Egitasmoaren xedeak:
1.- Enpresek, merkatariek, erakunde publikoek eta beste eragile askok Tolosaldeako udalerrietako buzoietan botatzen dituzten agirietan euskararen erabilera neurtzea.
2.- Neurtutako agiriek euskaldunon hizkuntz eskubideak eta egun dugun legezko markoa zenbateraino betetzen duten zehaztea.
3.- Euskaldunon hizkuntz eskubideak kontuan hartzen ez dituzten eragileei jakinaraztea zer nola jokatzen duten eta jarrera alda dezaten eskatzea.
4.- Datuak publiko egitea, buzoietan jasotzen den propagandaren egoera zein den gizarteratzeko.
5.- Nazio mailan hizkuntz eskubideen kexak bideratzen dituzten erakundeen bidez salaketak bideratzea (Hizkuntz Euskubideen Behatokia eta Eusko Jaurlaritzaren mendeko kontsumo bulegoetara, adibidez).
ADUNAKO EMAITZAK
Argibideak:
-Adunan herritar bat arduratu da agiriak bildu eta eragileoi helarazteaz.
-Herritarrak diziplina handiz jaso ditu agiriak. Beraz, neurketaren emaitzak fidagarriak dira.
-Bolumen txikia izan du neurketak Adunan: urte osoan, 29 agiri bildu dira eta neurketan 6 enpresak bakarrik hartu dute parte.
-Adunan, herri txikietan bezala, alde handia dago herri gunean eta mendialdeko etxe edo baserrietan jasotako agiri kopuruaren aldean. Adunako neurketan, herriko guneko etxe batean jaso dira agiriak.
Ondorioak:
-Irakurketa kuantitatiboa:
-Euskara hutsezko agiririk ez da jaso, nahiz eta Aduna udalerri euskalduna eta UEMAko kide izan.
-Euskararen presentziarik ez dutenak, berriz, hiru dira, eta gaztelaniak euskaraz baino gehiago duena bat.
-Ele bietako agirien ehunekoa beste herrietakoa baino handiagoa da (%87). Hori, gehienbat, Eroskik baldintzatu du. Izan ere, 29 agiritik 21 Eroskirenak dira. Nolanahi ere, beste bost bidaltzailek ere ele bitako agiriak bidali dituzte.
Irakurketa kualitatiboa:
-Eroskik iragartzen dituen kultur produktu guztiak gaztelaniazkoak dira: liburuak, pelikulak, musika...
-Super BM supermerkatuak ez du beti irizpide bera izan. Lau agiritik hirutan gaztelania baino ez du erabili, eta batean euskara eta gaztelania, modu orekatuan.
-Igorle guztiak (6) Euskal Herrikoak dira, eta bi eskualdekoak. Pentsatzekoa da horrek eragina izan duela elebitako agirien bidaltzaileen ehunekoan (%83), gainerako herrietakoa baino handiagoa baita eta gaztelania hutsezko agiriak enpresa bakar batek bidali baititu.
-Udalak sinatutako gutunak bidali ondoren, ez da aldaketarik sumatu.
ZIZURKILGO EMAITZAK
Argibideak:
-Zizurkilen hiru herritar aritu dira postontzietako propaganda bildu eta eragileoi helarazten. Biltze lanetan ez da gorabeherarik egon; beraz, neurketa oso fidagarria izan da.
Ondorioak:
Irakurketa kuantitaiboa:
-Ez dugu euskara hutsezko agiririk jaso, ezta euskaraz gaztelaniaz baino gehiago zuen agiririk ere.
-Elebietako agiriak erdiak baino gehiago dira (%54). Ehunekoa Eroskik baldintzatuta dago, nagusiki. Izan ere, elebitako 40 agiritik 37 Eroskirenak dira.
-Web guneetatik Eroskirenak bakarrik ematen du aukera informazioa euskaraz eskuratzeko. Beste guztiek ez dute ematen euskarazko aukerarik.
Irakurketa kualitatiboa:
-Eroskik iragartzen dituen kultur produktu guztiak gaztelaniazkoak dira: liburuak, pelikulak, musika...
-Web guneetan, bigarren eta hirugarren hizkuntzak sartzean euskara ez beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzte (katalanera, italiera eta portugesa). Gainera, web guneetan gaztelaniazko izenak lehenesten dituzte enpresek; adibidez, Urategi Digital eta Clinica Baviera.
AMASA-VILLABONAKO EMAITZAK
Argibideak:
-Villabonan hiru lagun aritu dira postontzietako propaganda jaso eta eragileoi helarazten.
-Urtean azken asteetako propaganda ez da jasotzerik izan; beraz, urte osoko datuak ez baina 10-11 hilabetekoak bildu dira.
Irakurketa kuantitatiboa:
-Euskara hutsezko agiri bakarra jaso dugu.
-Euskararik gabeko agiriak, berriz, ia erdiak dira (%48). Enpresei begiratuta, berriz, erdiak baino gehiago dira gaztelaniazko agiriak bidaltzen dituztenak (%54).
-Web guneetan euskarazko informazioa ematen dutenak hiru baino ez dira (%11). 23 web gunetan (%89), ez dago euskararentzako tokirik.
Irakurketa kualitatiboa:
-Eroskik iragartzen dituen kultur produktu guztiak gaztelaniazkoak dira: liburuak, pelikulak, musika...
-Web guneetan, bigarren eta hirugarren hizkuntzak sartzean euskara ez beste hizkuntza batzuk lehenesten dira: katalanera, italiera, purtugesera...
-Enpresa batzuek izen komertzialerako euskarazko izenak edo grafiak erabiltzen dituzte; Ipar Kutxa eta Baserri.
-Gutunak bidali ondoren, aldaketa bakarra sumatu da: aurreneko seihilekoan, Berezi arropa dendak gaztelania hutsez bidali zuen agiria, eta bigarrengoan ele biz. Gainera, lehenengo seihilekoan ez bezala, web gunea ele biz dago.