Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia luzatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 16a, 15:17

Gaur eguerdian aurkeztu dute Anoetako udaletxean “Egizu deklarazioa euskaraz” kanpaina. Horretarako dauden aukeren berri biltzen duen eskuorria banatuko dute Villabonan, Zizurkilen eta Adunan.

Tolosaldeako hemezortzi udalek sustatu dute kanpaina eta Kontseiluan zein Galtzaundi euskara taldeak ere euren babesa eskaini die. Errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopuruak eman ditu Periko Peñagarikano Anoetako Udaleko ordezkariak: “Foru Aldunditik iritsitako datuen arabera, Tolosaldeko herritarren %12k besterik ez du egiten euskaraz errenta aitorpena. Datu horiek hobetzea da kanpainaren helburua”.

Horretarako, bederatzi mila eskuorri banatu dira eskualdean zehar. Eskuorri horretan biltzen dira 2009an errenta aitorpena euskaraz egin zutenen kopurua, baita hautu horren alde egiteko dauden aukera ezberdinak ere.

Tolosaldean UEMAko partaide diren herriei, Tolosa, Ibarra, Villabona eta Zizurkil gehitu zaizkie kanpaina honetan parte hartzeko. Bertan ziren Aduna, Villabona eta Zizurkilgo Udal ordezkariak.

 

Euskaraz egiteko bide ezberdinak

Mari Anjeles Lazkano Zizurkilgo alkateak hitza hartu du gaurko agerraldian: “Errenta aitorpena euskaraz egiteko lau aukera ezberdin ditu herritarrak. Batetik, www.gipuzkoa.net gunean sartuta aukera dezake euskaraz egitea, bestetik, aitorpen mekanizaturako hitzordua hartzerakoan euskaraz egin nahi dela esanaz. Aldundiak etxera bidalitako autolikidazio proposamena berresterako garaian ere euskaraz egitea aukera daiteke eta azkenik, aitorpena gestoriaren batek egiten badu, haiei jakinaraziz”.

Kontseiluko ordezkariak ere baziren prentsa agerraldian: “Kapainaren helburu nagusia errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen ehunekoa handiatzea da, baina bada beste hrlburu bat ere; herritarrek erakundeekiko harremanetan euskara erabiltzen ohitzea”, adierazi dute.

“Harremanetan jarri gara entitate ezberdinekin; Kutxa eta Euskadiko Kutxa, esaterako. Haien jarrera kanpainaren aldekoa da eta herritarrei aitorpena euskaraz egiteko informazioa eman eta gonbidapena zabaltzeko prest azaldu dira”, diote Kontseilutik.

“Udalei, eragileei eta herritarrei, euskaraz bizitzeko hautuari ekiteko gonbidapena luzatu nahi genieke”, amaitu dute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!