Madrildik laguntza
Udalaren aldetik, Jubilatuen elkartearen inguruan pauso ezberdinak eman dira azken legegintzatan. Joxe Bixentek adierazi duenez, aurreko Udal agintalditik hasita onartu zen Aldude kaleko egoitza jubilatuentzat izatea. “Hala ere ezin izan zuten egitasmoa burutu, egoitza hori erosteke baitzegoen oraindik”. Egungo legegintzaren baitan lortu dute azken urratsa ematea, baina krisiaren ondorioz, laguntzak murriztu egin direnez, azkenean, Madrildik etorriko den laguntzarekin egokituko dute Jubilatuen egoitza, ia 600.000 euroko aurrekontuarekin. “Madrilgo dirulaguntza espreski gizarte ekipamenduei bideratuta zetorrela jakin genuenean, guretzat oso egokia zela pentsatu genuen eta halaxe izan da”.
Taberna irekia
Jubilatuen elkarte berriak herritarrei zabaldutako taberna izango duela aurreratu du lehendakariak. Elkarteko kideen asmoa, helduei bezala gazteei ere tabernako ateak zabaltzea da, “nire nahia, taberna denentzako espazio komuna izatea litzateke. Jubilatuentzat hainbat gune pribatu egonagatik, etorri nahi duen guztiarentzat leku irekia izatea garrantzitsua iruditzen zait. Heldu koadrilen inguruan gazte jendea ikusteak alaitasuna ekarriko luke. Ea nola bideratuko dugun gaia, baina ideala hori litzateke nire iritziz”.
Egoitza berria, asmo berriak
Egoitza berriarekin batera, badituzte asmo berriak ere, “batetik, Txermingo egoitzan ile-apaindegi txiki bat dugu eta jende asko ibiltzen da bertan. Bestetik, une honetan erabiltzen ez den arren, podologoarentzat ekipamendua ere badaukagu. Masajea nahiz beste hainbat eskaintzarekin batera, bi zerbitzu horiek martxan jarri nahiko genituzke egoitza berrian”. Telebista ikusi edo lasai ederrean eserita egoteko gunea ere izango dute laster eta, Joxe Bixentek, teknologia berriak txertatu nahi ditu bertan, “internet erabiltzen erakutsi eta sare bidezko liburutegi txiki bat sortu nahiko genuke: egunkariak eta artikuluak irakurri, argazkiak nahiz bideoak ikusi edota musika entzuteko… Gure adineko jende askok ez dituzte ezagutzen eta bada gu ere teknologia berriez disfrutatzen hasteko garaia”. Oraintxe aztertzen ari diren gai berri bat ere badarabilte eskuartean: “Nagusilan egitasmoaren inguruko informazioa jasotzen buru-belarri gabiltza orain. Adin nagusiko pertsonen arteko borondatezko lana da, azken batean, adiskidetasuna eta babesa behar duenari, laguntza ematea. Gipuzkoan indar handia hartzen ari da ekimena eta guk ere parte hartu nahiko genuke etorkizun hurbilean”.
300 m2 zatikatuta
- Sukaldea
- Taberna
- Komunak
- Biltegia
- Gela teknikoa
- Telebista, sofa eta ordenagailu gela
- Hiru gela bateragarri edo bakan
- Ile-apaindegia, podologo nahiz bestelako eskaintzen gunea
- Bulegoa