Kanikrosa, korrika egiteko aukera berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 8a, 18:51

Joxean Alberdi zizurkildarraren bizitzako ardatzetako bat kirola da. Azken asteotan, korrika egiteko lagun berria bilatu du, Gox txakurra. Epe motzean, kanikrosa egitea du helburu.

Auzoko txakur batekin erdi jolasean hasi zenak, indarra hartu du azken asteotan: “Igande batean, ohiko korrika saioa egitera nindoanean, auzoko txakurra segika etorri zitzaidan. Etxeruntz bidaltzen saiatu nintzen, baina nire ondoan jarraitu zuen. Zizurkilgo erreka bailararaino joan nintzen eta bera beti nire parean mantendu zen, bizi-bizi korrika. Beste egun batean, semea eta biok bizikletaz entrenamendua egitera atera ginen eta orduan ere gurekin abiatu zen Gox txakurra. Asteasura iritsi ginenean, etxera itzultzeko batere asmorik ez zuela ikusita beldur pixka bat eman zidan; buelta eman, Zizurkilera itzuli, txakurra lotu eta entrenamenduarekin jarraitu genuen. Horixe izan zen txakurrarekin izandako lehen kontaktua”, azaldu du.

Entrenamenduetan, lagun
Joxeanen entrenamenduetan ohiko laguntzaile bihurtu da Gox txakurra. “Zegama-Aizkorri maratoirako entrenamenduak egiten hasi nintzen duela hiru bat hilabete. Horrez gain, Ehun milatako froga egiteko aukera ere ez dut erabat baztertzen, eta azken asteotan zenbait irteera egin dut mendira. Entrenamendu horietako askotara nirekin etorri da Gox. Izugarri gozatzen du korrika egiten; abiadura handia du eta ez da sekula nekatzen, makina bat da. Niretzat ere, pozgarria da. Gehienetan lagunekin ateratzen naiz korrika egitera, baina bakarrik joaten naizenetan izugarrizko konpainia egiten dit”.
Esperientzia ona zela ikusita, Errenteriako kanikrosean ateratzea pentsatu zuen Joxean Alberdik: “Kanikrosak indarra hartzen ari diren lasterketak dira. Korrikalari guztiak txakurrekin ateratzen dira. Txakurra beti korrikalariaren aurretik edo parean joaten da, ezinbesteko baldintza da hori. Nik ez dut inoiz txakurrik izan eta Errenteriako lasterketan atera ahal izateko, ez nuen beharrezko materialik: ez katerik, ez arnesik…, ezer ere ez. Amasa-Villabonako txakur hezitzaile bati eskatu nizkion horiek guztiak eta lasterketarako egun gutxi falta zirenean egin genituen lehen frogak. Gox beti askatuta eraman izan dut korrika egitera eta arnesa jarrita, ez zuen asmatzen tira egiten. Hala ere, oso zintzoa eta esanekoa denez, nahiko ondo moldatu ginen”.

Hurrengo aukeraren zain
Errenteriako lasterketako eguna iritsi zenean, ordea, Joxeanek ez zuen parte hartzerik izan: “Goxen jabeekin ez genuen lasterketako eguna ondo zehaztu eta kasualitatez, txakurra hartu eta kanpora joatea erabaki zuten. Txakurrik gabe, ezin kanikrosean atera. Pena handia hartu nuen, ilusioz aritu nintzelako froga prestatzen. Datozen lasterketarako hobeto zainduko dugu komunikazio arloa”, azaldu du Joxeanek.
Santanderren izango da hurrengo kanikrosa: “Froga egiteko gogoz nago eta ez dut baztertzen Santanderrera joatea. Kanikrosa oraindik hasten ari da eta zirkuitua osatuta badago ere, oso lasterketa gutxi antolatzen da hemen inguruan. Errenterikoa eta Gorlizkoa kenduta, Sevillan, Madrilen…,  urruti samar dira gainerako lasterketak. Datorren denboraldian, zirkuitua osatzeko ahalegina egitea pentsatzen ari naiz”.

Goruntz datorren zaletasuna
Kanikrosak oraindik indar handiegia ez badu ere, geroz eta zaletu gehiago ditu: “Errenteriako frogan ehun partaide izan ziren eta urtetik urtera haziz doa kopuru hori. Ez naiz batere harritzen, izugarri polita delako. Txakurrarekin batera korri egitea, beraien esker ona jasotzea… Orain arte ez nuen sekula horrelakorik egin, baina izugarri gustatu zait. Gainera, Goxekin lasterketatan aurrean ibiltzeko aukera izango dugula iruditzen zait. Errenteriako frogan egin zituzten denborak ikusita, onenen pare ibiltzeko gai garela uste dut”.
Mendi lasterketa da Errenteriakoa, “baina modalitate ezberdinak daude. Gorlizen, adibidez, bi zirkuitu ezberdin antolatzen dituzte: herri barnekoa eta mendikoa. Oso egokia iruditzen zait hori, norberaren gaitasunen arabera aukeratu ahal izateko”.

Abiadura, indarra eta kemena
Gox txakurrarekin harrituta dago Joxean: “Indar izugarria dauka eta ez da inoiz nekatzen. Lehengo egun batean mendi buelta luzea egin nuen berarekin batera: Belkoain, Buruntza, Adarra…, horiek denak pasa genituen eta etxera itzulitakoan, ni leher eginda nengoen baina Goxek makilarekin jolasean aritzeko gogoa zuen oraindik. Korrika egiteko erabiltzen dudan arroparekin ikusten banau, salto batean etortzen da niregana, elkarrekin joateko. Izugarri ondo pasatzen du korrika egiten”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!