Milioi bat euro gutxiago Udal aurrekontuetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 8a, 18:50

Urteari gehiegi aurreratzen utzi gabe onartu zituzten aurtengo Udal aurrekontuak. Hala azaldu du Mari Anjeles Lazkano alkateak: “Aurreko urteetan asko luzatu izan da aurrekontuak onartzeko prozesua eta aurten, joera hori aldatzea erabaki genuen (…)"

"Urtarrilaren 18ko batzarrean onartu genituen. Hala ere, esan beharra dago ez dela erraza izan; diru sarrerak murriztu direnez, partida asko moldatu beharrean izan garelako”.

Lehentasunak finkatu
Iaz baino milio bat euro gutxiago izango da aurtengo aurrekontuetan: “Lehentasunak berraztertu ditugu eta ia departamendu guztietan egin behar izan ditugu murrizketak. Krisi garaiak eskatzen duen bezala, ongizate departamendua izan da iazkoa baino partida handixeagoa izan duen departamendu bakarra”, gaineratu du Mari Anjelesek.

Sarrera gutxiago
Diru sarreren murrizketa ere aipatu du Zizurkilgo alkateak: “Lehen jasotzen genuen diru-laguntza asko bertan behera geratu da. Hala ere, aipatu behar da berriak ere sortu direla. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak, langabezian dauden herritarrei lan kontratuak egiteko laguntzak ematen dituzte. Udalean sor daitezkeen beharrak asetzeko lanpostuak izaten dira eta sei hilabetetako kontratuak egiten dira. Hori bideratzen ari gara momentu honetan”. Estatutik ere iristen dira dirulaguntzak: “Iaz pilotalekua berritzeko erabili genuen dirulaguntza hori eta aurten, Zizurkil Goiko zenbait zonaldetan euri ura bideratuko da eta saneamendu sarea ere hobetu egingo da”, azaldu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!