezberdinetan presta dezakezu, eta guztiak oso goxoak. Asko ikasten da jendearekin hitz egiten, ideiak berritzen laguntzen dizu eta hori etengabeko prozesua da. Ziur nago Asteasuko ikastaro honetan ere asko ikasiko dudala.
Nolako sukaldaritza eskaintzen duzue Olentzo jatetxean?
Sukalde tradizionala egiten dugu batik bat, gure bezero gehienek hori eskatzen dutelako. Eguneroko menuekin lan handia egiten dugu eta asteburuetan familia osoak etortzen dira, umeekin. Orokorrean, hona etortzen denak ez du berrikuntza handiegirik nahi izaten. Hala ere, beti saiatzen gara aukeren artean gauza berezixeagoak ere sartzen.
SUKALDARITZA IKASTAROA
- Irakaslea: Javi Penas.
- Non: Lizardi etxeko sukaldean.
- Noiz: Ostegunetan, 14:30etatik 16:30etara.
- Iraupena: Apirilaren 15ean hasita, hamar astez.