Agur Aurrera tabernari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 8a, 19:13

Zizurkilgo Aurrera tabernak betiko itxi zituen ateak martxoaren 31n. Itzal handiko txokoa izan da urtetan, gazte nahiz helduen bilgunea.

Azken urteotan Zizurkil nahiz Villabonako herritarrek bideratu dute Aurrerako martxa eta hamarnaka tabernarik egin du lan bertan. 50eko hamarkadan hasita, Anjel Berakoetxea eta haren emazte Brigi aritu ziren lanean, Ventura Mediavillaren txanda izan zen gero. 90eko hamarkada amaieratik gaur egunera, Josu Galarza, Enrike Jauregi, Imanol Eizmendi eta Ionan Esnaola arduratu dira tabernaz. Aurrerantzean askoren oroitzapenean geratuko da tabernako giroa; barrukoa bezala, kanpoko terraza atseginekoa.


BRIGI BENGOETXEA: 50eko hamarkadako tabernaria
Duela hirurogei urte hasi zen Zizurkilgo Aunibar baserriko Brigi Bengoetxea Uranga Aurrera tabernan lanean.
Brigik ez dauzka ahaztuta Aurrera tabernan egindako lanak. Atzera begiratua eginez, errepaso ederra egin du aurreko garaietako tabernariak, “taberna egon den etxeak 200 urte izango ditu, ni duela 60 urte hasi nintzen bertan lanean Anjel Berakoetxea etxeko semearekin ezkondu eta gero. 1953 urtean egin genuen Aurrerako segidako etxea, gure bizitokia izan dena”. Brigi baino lehen, senarraren ama aritzen zen tabernan, baina osasunak baldintzatuta itxi egin zuen denboraldi batean. Brigik lan berriari eutsi zion garaian Aurrera ez zen taberna soila, besteak beste, jatetxea eta pentsioa ere bazen eta bertakoak bezala, kanpoko jende asko etortzen zen. “Txoferrekin lan handia izaten zen, Oria papeleran bertan egiten baitzuten orduan pasta. Papera egiteko eukalipto egurra Santandertik ekartzen zuten eta egunean 100 txofer ere etorriko ziren! Askok tabernaren goiko logeletan egiten zuten lo”. Pentsioak bi solairu zituen eta azken urteetan itxita egon bada ere, bi oheko 18 logela zeuden. “Garai hartan, kanpoan lanik ez eta jende asko etorri zen inguru hauetara lan bila. Fabriketako langileez gain, anbulatoriorik ere ez zenez, mediku ugari egon zen gure etxean, baita maisu eta albaitariak ere”.

Sukaldari ere bai
Brigik gogoratzen duenez, gutxienez 40 maisu bizitu zen Aurrera . “Anbulatorioa egin aurretik, mediku guztiak hemen biltzen ziren. Guardia zutenean bertan geratzen ziren lotan eta gainerakoan, jatera etortzen ziren hona. Inork larrialdirik zuenean, mediku edo albaitari bila etortzen ziren herritarrak”. Pentsioan eta tabernan egiten zuen lan Brigik, baita sukaldean ere. “Egunero 80 lagun inguru etortzen zen bazkaltzera. Tabernaren segidan etxea altxatutakoan, bertako jangelan ematen genituen bazkariak; tabernak ez baitzeukan jangelarik. Sota, caballo, rey, baino egunero izaten zen jatekoa: zopa, potajea, gisatua, almondigak…, eta postrea”. Diruzalea izan balitz milioiduna beharko lukeela azaldu du emakume eskuzabalak, “askok ez zuen otorduak ordaintzeko adina irabazten eta nik jatekoa behintzat faltako ez zitzaiela esaten nien beti. Miserikordiaren antzekoa izan da hau”.

Berandu itxi, goiz ireki
Azaldu duenez, jende asko biltzen zen eguerditan kartetan jolastera. “Baina ez zen orain bezala: orain basoerdia oso jende gutxik edaten du eta orduan dena basoerdia zen. Kaxa egiteko lan asko egin behar zen. Kafearekin, kopa eta purua ere hartzen zuten”. Astean zehar asteburuetan baino beranduago itxi ohi zuten taberna, “inguruko baserritarrak musean presarik gabe hasten ziren eta askotan puntua eginez, erdi-lotan egoten nintzen noiz bukatuko zain. Papeleran goizeko 05:30etan jotzen zuen lehenengo tutuak eta, artean taberna itxi gabe, bertan egotea behin baino gehiagotan egokitu zitzaidan”. Berandu itxiagatik, ordea, egunkaria iristerako, goizean goiz zabalik izaten zen berriro, “goizeko 06:30etako trenean etortzen ziren periodikoak. Villabonako Periodistaneko Iraola aita joaten zen geltokira periodiko sortaren bila eta goizean goiz uzten zigun tabernan. Handik urte askora hasi ziren furgonetaz ekartzen”.

Ixtearen pena
Brigiren garaian bezala, orain ere Zizurkil eta inguruko herrietako jende asko bildu izan da Aurreran. “Gazte jendeak taberna itxita ikustean pena handia hartuko duela iruditzen zait. Niri ere sekulako pena ematen dit horrenbeste lan egin ondoren dena itxita ikusteak, baina momentua iritsi da”. Bizitzaren legea.

IONAN ESNAOLA: Azken urteotako tabernaria
“Jende oso heldua eta gaztea batera egonagatik, errespetua nagusitu izan da denen artean”

Ionan Esnaola Arruti zizurkildarrak gidatu du Aurrera azken bost urteotan.

