Garaipen argia Herriarteko Pilota Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 15a, 11:10

Andoain 3–0 Eskoriatza:
Kadeteak Andoain (Maiza-Jauregi) 22-0  Eskoriatza
Jubenilak Andoain (Irastorza-Ulanga) 22-6  Eskoriatza
Nagusiak Andoain (Eskudero-Sagaseta) 22-12 Eskoriatza 

Herriarteko txapelketaren joaneko partida ostiral honetan Arrate pilotalekuan, 20:30etan hasita. Une gozoa bizi du Andoaingo esku pilota taldeak, Berria txapelketan Euskal Herriko onenen pare aritu eta gero.

Taldekideen bideoa  |  Jon Eskudero, elkarrizketa

Jon Eskudero Larralderi elkarrizketa (Andoain, 1989-IV-24)

Ezustean finalaurreraino iritsi ziren Irurtzun bezalako maila handiko talde handiak kanporatuz. Tarte txikian txapelketa bat utzi eta besteari ekingo dio, herrian hainbeste ikusmin sortzen duen Gipuzkoako Herriarteko txapelketari hain zuzen.

Andoain herria ordezkatuz arituko den pilotarien artean dago Jon Eskudero Larralde hogei urteko gaztea. Lehen partidaren atarian hauxe berari eginiko elkarrizketa:

Herri artekoaren zozketa egin da, Berria txapelketan maila bikaina eman eta gero...
Jon Eskudero.
Bai, bai. Uste baino hobeto ibili ginen Berria txapelketan. Zozketan lehen kanporaketa erabaki zenean pasatzeko oso zaila genuela ikusi genuen. Txaruta talde baztandarrak beti izan du pilotarako sen eta grin hori, tanto bakar batez baina aurrera egin genuen. Gero Arbizu aurkaria nahiko erraz gainditu genuen. Ondoren, Irurtzun kanporatu genuen. Pilota munduko Real Madrid dela diogu gure artean. Gauzak horrela Euskal Herriko lau talde onenen artean finalerdietara iritsi ginen, mila euro kobratu eta sagardotegian ederki ospatu genuen. Ezin hobeto, egia esan, Berria txapelketan.
Hurrengo urterako zerrendaburu izango gara txapelketa horretan.

Horregatik, beraz, une gozoan iritsi da Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren lehen kanporaketa.
J.E.
Dudarik gabe. Herriartekoa unerik onenean iritsi da. Lehen kanporaketatik hasiko gara lehian. Berria txapelketa bat amaitu eta berehala bestea hastea oso ona izango da guretzat. Hala ere, taldekideetan aldaketak izango dira. Lau pilotarik errepikatuko dugu, beste bi berriak izango dira. Izan ere, Berria txapelketan klubeko fitxa aurkeztu behar da baina Herriartekoan herriko errolda agiria aurkeztu behar da.
Zozketa egin da eta Eskoriatza gainditu daitekeen arerioa dela dirudi. Elgoibar zain izango dugu ondoren. Hori ere gainditzeko moduan egon gaitezke. Hirugarren kanporaketan txapelketan aurrera egiteko traba egin diezaguke  Hernani herriak. Komeriak izango ditugu hernaniarrekin...

Hernani, Azpeitia..., oso talde indartsuak dira.
J.E.
Zozketan urduritasun handia zegoen. Koadroaren ezkerreko adarrean egokitu zitzaigun guri, zerrendaburuak egin zituzten gero eta Hernani edo Azpeiti koadroaren gure aldetik ez tokatzeko errezatzen aritu ginen. Tamalez, Hernani tokatu da.
Nolanahi ere, txapeldun izan nahi duenak denei irabazi behar die, beraz, ez dago aldez aurretik ezer galduta. Aukerak badaude.

Lehen bi kanporaketetan etxean jokatzen duzue joaneko partida. Zaletuak pozik uzteko moduko jokua erakutsi nahiko duzue, baina alde handiak ateratzea ere komeni zaizue...
J.E.
Arraten nabarmentzen da Andoaingo taldea. Dudarik gabe etxeko lanak ondo egin behar dira itzulikoan lasai aritzeko. Eskoriatza gainditzen badugu Elgoibar hartuko genuke etxean eta joaneko partidatan abantaila polita lortuz gero, ordezko pilotariek jokatzeko aukera izan dezakete. Eta hori ere garrantzitsua da, talde batean ez dira sei pilotari bakarrik. Ordezkoak ere kontuan hartu behar dira. Etxeko lanak ondo egiteak horixe du: partidak ia erabakita uztea ordezkoek ere joka dezaten.
Final laurdenetara iritsiz gero Hernanirekin topo egingo genuke. Kanporaketa horretan itzuliko partidak Andoainen jokatuko lirateke, eta hiru nire ustez ona da.

Zergatik sortzen da halako giro berezia Herriartekoan?
J.E.
  Herriaren izena dagoelako lehian. Pilotariak ez gara abizenez bereizten, Herriartekoan neu ez naiz Eskudero baizik eta Andoain taldeko kidea. Berria txapelketa bikaina egin dugu baina ez da zaletu asko etorri kantxara. Herriartekoan, berriz, aldaketa nabarmena dago Andoain herria ordezkatzen dugulako.
Herriartekoak bere xarma du. Amets egiten dugu egunen batean finalera iristearekin, hori lortuko bagenu izugarria litzateke!

Zuk pertsonalki zer nola bizi duzu txapelketa?
J.E.
Badira pilotari batzuk jendearen aurrean umildu, apaldu egiten direnak. Beste batzuk hazi egiten dira. Neu hazi egiten den horietakoa naiz. 1.70 metroko altuerakoa naiz, ez naiz luzeago egiten baina beste jokamoldea erakusten dut. Tanto ona egin eta jendeak txaloa jotzen duenean, oilo-ipurdia jartzen zait. Aste guztia barruko urduritasun horrekin ematen dut, lo ere ez dut lasai egiten..., sekulakoa izaten da.

Ez zara kikiltzen...
J.E.
Ez, ez dut uste kikiltzen naizenik. Gainera, pilotari batek horixe behar du: plaza gizona izan, zerbait izan behar badu. Alperrikakoa da kikiltzea.

Ausart eta burugabe, biak batera aritzeko arriskua ere badago.
J.E.
Bai, eta bereziki nagusien partidak hil ala bizikoak dira. Azken partidak izaten dira eta hor jokatzen da kanporaketa. Tanto batzuetan gehiegi arriskatzeak bere kaltea sor dezake. Neurria hartu behar zaio. Arriskatuz gero hiru tanto galtzen badira, gutxiago arriskatu behar da.

Bestela ere, kazetaritzan bide laburra baina oso polita egiten ari zara Berrian eta Euskadi Irratiko kirol albistegian.
J.E.
Pilotaria ez ezik, kazetaria ere banaiz. Pilota egunen batean bere helmugara iritsiko da, eta ez dit ogibiderik emango. Ikasketak beti dira garrantzitsuak. Eskoriatzan ikasten ari naiz HUHEZIn.
Esan behar dut Herriartekoan nire bigarren herriaren kontra tokatu zaidala, zeren eta bi urte eta erdi eman ditut bertan bizitzen eta goitik behera ezagutzen dut herria nahiz bertako pilotariak.
Berrian asteburuetan eta opor garaian lan egiten dut eta Euskadi Irratian praktikan ari naiz. Denean kirola. Hori da nire saltsa.

Zorte on Herriartekoan eta kazetaritzan.
J.E. 
Mila esker, denean beharko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!