Gorostidi Harria, igandean

Igandean, arratsaldeko 18:00etan, hasiko da Gorostidi Harria herri kirol jaialdia. Joxe Mari Mendizabal zenari omenaldia egiteko baliatuko dute herri kirol saioa. Iñaki Gorostidik eman ditu antolatutako jaialdiaren inguruko zehaztasunak.

Nolako froga ikusiko du apirilaren 25ean Adunara hurbiltzen denak?
Aurten berrikuntza nagusi bat ekarriko du jaialdiak. Orain arte, 185 kiloko harri zilindrikoa izaten zen protagonista, baina azken edizioetan jende gutxi animatu da harri hori altxatzera eta aurten, aldatzea erabaki dugu. 150 kilokoa erabiliko dugu lehia nagusirako. Harrijasotzaile izan nintzen garaian, 23 altxaldi eman nizkion harri hari esku bakarrez, ordu erdiko saioan. Harrijasotzaileak bi taldetan banatuta arituko dira; 80 kilotik beherakoek bi eskuekin egingo dituzte altxaldiak eta pisu horretatik gorakoek esku bakarrarekin.

Zein harrijasotzaile gerturatuko da Adunako saiora?
Laurogei kiloz azpikoen artean, Telleria anaiak eta Urrutia etorriko dira eta laurogei kilotik gorakoen artean, Irigoien eta Ostolaza. Bakoitza bere mailan lehiatuko da, baina sari bereziak ere jarri dira; batetik, laurogei kilotik behera pisatu eta 150 kilokoa esku bakarraz altxatzen duenari eta bestetik, laurogei kilotik gorakoek 185 kilokoari altxaldi bakarra emateagatik ere sari berezia jasoko dute.

Harrijasotzaileen lanaz gain, beste hainbat bereizgarri ere izango du aurtengo jaialdiak…
Aizkolarien lanaz gozatzeko aukera izango da. Olasagasti eta Azurmendi gerturatuko dira. Olasagastik zutika jarritako kanako enborra ebakiko du eta Azurmendik, berriz, tamaina berekoa baina etzanda jarrita. Txingak ere plazan jarriko dira, froga egin nahi duten guztientzat. 75 kiloko txinga bereziak daude Adunan eta horiexek eramango ditugu pilotalekura. Sariak ere prestatu ditugu.

Joxe Mari Mendizabal zenari omenaldia egingo diozue apirilaren 25eko saioan. Nolakoa izango da ekitaldia?
Omenaldi xumea egingo diogu. Minutuko isilunea gordeko da eta bere argazkiaren ondoan lore sorta jarriko dugu. Aurrerago herri mailako omenaldi handiagoa antolatzeko asmoa badago, baina Gorostidi Harria ekitaldian ere gogoan eduki nahi izan dugu. Aurreko bi ediziotan parte hartu  zuen eta aurten ere Olasagastirekin batera etortzekoa zen. Hamabost urte zituenean bere familiarekin batera Villabonara joan zen bizitzera, baina Aduna oso maitea zuen eta egokia iruditu zaigu omenalditxoa egitea.

Urtetik urtera indarra hartzen ari den ekitaldia da Gorostidi Harria.
Baditu bere berezitasunak; esaterako, harriak Uztartza tabernan jartzen ditugu ikusgai, parte hartzaileek eta zaletuek ikusteko aukera izan dezaten. Gainera, sarrera dohakoa da eta horrek ere jendea erakarri egiten du. Muxkil elkarteak antolatzen du ekitaldia eta helburua ez da etekin ekonomikoa lortzea, borondatea eskatzen zaio jendeari, besterik ez. Udalak, Kelsen fabrikak eta Aranburu aseguru etxeak diruz laguntzen dute ekitaldia eta eskerrak eman behar zaizkie.


Joxe Mari Mendizabalen omenez
Martxoaren 28ak albiste beltza ekarri zuen; Joxe Mari Mendizabal adunarra zendu zen Olasagastiren aurkako apustuaren ondoren. Marka handiak egin zituen Mendizabalek herri kirol munduan. Harria jasotzen eman zituen lehen pausoak: “200 kiloko harri kubikoa altxatzen lehendabizikoa izan zen. Garai hartan ni ere harria jasotzen nenbilen eta askotan egokitu zitzaigun plazetan elkarrekin aritzea. Omenaldi polita egingo diogu apirilaren 25ean”, azaldu du Iñaki Gorostidik. 
Hogeita hamar urterekin hasi zen aizkoran eta kirol horretan ere marka handiak egin zituen: “Kanako enborra ebakitzen berak jarritako marka ez du inork hautsi oraindik. Aizkolari handia izan da”.
Goian bego.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!