Unai Iraola xake jokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 8a, 18:59

Unai Iraola villabonatarrak ume zenetik jolasten du xakean. Egun, Villabonako Xake taldeko maila gorenean aritzen da.

Noiz eta nola hasi zinen xakean jolasten?
7 urte nituela aitak erakutsi zidan xakean jolasten. Gero, 11 urterekin Villabonako taldean hasi nintzen, oraingo beterano Ernesto Fuentes eta Jesus Mari Etxebesterekin batera, Kultur Etxean. 1972 urtean Jesus Mari Ezkaik sortu zuen taldea, Zentro tabernan biltzen ziren aurrena. Oraindik ere, Santio jaietan memoriala jokatzen dugu Jesus Mariren oroimenez.

Zein egoeratan jarraitzen du aurrera xake taldeak?
Xake jokoan lau maila izaten dira: Hirugarrena, bigarrena, lehenengoa eta gorena. Villabonako Xake taldean hirugarrena, bigarrena eta gorena, hiru maila daude egun. Inoiz baino jende gehiago biltzen gara taldean. Astean zehar bi egunetan irekitzen da Kultur Etxeko xake gela eta, besteren artean, Juanjo Villena eta Iker Artola arduratzen dira umeei xakea erakusteaz. Hamabost bat ume elkartzen dira denera. Helduak gehituta hogeita bost lagun gara guztira. Herri gehienetan bada xake talderen bat, baina ez du eragin handirik izaten: ezin daiteke futbolarekin alderatu, telebistan ere ez da ezer ere agertzen…, nahiko ezkutuan geratzen da. Udalarekin oso ondo moldatzen gara, beti babestu izan gaituzte, baina xakean jolasteko egoitzarik ez daukagu. Kultur Etxeko gela batean biltzen garen arren, musika eskolakoek ere erabiltzen dute eta egokiagoa litzateke gure materiala gordetzeko eta lasai jolasteko gure berezko gela edukitzea. Hortxe dugu hutsunea, toki aldetik eskas samar gabiltzala.

Xakean txikitatik hasteak burua garatzen laguntzen al du?
Xakeak kontzentratuta egotea eta kalkulu batzuk egitea eskatzen du, lasai-lasai mugimenduak aztertzea. Jokoa mentala da, baina edozein pertsonak jolas dezake; gehiago entrenatzen den heinean, hobeto.

Talde mailan nahiz bakarka hainbat txapelketatan hartzen duzue parte…
Urtarriletik martxora bitarte Gipuzkoako taldekako txapelketa izaten da. Martxotik urrira bitarte, txapelketa irekiak; bakarkakoak normalean. Urritik abendura, berriz, Gipuzkoako banakako txapelketa jokatzen da. Normalean, taldekakoan eta nahi duenak banakako txapelketan hartzen dugu parte. Oraintxe amaitu dugu Gipuzkoako taldekakoa eta seigarren postua lortu dugu maila gorenean, inoizko emaitzarik onena. Errefortzua ere izan dugu, gurekin aritu baita Jose Luis Gijarro zubietarra eta oso ondo jolasten baitu. Gorenak ez ezik, Villabonako beste bi taldeek ere igotzea lortu dute.

Nola jokatzen dira taldekako txapelketak xakean?
Talde bakoitzetik lau pertsonek hartzen dute parte, onenetik txarrenera ordenatuta: 1, 2, 3 eta 4. Bakoitzak bere postuan dagoenaren kontra jolasten du eta partidak bakarkakoak izanagatik, emaitza taldekakoa izaten da. Partida gehien irabazten dituen taldeak eskuratzen du txapela.

Etxean ere jolasten al duzu?
Orain ordenagailu bidez zure kontura ere ibil zaitezke. Denbora dudanean aritzen naiz tarteka, baina ordenagailuan bakarka aritzea ez zait gehiegi gustatzen. Hasteko, beti galdu egiten baita eta pertsona baten aurka jolastea baino aspergarriagoa delako. Korrika egitera joatea ere aspergarria izan daiteke bere horretan, baina konpetizioan hastean helburu berriak sortzen dira. Gauza bera gertatzen da xakearekin ere eta ondo saltzen ez bada ere, atzean oso mundu zabala dago. Ez dira sekula bi partida berdin jolasten.

Izena emateko
Asteazken eta ostiraletan 19:00etatik 20:00etara xake gela irekita egoten da Kultur Etxean. Nahi duen guztiarentzat ateak zabalik egoten dira, hiru hilabetez behin zabaltzen dute izena emateko aukera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!