Artxibo berria egiteko beharra ikusi zenetik zenbat denbora pasatu da?
Marijo Henriques. Ibilbide nahiko luzea izan da. Isidro Setieneko lokalean egin zela hamar urte pasatu dira. Garai hartan, probisionala izango zela onartu zen, bi edo hiru urte pasatakoan egoitza berria egitekotan zen. Orduz geroztik esan bezala hamar urte pasatu dira egoitza segurtasun neurriak betetzen dituen beste eraikin batera eramaterako.
Espainiako Gobernuak onartutako 276.000€euroko diru partidarekin zer berrituko da? Nolakoa izango da?
M.H: Etxeberri plazan udaletxeak lokal batzuk ditu. Erdia Osasun Etxea eta Eguneko Zentroa eraikiko dira. 1.000 m2-ko solairua geratzen da libre. Eremu horretako bazter batean, artxiboa eraikiko da. Momentu honetan, berogailua eta bestelako instalazioak jarri beharrean dago. Artxibo berriak 200 m2 inguru izango ditu. Gaur egungoa baino lau aldiz handiagoa izango da. Kontsultarako gelak ere izango ditu eta herritarrentzat zerbitzu hobeagoa eskainiko da egoitza berriarekin.
Zer diferentzia izango du lehengo egoitzatik?
M.H: Kontserbazio eta babes neurriak hobetuko dira. Oraingo egoitzan ez dago alarmarik, uholdeak gerta litezke, tenperatura ez da egokia...Dokumentuak edo ondarea ondo babesteko tenperatura eta hezetasun aldetik gutxiengo batzuk bete behar izaten dira bere iraunkortasuna ziurtatzeko, adibidez, 18-20 graduren arteko tenperatura izan behar da. Hezetasuna ere egokitua izan behar du, %40-%60 artean. Gainontzean, papera eta tintak asko kaltetzen dira. Eraikin berriak, klimatizazio neurri guztiak beteko ditu.
Zenbateko lana eman dezake egoitza zaharretik berrira lekualdatzeak?
M.H: Lana handia izango da. Hasiera batean, oraingo egoitzan dauden apal trinkoak eramango ditugu eta gehiago erosiko dira, dagoeneko %90ean beteta baitaude lehengoak. Apal hauek pisu handia dute eta bestetik dokumentu guztiak sailkatuta dauden 2500 kaxa ere eraman behar dira, beraz lana dezentekoa izango da.
Ondare eta dokumentu historikoen egoitza berrira joan ahalko dute herritarrek. Zer nolako zerbitzua jasoko dute bertaratutakoek?
M.H: Artxiboan dokumentu garrantzitsuak aurki ditzake bisitariak, akta liburuak, kontabilitate kontuak, erroldak, hirigintzako dokumentuak eta argazki zaharrak, besteak beste. Dokumentu hauetaz gain, 1945az geroztik egindako festetako egitarauak ere bilduak ditugu, eta badaude zenbait urtetako hutsuneak. Norbaitek etxean izango balu horrelako altxorren bat, aitona-amonen paper zaharren bat..., egoitzara ekartzea eskatuko nieke.