Asvinenea elkartea Adunako herrigunearen eta Sorabilla auzunearen artean dagoen industrigunean kokatzen da. Eskualdean antzerki egitasmo ugari bideratzen dira Asvineneatik, beti ere formatu txikian. Egun gutxi dira Ahozkotasunaren jaialdia antolatu dutela, tartean Andoainen saioak antolatuz.
Ganbara eta Itzala tabernetako arduradunek Asvinenea elkartearekin batera, eta Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Kateando izeneko antzerki zikloa antolatu dute. Lehiaketa modukoa izango da. Lau ikuskizun eskainiko dira, bakoitzetik bi emanaldi, bat Itzala tabernan eta bestea Ganbara tabernan. Antzerkiotan, ikuslegoak garrantzia berezia izango du, behin emanaldia bukatutakoan "nota" jarriko baitio ikuskizun bakoitzari. Notarik onena lortzen duen lanak irabaziko du.
Irabazleak bere lana Basteron taularatuko du maiatzaren 15ean, gaueko 22:00etan hasita. Jaialdiari amaiera emateko May Gorostiagaren "Presente!" lana ere ikusi ahal izango da.
Bideoa: Asvinenea egitasmoa, www.aiurri.com