Pello Mari Otañoren mendeurreneko lehen ekitaldiaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 14a, 15:33

Zizurkilgo alkate Marianjeles Lazkano, Teodoro Hernandorena kultur taldeko Julian Arrastoa eta Anjel Mari Peñagarikano nahiz Xabier Amuriza bertsolariak Zizurkilgo udaletxean bildu dira gaur eguerdian Pello Mari Otaño zizurkildar bertsolaria zendu zeneko mendeurrenaren harira, apirilaren 16an Atxulondo Kultur Etxean 20:00etan izango den lehen ekitaldia aurkezteko:

Maiatzaren 7an 100 urte beteko dira Zizurkilgo bertsolari handia zendu zela eta egun horretan bertan Zizurkilgo seme kuttun izendatuko dute. Mendeurren garrantzitsuaren aurrean ekimen ugari prestatu dute Zizurkilgo Maiatza Saltsan ekimenerako. Marianjeles Lazkano alkateak aurtengo Maiatza Saltsan Pedro Mariren oroimenez antolatuko dela jakinarazi du eta besteak beste, Teodoro Hernandorena kultur taldeak Pello Mari Otaño, atzerriko oroimina liburua argitaratuko duela.

Euskal Herriko eta bereziki Zizurkilgo historia eta etnografia bildu eta zabaltzeaz arduratzen den Teodoro Hernandorena kultur taldeko Julian Arrastoak, Pello Mariren mendeurrena gainean zela konturatu zirenean, omenaldia egitea zor zitzaiola eta bere inguruan hainbat ekintza antolatzea proposatu zutela gaineratu du. "Maiatzean zehar izango diren ekintza guztiak apirilaren amaieran aurkeztuko dira; gaur, ostiralean Otañoren bertsoekin Peñagarikano eta Amurizak aurkeztuko duten emanaldiaren berri emango dugu".

 

Peñagarikoano eta Amuriza

Anjel Mari Peñagarikanok Teodoro Hernandorena kultur taldeko kideen deia jaso zuen Otañoren bertsoekin emanaldiren bat emateko prest ote zegokeen galdetuz. "Ni oso Otaño zalea naiz eta familiakoa ere bai (Anjel Mari Peñagarikano Otaño) eta zer edo zer polita egin zitekeela pentsatuta, baiezkoa erantzun nien. Xabier Amurizari deitu eta berari ere ideia erakargarria iruditu zitzaionez, gure gogoa erditu genuen".

Xabier Amurizak talde bateko partaide bezala nahiz pertsonalki egingo dituzten bi saioetan parte hartzea oso pozgarri zaiola adierazi du. "Maiatzaren 15ean Otañoren inguruan bertso saio handia egitea zen lehen ideia. Hori mantendu egin da, baina ostiral honetan Zizurkilen izango den emanaldiak garrantzia handiagoa izango du. Bertan Otañoren 82 bertso abestuko ditugu eta horixe izango da azken batean mendeurreneko ekitaldietatik geratuko den testigantza eta mamia". Izan ere, emanaldia grabatu eta filmatu egingo dute CD-DVD formatuan Euskal Herri guztian entzun eta ikusi ahal izateko. Zizurkilgoa izanagatik, Pello Mari figura nazionala zela aipatu du Amurizak eta oso gustura aurkeztuko luketela emanaldia, hala eskatuko lieketen beste edozein herritan ere. "Entzuleak gozatzera gonbidatu nahi ditugu. Guk kantatzen gozatzen dugunaren erdia edo laurdena gozatzen baduzue, zoriontsuak izango zarete".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!