Irakurketa sustatzea helburu
Egitasmoaren helbururik nagusiena irakurketa sustatzea da eta Topaguneako kide diren elkarteek euskararen erabilera gozagarria bultzatu nahi dute. Diotenez, “egitasmo honek, kulturak eman dezakeen plazeraren aldarrikapena egiten du eta euskara bihurtzen du bi kontzeptu horien arteko lokarri”. Egitasmoaren beste helburu nagusietako bat Topaguneako bazkide diren herri eta auzoetako euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea litzateke. Gainera, elkarlana ere helburu nagusietako bat da, “zentzu horretan, ekimenean parte hartuko duten guztien arteko harremana bultzatu eta zainduko da”. Euskal idazleek sortzen jarrai dezaten sustatzeko nahiz liburuen ekoizpena eta salmenta areagotzeko antzeko egitasmoak nahitaezkoak direla jakinarazi dute Topaguneako kideek.
Pausoz pauso
Oso erraza eta erakargarria da ekimen berri honetan parte hartzea. Pauso gutxi batzuk besterik ez dira bete behar:
- Udal liburutegiko euskarazko edozein liburu maileguan hartu eta irakurri.
- Liburua itzultzerakoan, liburuzainak emandako fitxa-orria bete liburuaren inguruko hainbat galderari erantzunez. Txikienen kasuan guraso edo laguntzaile helduak bete beharko du.
- Fitxa-orria betetakoan, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari. Txeke horrekin %25eko deskontua egingo diote euskarazko libururen bat egitasmoan parte hartzen duen liburu-dendaren batean erosterakoan.
- Kasu honetan, Larramendi Bazkuneko bazkide direnek %25a beharrean, %50eko beherapena izango dute euskarazko liburua erosterakoan. Horretarako, noski, bazkide txartela erakutsi beharko zaio liburu saltzaileari.
Beterri-Aiztondo eskualdean Andoain, Amasa-Villabona eta Asteasu herriek egin dute bat ekimenarekin. Eskualdearekin lotuta, baita Urnietak ere. Ondorioz, lau herri horietako irakurleek aipatu pausoak bete ostean, ondorengo liburu-dendatan merkeago erosi ahal izango dituzte euskarazko liburuak:
- Andoaindarrek: Delgado, Ernaitza eta Stop liburu-dendetan.
- Amasa-villabonatarrek eta asteasuarrek: Basajaun, Kazetaria eta Papertxulo liburu-dendetan.
- Urnietarrek: Eder liburu-dendan.
IRAKURZALEEN ERANTZUNAREN BILA
Besteak beste, Larramendi Bazkunaren baitan, Amaia Goikoetxea aritu da Beterri-Aiztondo eskualdean ekimena abian jartzeko kudeaketa lanak egiten.
Zein harrera izan du ekimenak? Lehen urtea izateko, harrera oso ona izan dela esango nuke. Liburu-dendetan ideia erakargarria iruditu zaie eta oso ondo erantzun dute. Baiezkoa eman duten eskualdeko Udalek ere oso jarrera ona erakutsi dute. Ikusi egin behar orain irakurzaleek nola erantzuten duten.
Nola iritsi nahi duzue irakurleengana? Ekimenari baiezkoa eman dioten herri guztietan egingo dugu kanpainaren zabalkundea, horretarako txartelez baliatuko gara batik bat. Hala ere, saiakera berezia egingo dugu ikastetxeetan gazteengana iristeko.