Jabier Mendizabal, Andoaingo albaitaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 8a, 19:07

Jabier Mendizabal andoaindarra albaitari lanetan dabil 23 urte zituenetik. Bere aita Kandido Mendizabal zenaren pausoak jarraitu ditu lanbidean.

Etxetik datorkizu albaitaritzarekiko tradizioa…
Kandido Mendizabal, nire aita zena albataria izan zen eta haren aitonak ere hainbat pauso garrantzitsu eman zuen ganaduaren inguruan. Baltzuketa-Haundi baserrikoa zen nire aitaren aitona eta 1896an, Suitzara joan zen hango behi arraza bat hona ekartzera. Behi suizak bezala ezagunak direnak, Alpeetako behi arreak, hark ekarri zituen lehendabiziko aldiz.
Nire aitak berriz, albaitaritza ikasi zuen 1944tik 1949ra, Zaragozan. 23 urte besterik ez zituela hasi zen lanean. Garai hartako albaitari gazteenetakoa zen.

Lorpen handiak egin zituen aitak albaitaritza munduan…
Behiei intseminazio artifizialak egiten lehenengoetarikoa izan zen, Fraisoron. Bertan zegoen estatu mailako lehendabiziko intseminazio artifizialerako estatuko gune bakarra. Errezilen ere egin zuen aitak denboraldi bat lanean, eta beti esaten zuen bertako baserri batean jaio zela intseminazioz sortutako lehendabiziko txekorra. Berak eraman omen zuen saltzera Azpeitiako azokara.

Aitak bezala, Zaragozan egin zenituen ikasketak. Karrera amaituta, gogoan al duzu zure lehen eginbeharra zein izan zen?
1986an, ikasketak bukatu eta hurrengo egunean hasi nintzen lanean. Berastegiko albaitariari ordezkotza egin nion berrogei egunez eta bere etxean bizitu nintzen egun haietan. Berastegiko baserri gehienak mistoak ziren orduan; nagusiak lantegietara joaten ziren lanera eta baserriko lana ere mantendu egiten zuten. Txerri asko zegoen orduan Berastegin. Normalean hiru edo lau esne-behi eta bost edo sei txerrama izaten zituzten. Gizentzeko saltzen zituzten txerrikumeak. Nire egiteko nagusiak txerriak txertatu edota belarritakoak jartzea izan ziren hasiera hartan.

Zeintzuk dira zure lanbideak eskatzen dituen zereginik nagusienak?
Ardura ezberdinak izaten ditut: behiei hazia jartzen diet, ernari dauden edo ez ere begiratzen diet; lehen eskuz egiten zen lan hori, orain ekografoak erabiltzen ditugu. Behiek gaixotasunen bat dutenean klinika lanak ere egiten ditugu eta zirugia beharrezkoa den kasuetan, hori ere bai. Behia dagoen tokian bertan operatzen denez, garrantzitsua da garbitasuna zaintzea. Normalean behia zutik operatzen saiatzen gara, gutxiago zikintzen direlako. Etzan beharra dagoenean, toki garbi batera mugitzen ditugu.
Saneamenduko kanpaina ofizialak ere egiten ditugu. Gipuzkoan albaitari elkarte bat dago eta Foru Aldundiak elkartea kontratatzen du lan horiek egiteko: tuberkulosia, bruzelosia, perineumonia eta leukosia kontrolatzen ditugu. Horri esker, gaixotasun horiek ia galduta daude inguru hauetan. Duela hiru urtetik hona mingain urdinaren aurkako txertaketak ere egin ditugu.
Horrez gain, zezen festetan ateratzen dire animalien kontrola ere egiten dugu: dokumentazioa begiratzen da, adarrak ondo moztuta eta bilduta dituen edo ez, animaliaren pisua… Geroz eta zorroztasun handiagoa dago horretan ere.

Gipuzkoan barrena, hainbat txoko ezagutzeko aukera emango zizun albaitaritzak…
Urtean zehar 40.000 kilometro inguru egiten dut, batera eta bestera. Ia egun osoa ematen dut etxetik kanpora. Asteasu, Zizurkil, Aia, Donostia, Hondarribia, Errenteria…, inguru horietako baserrietan ibiltzen naiz gehienbat. Baserrietan barrena, txoko asko ezagutu dut, bai.

