Kilometroak 2012 Andoainen ospatuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 15a, 10:48

Xanti Aranbururen eta Emilio Etxaberen adierazpenak:

Xanti Aranburu: “Andoaingo festa izango da Kilometroak”
Kosta da, baina azkenean lortu da euskararen egun handia Andoainera ekartzea. Bosgarren urtez jarraian Kilometroak jaia Andoainen egiteko eskaera egin zuten Aita Larramendi ikastolako arduradunek. Ekin eta ekin aritu dira urte hauetan guztietan, Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen baiezkoa iritsi den arte.
Heziketaren hiru zikloak behar bezala eskaini ahal izateko, Aita Larramendi ikastolaren eraikin nagusia handitzeko premia dago. Xanti Aranbururentzat "2012ko Kilometroak jaia Andoainen antolatzea egitasmo potolo horri eusteko garrantzia handikoa izango da. Foru Aldundiaren eta Udalaren baimenak lortuta, eraikitzeko prozesuari hasiera eman nahi diogu. Hartara, 2012ko Kilometroak jaira etortzen diren euskaltzaleek ikastola handitzeko eraikuntza prozesua beren begiekin ikusi ahal izango dute".
Kilometroak Andoainen berriro antolatzeak euskal kontzientziarekiko suspertzea ekarriko duelakoan dago, "lehen ere, 1990ean ekarri zuen eta oraingoan ere horixe bera gertatuko delakoan gaude. Ikastola duten inguruko herri batzuekin alderatuta, euskararen erabilpen adierazleak nahiko kaskarrak dira herri honetan. Nik uste Andoainek noizean behin horrelako akuilua beharrezko duela. Gerora begira, ikastolazaletasun hori zabaldu nahi dugu".
Beraz, bi helburu nagusi ditu Kilometroak Andoainera ekartzeak: bata, ekonomikoa. Derrigorrezkoa eta beharrezkoa dena. Bestea, Ikastolaren eredua ezagutaraztea eta euskararekiko zaletasuna areagotzea.
Aranburuk aurretatu duenez, 2011ko otsailean edo martxoan batzordeak eratzen hasiko dira 2012ko Kilometroak jaiari begira. Ikastolak eramango du antolaketa nagusia, baina herritarrez osatutako lantaldeak eratu nahi dituzte: "Andoaingo festa izan behar du".

 

Emilio Etxabe: “Gizarte sare zabalak bat egingo du gurekin”
Xanti Aranburuk martxoaren 25ean hitz bakarreko sms-a bidali zidan Iep! zioena. Jaso ahala banekien zertaz ari zen. Alde batetik poza senitu nuen. Baina, bestalde, lehendik hau guztia bizitakoak gara eta, lasai hartu behar da. Lana datorkigu, ardurak gero banatuko dira, baina lana gogotik datorkigu. Zorionez, exisititzen den gizarte sareari esker horrelako ekitaldi erraldoietan eragile talde zabala aktibatu egiten da. Jai honek duen alderdirik positiboena laguntzeko prest dagoen gizarte sare hori da. 1990ean Andoainen jende asko konturatu zen uste baino sare zabalagoa genuela. Ezusteko positiboa izan zen. Horregatik, 2012ari begira ziur nago gizarte sare hori aktibatuko dela berriro". Ez daki zein lanetan baina aurreko edizioko koordinatzaileak 2012ko edizioaren antolaketan parte hartzeko asmoa dauka.
Ondo gogoratzen dute andoaindarrek 1990eko urriaren 7an bota zuen euri zaparrada, "Jaia amaituta ere zeregin piloa genuen. Bustita, lokaztuta eta saldu gabe geratu zen soberakin piloa metatu genuen. Soka luzea ekarri zuen horrek guztiak, dena behar bezala amaitzeko".
Askok ere gogoratzen dute Ardanza lehendakariak talde eragileari egin zion harrera. Emilio txaketa eta korbata jantzita agertu zen hitzordura, "trajea jantzita joan nintzen. Eta jantzita eraman nuen guzti horretatik nirea bakarrik barruko jantzia zen!". Barrez gogoratzen du bitxikeria hura.
1990az geroztik, urtero urriaren 7arekin afaria egiteko biltzen dira edizio hartako talde eragileko kideak: Felix Martinez de Lezea (ekonomia), Juantxo Arregi (ibilbidea), Dani Arizala (komunikazioa), Joxe Mari Ormazabal (Ikastolako lehendakaria), Pili Juanikorena (erosketak) eta Emilio Etxabe (koordinatzailea). Bada, 2012ko edizioa igandearekin eta urriaren 7an burutuko da. Ezin aproposagoa izan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!