Noiz hasi zinen Aurreran lanean?
Duela zortzi bat urte hasi nintzen, taberna Imanol Eizmendik hartu zuenean. Aurrez ere ostalaritzan aritutakoa nintzen: hemezortzi urte betetzeko nituela Olentzo jatetxean aritu nintzen, gero Behibategin eta Azken Mugan ere egin nuen lan. Aurreran 23 urterekin hasi eta hiru urte eta erdiz Imanolekin lan egin eta gero, duela ia bost urte hartu nuen tabernaren ardura. Tartean Pasusen ere aritu nintzen.

Adin eta izaera ezberdineko jendearen bilgune izan da Aurrera urtetan…
Denetariko jendea biltzen zen eta hortxe zegoen tabernaren xarma. Jende oso heldua eta gaztea batera egonagatik, errespetua nagusitu izan da denen artean. Bata bere kafea, kopa eta fariasa hartuta; izkina batean bikote bat, beste izkinan lagun taldea… Herriko zati txiki bat behintzat izan da taberna eta, nire bizitzan, zati garrantzitsua.

Zer nolakoa esperientzia izan da zuretzat Aurreran lan egitea?
Oso gustura aritu naiz. Kontzertuak, mus txapelketak edo festak antolatzen saiatu naiz eta jendeak ondo erantzun du. Udaletxeak ere lagundu egin digu, ordutegi aldetik batez ere. Argi dago gaur egun festarik antolatzen ez bada oso zaila dela aurrera egitea.
Jendeak edaten duenean arazoak sor daitezke, baina alde horretatik lasai ibili gara gu. Aurreran, garai zailagoak izan ziren arren, azken urteetan bezero finkoak izan ditugu eta txintxo ibili da jendea. Taberna ixterakoan ere lasaitasunez aritzen ginen eta askotan bezero pare bat taberna ixten laguntzen geratzen zen. Asko eskertzen da jendearen erantzun hori. Herri txikia eta jende ezaguna izateak lagundu du, dudarik gabe. Bestalde, jendearen jaitsiera nabaritu egin da. Jende asko Donostia edo Zarautz aldera joaten zen asteburuan eta, azken boladan, Amasa-Villabonan ere mugimendua sortu da.

Jendearen jaitsiera nabarmena, beraz…
Badirudi tabernak beteta egoten direla eta ondo funtzionatzen dutela, baina errealitatean ez da erraza aurrera egitea. Azken boladan, asteburuetan lagunen bilgune izan da Aurrera, baina bertan elkartu ondoren batera eta bestera joaten zen jendea. Besteak beste, festetan bete-beteta egoten zen barrua eta kanpoa lehen; langile asko aritzen ginen duela bost urte. Azken urte hauetan, ordea, dezente jende gutxiago ibili da eta kanpoan ez da barra jarri beharrik izan.

Jendearen jaitsiera horrek bultzatu al zaitu Aurrera ixteko erabakia hartzera?
Kalean denetarik entzun da, etxeak egin behar dituztelako bota behar zutela… Nik ez daukat halako informaziorik. Proiektua badago eta egunen batean etxeak egingo dituztela iruditzen zait, baina ez da hori arrazoia. Nire kasuan taberna uzteko erabakia arrazoi ezberdinek bultzatu dute: jendearen jaitsierak batetik; tabernaren beraren egoerak bestetik, azpiegitura aldetik hutsuneak baitzeuden eta ziurtasunik gabe obretan sartzea ez baita komeni. Era berean, nik badut nire lana eta tabernaren ardura lotura handiegia egin zait azkenerako. 
Alde batetik poza ematen dit burutik ardura bat kentzeak, baina era berean, pena ere bai. Jende askori entzun diot: Nora joan behar dugu orain?

Norbaiti eskerrak eman nahi dizkiozu, ezta?
Bereziki Zigor (Lanpre) DZri. Taberna aurrera atera bada lankideengatik eta nigatik ere izango zen, baina baita bere laguntzagatik ere. Zigorrek bideratuta talde eta DJ ezagun dezentek jo dute tabernan: Aritz Sound Sistem, Makala, Esne Beltza, Esne Zopak, Kauta, Los Reyes del K.O… Horietako batzuk izen handia hartu dute gerora eta niretzat oso pozgarria da hemen jo izana.

Aburuza sagardotegian bazkaria egin ondoren, trikitixa, bertsolari, perkusio eta tabernako festa luzearekin agurra egin zioten martxoaren 27an Aurrerazaleek euren txokoari.

Tabernaren inguruan
Josu Galarza

“Enrike Jauregirekin batera, bederatzi urte egin nituen Aurreran lanean (1992-2000). Langabezian geratu ginen krisi garai hartan eta taberna alokatzeko aukera izan genuen. Oso gustura aritu ginen lanean, nagusiekin ere harreman ona izan genuen beti. Aurrera erreferentzia izan da Zizurkilen. Pena eman dit itxierak, batez ere jende gaztea nora joan jakin gabe geratu delako”.

Maialen Godoy
“Lehen koadrilakoak ez ginen asko etortzen Aurrerara, baina azken boladan sarri eta oso gustura etorri gara. Tabernan koadrilakorik egon ez arren, beti egoten zen ezagunen bat hitz egiteko. Tabernariak ere oso jatorrak ziren. Pena handia eman dit taberna ixteak. Zizurkilen ez dago gazteak elkartzeko taberna askorik eta beste lokalen bat irekitzea ondo legokeela uste dut”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!