Lanean daramatzazun urteetan, asko aldatu al da zure lanbidea?
Bai, aldaketa handiak izan ditu; bai lanbideak, baita sektoreak ere. Lehen hamar bat behi izaten zen baserriko, orain berriz askoz ere ustiategi handiagoak dira. Oso baserri gutxi geratzen dira ukuiluan hamar behi dituztenak. Horrez gain, ni hasi nintzen garaian, egunean 20 litro esne ematen zituen behia izugarri ona zen; gaur egun berriz, horiek kendu egiten dira ukuilutik, ekoizpen txikia delako. Zezenen hazietan ere asko zabaldu da aukera eta baserritarrek asko zaintzen dute hori; katalogo bidez egiten dute haziaren eskaera, ekoizpena hobetzeko komeni zaienaren arabera.
Horrez gain, askoz ere gehiago kontrolatzen dira ganaduen mugimenduak. Txekorra jaiotzen denetik hiltzen den arte egiten dituen bidaiak edo jabe aldaketak elektronikoki kontrolatzen dira. Behi eroen gaixotasunak ekarri zuen exijentzi hori.  

Telefono mugikorrik ere ez zen izango hasiera hartan...
Hala da, eta horrek lotura handia ekartzen zuen, abisuak etxean hartzen zirelako. Neronek ekarri nuen Andoaingo lehendabiziko mugikorra; traste handi-handia zen. Etxean hiru bat metroko altuerako antena jarri beharra izan genuen eta autoan ere metro eta erdikoa jarri zidaten. Hala eta guztiz ere, askotan geratzen zen seinalerik gabe. Orain, oso arrunta iruditzen zaigu edozein txokotatik telefonoz hitz egin ahal izatea, baina horrek aurrerapauso handia ekarri zuen niretzat.

Nola ikusten duzu sektorearen egoera gure eskualdean?
Esne behien ustiategi handienak gure eskualdean bilduta daude; Zizurkil eta Asteasu inguruan bereziki. Egoera ez da batere erraza, ez esne ustiakuntzetan ezta haragitakoan ere. Iaz asko jaitsi zen esnearen prezioa eta ez da lehengora itzuli. Inbertsio handiak eginak dituztenen egoera ez da batere samurra. Haragitarako sektorearen egoera ere oso txarra da, duela 20 urteko prezio berean saltzen da haragia. Egoera zein den azaltzeko beste adibide bat jarriko dut: garai batean, esne-behiak txekor arra izaten zuenean, 50.000 pezetan saltzen zen gizentzeko, gaur egun, 30 euro inguru ordaintzen dute.

KANDIDO MENDIZABAL ETA GAUDENCIO ARREGI, BERRITZAILEAK
Gaudencio Arregi azpeitiarra izan zen hazia jartzen hasi zen lehendabiziko albaitaria eta hura izan zen Kandido Mendizabalen irakaslea. 1953an atera zuen Kandidok intseminazio artifizialeko diplomatura, eta hilean ehun behi baino gehiago intseminatzen omen zituen, garairako oso kopurua altua. Intseminaziorako sistema berezi bat erabiltzen zuten Gaudenciok eta Kandidok eta inguruko probintzietako albaitariak Fraisorora hurbiltzen ziren hura ikustera. Izan ere, sistema hura erabiliaz ernari geratzen ziren behien kopurua oso altua baitzen.
Urte haietan hozkailuan mantentzen zuten hazia. Termo txiki batean izotza jarrita garraiatzen zuten zezenen hazia behar zen tokira. Fraisoro izan zen hozkailu sistema hori gehien luzatu zuen zentrua. Lau arraza ezberdinetako zezenak izaten zituzten Zizurkilgo zentruan: frisoiak, Alpeetako arreak, pirinearrak eta txarolesak. Kandido, 1992an jubilatu zen, Fraisoron bertan, 42 urte ondoren.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!