Miguel Camposek Illunbera agertzeko deia egin du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 15a, 11:03

Iturgintza enpresari ordu onenak eman eta gero, urrezko balioa duen denbora eskaintzen dio Miguel Campos andoaindarrak saskibaloiari. Bereziki, elite mailan dagoen Lagun Aro Gipuzkoa Basket Club-ari.  ACB estatu mailako liga munduko  indartsuenen artean dago, eta gipuzkoarrak aurrekonturik apalenarekin hor ari dira lehiari eutsi nahian. Talde lanean sakontzea inoiz baino beharrezkoagoa da horrelako egoeretan. Eta Campos jauna buru-belarri dabil gizarte ekintzaren alorrean.



ILLUNBERA JOATEKO DEIA
Saski taldeak Illunbe Donostiako kantxa jendez lepo bete eta taldeari denboraldi amaiera bitarte babesa emateko kanpainari ekin dio. Miguel Campos buru-belarri dabil zeregin horretan, “mailari eusteko partida bat edo bi irabaztea beharrezko dugu. Valladolidera goaz eta gurekin batera 1000 zaletu eraman nahi ditugu. Zaletuei bidaia eta sarrera eskainiko zaie dohainik. Partida hori irabaziko dugulakoan nago.  Eta Illunben, zaletuen laguntzarekin, Granada eta Fuenlabrada taldeak garaitzeko gai izango garela ziur nago”.
Denboraldi honetan, lehen itzulian, batez beste 8000 zaletu joan ziren Illunbera. Horri esker taldea sailkapenean seigarren postuan izatea lortu zuten. Baina garai gozo hura igaro zen eta denboraldia amaitzeko sei partida geratzen direnean mailari eusteko lan guztiak ez dituzte egin. Joko bizia galdu ahala zaletuen kopurua ere jaitsi egin da. Horregatik, denboraldiaren azken txanpa honetan Camposek zaletuei dei berezia egiten die Illunbera bertaratzeko.

TALDEAREN ETORKIZUNA
Ezustekorik ez bada, GBC taldeak beste urtebetez eutsiko dio lehen mailari. Epe erdira, ordea, gipuzkoarrek Bilbao Basket edo Baskonia taldeen pareko egitura lortu nahi dute elitean ondo lehiatu eta estuasunak saihesteko, “5,8 milioi euroko aurrekontua dugu, iazkoa baino apalagoa. Aurrekontu handiagoa behar dugu bestela oso zaila da mailari eustea. Aurrekontu aldetik apalenenetik hasita hirugarrenak gara. Gure etxetik gertu, Bilbao Basket taldeak sekulako laguntza jaso du instituzioen aldetik. Guk ere laguntza behar dugu, bakarrik ezin dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!