Langabezia hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 15a, 10:33

LAB sindikatuak antolatuta, Aste Santuaren atarian Usurbildik Hernanira martxa izan zen. Eskualdeak ekonomikoki bizi duen egoeraren salaketa egitea zuen helburuetako bat ibilaldiak.

Buruntzaldea, zein egoeratan aurkitzen dela esango zenuke?
Jon Martin. Datu batzuk kaleratu ditugu, benetan kezkagarriak direnak. Azken 21 hilabetetan Buruntzaldean krisia zeinek jasaten duen argi geratu da. Sistema honek, langileoi ez digu inongo alternatibarik ematen eta martxa hau antolatzea erabaki genuen, gehienbat alternatiba berri bat aldarrikatzeko. Sindikatuak kaleratu duen alternatiba, lana eta ondasunaren beste banaketa justuago batean oinarrituko litzateke. Momentuan, lan ildo nagusi batzuk jorratzearen beharraz jabetzen gara, bestela krisi honetatik langilea guztiz ahulduta aterako baita. Bestetik, ditugun datuen inguruko salaketa egin nahiko genuke.
Oso esanguratsua iruditzen zaigu Andoainen 14,4ko langabezia-tasa egotea eta %74tik gorako langabeziaren igoera hori oso kezkagarria iruditzen zaigu. Beste herrietan ere antzekoa gertatzen da bai Hernanin, Lasarten... Zerbait egiteko beharra ikusi genuen eta azkenean Buruntzaldeko herrietako langile eta sindikatuetako jendea elkartu eta martxa egitea erabaki genuen, alternatiba aldarrikatu eta datuen salaketa egite aldera.

Datozen hilabeteotarako zein aurreikuspen egiten duzue?
J.M.Ekonomian eta lan munduan ez dugu aldaketarik espero. Lan erreforma berri bat espero da. Guk argi dugu erreforma hori guztiz baztertzailea izango dela gure eskubideekiko eta horri aurre egitea izango da gure lan ildo nagusiena. Garbi dago gauzak horrela jarraitzen badute mobilizazio gehiago ere izango dela. Gaurkoa ez da lehena, duela urtebete Andoainen egin genuen, Lasarten, Hernanin... Gure asmoa Buruntzaldean mobilizazioekin jarraitzea izango da, egoerak ez duelako hobera egingo.

Langabeziaren igoera nabarmen hori, zer segmentutan nabarmendu da gehien?
J.M. Kuriosoena hori da; ezin dugu azterketa sakonik egin, baina langabezia bereziki gizonengan igo dela esan genezake. Horrekin, industria maila eraso duela esan genezake. Datu kezkagarria da berau, orain industria sektorean eman bada, gero zerbitzuen eremura zabalduko dela. Sektore honek idiosinkrasia desberdina du eta lehendik ere lan merkatu prekario batean bagaude, argi dago hemendik hilabeteetara gehiago okertu egingo dela. Horregatik, oso garrantzitsua da mobilizatzea datorrenari aurre egin ahal izateko. Aurrerantzean etor litezkeen mobilizazio sindikalen ekintzak oso garrantzitsuak izango dira Euskal Herriko langileriarentzako Euskal Herrian aldaketa bat bultzatzeko.

Egoera honen aurrean, LABek egiten duen proposamena:
J.M.Alternatibaren inguruan mobilizatzea izango litzateke proposamen nagusiena. Gure alternatiba, orokorrean esanda, sistemaren aldaketan oinarrituko litzateke, azkenean, ondasun eta lanean oinarritutako aldaketa izango litzateke. Aldaketa bi eremutan sostengatua izatea nahi dugu. Herrialde honetan nahiko aberastasun badela esan daiteke, kontua ongi banatzea izango da. Ondasunak baditugu, lapurrak dira soberan daudenak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!