Saroben, 19:30ean hasita: Laburbira. Doan. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urtero antolatzen duen Film Laburren Zirkuituaren zazpigarren edizioa aurkeztu du gaur Donostian. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuituak LABURBIRA izen propioa hartu du aurten.
Emanaldi bakoitzean bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira, denak ere 2009an ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko. Hala, Telmo Esnal, Koldo Almandoz edota Arkaitz Basterra bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baina baita oraindik hain ezagunak ez diren Estibalitz Ariz, Itziar Faido eta Urko Mauduit zuzendarienak ere. Gainera, aurreko edizioetan bezalaxe, 2009ko abenduan Bermeon egin zen Kameratoian, Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyan, saritutako lanetako bi sartu dira tartean. Gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat hamar ordutan grabatu, editatu eta aurkezteko erronka proposatzen zaie parte hartzaileei, eta emaitza gero eta harrigarriagoak izaten dira urtetik urtera, irudimenaren zein kalitate teknikoaren aldetik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!