Anjeles Uzkudun, enaren kabia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko api. 8a, 18:38

Anjeles Uzkudun Tapiak kultura nahiz euskara sustatzen eginiko lanagatik Aiurriko Ohorezko aipamena eskuratu zuen joan zen otsailean. Bere bizitzako hainbat pasarteren berri azaldu du asteasuarrak elkarrizketan:

1919an jaio zen Anjeles Uzkudun Tapia Asteasuko Mallureta Zahar etxean. Apreterone moduan ezagutzen zen jaiotetxea, hain zuzen ere, bertako ogibidea apretak egitea zelako. Hamar anai-arreben artean, senide ugarik ikasi zuten lanbide hura.

Zu ere aritu zinen alpargatak egiten, ezta?

Makina bat alpargata egin genuen etxean. Aitak egiten zituen zoruak eta ahizpak eta biok oihala erantsi eta muturrak nahiz saihetsak egiten genituen. Zinta jartzen genien gero, galartzua esaten zitzaion. Gure aitarentzat ez zen poz hoberik, goizean goiz lanean ari zela bere ondoan gu eserita jartzea baino. Gustura aritzen ginen lanean, baina ez genuen ikaragarri egiten. Etxerako adina. Hala ere, gure aitak gustura jarriko zuen familia guztia alpargatak egiten.

Apreterone etxean denda ere bazenuten. Zer eskaintzen zenuten?
Janaria batez ere, baina oihalak ere saltzen genituen dendan. Ni eskolan nenbilela soineko-telak eta guzti saltzen ziren. Gogoratzen naiz nire lagun bati anaia hil zitzaionean nola gure amak soineko-tela beltza eman zidan lagunari soinekoa egiteko emateko.
Asteasun denda gehiago bazen orduan: Xeberonean ogia eta janaria saltzen zuten, Etxetxon eta Betanin ere bai.
Ahizpekin batera, dendan aritzen nintzen gurasoei lagunduz. Neska koskorretan ikasi genuen bizikletan eta Asteasutik Villabonara joaten ginen dendan saltzeko txistor bila. Villabonako Otaño harategitik ekartzen genuen mordoska bizikletan hartuta. Gero zintzilika jartzen genuen dendan saltzeko. Zenbat buelta egingo genuen bizikletaren atzean karga hartuta!
Baratzea ere bagenuen eta oso gustura joaten ginen atxurrarekin lanera. Oiloak ere asko izaten genituen. Batzuetan eguneko 20 arrautza jaso eta dendan saltzen genituen gero.

Telefonoa etxean zenuten eta ohar asko ematea egokitu omen zitzaizun baserriz baserri nahiz etxez etxe…
Nik uste Asteasuko baserri guztiak pasa nituela telegramak eta oharrak ematen. Enkarguak ere agintzen zizkidaten, faborez. Baserritarrentzat bezala kalerako ere abisu ugari iristen zen, ez baitzegoen telefono publikorik. Gerra garaian abisu asko izan zen, baita gobernuak bidalitakoak ere, egunez bezala gauez. Berri txarrak ematea egokitu zitzaidan maiz garai hartan: hilak eta erituak… Joan egin behar zen berri haiek ematera! Eritu edo hildako soldaduen helbideak ez zituzten jakiten gehienetan eta izen-abizenekin ematen ziguten haien berri. Herri txikian, ordea, denak ezagutzen ginen. Lan handia egin zen orduan telefonoarekin. Berri pozgarriak ematea ere egokitu zitzaidan: jaiotzak, esaterako.

Giro euskaltzale eta abertzalean hazi zineten etxean eta gaztetxotatik bizitu zenuten giro hura…
Anaiak eta ahizpak euskarazko antzerkia egiten zuten Asteasun. Udaletxean hasi ziren eta Belenen batzokia jarri zutenean, bertan eskaintzen zituzten emanaldiak. Jende asko joaten zen antzerkia ikustera. Nik ez nuen antzerkirik egin, baina makina bat aldiz garbitu nuen batzokia, Jesus! Neska koskorra nintzen orduan, 13 urte izango nituen eta batzoki guztia garbitzen nuen, goitik behera. Piano ederra egoten zen hantxe, baina gerrazale haiek eraman egin zuten.

36ko Gerra gertutik ezagutzea egokitu zitzaizun…
Makina oker pasatzen da, baina gerra da txarrena. Asteasu herria hain txikia izateko oso gogor astindu zuen gerrak. Sei herritar jator fusilatu zituzten bertan batere kulparik gabe, baita hainbat kanpotar ere. Gertaera haietan herriko jendea izan zen okerrena, bengantza eta inbidia handia baitzegoen.
Guk ere etxean bizitu genituen gerraren ondorioak. Telefonoa genuelako inbidia ziguten eta aita espetxeratu egin zuten, salaketa baten ondorioz: porque era un pájaro de cuidado. Aitak dena utzi egin zuen etxeratu zenean, baita telefonoa ere. Ederki egin zuen. Beste bi neskarekin batera, ahizpa bati ilea moztu zioten batzokiko batzordeko kide izateagatik. Oso garai gogorrak izan ziren.

Gerra ondorenean ile-apaintzaile langintza ikasi zenuen eta Madrilera joan zinen praktikak egitera. Gero Asteasun ile-apaindegia?  
Tolosako Korreo kaleko Manolita ile-apaindegian ikasi nuen ile mozten eta ahizpa Madrilen bizi zenez, hara joan nintzen praktikak egitera. Estudioa ikasi arte aritu nintzen bertan, bueltan etorri nintzen laster. Neska koskorretan hasi nintzen ni ilea mozten, Asteasun ez baitzegoen pelukerarik. Gainerakoan Villabonara joan behar izaten zuten andre baserritar gaixoek! Beraz, ume txikiei ilea moztera etortzen ziren nigana eta gaizki moztuagatik, gustura joaten ziren. Neska koskorra nintzela, neroni ere barberoarengana joaten nintzen ilea moztera. Hura itxura, koloniarekin dena busti-busti egin eta a lo Garson moztuta... Nik ez nuen gogo handirik ile mozten ikasteko, baina ahizpak eta on Hipolitok animatu egiten ninduten zer edo zer ikastera. Denborarekin etxean jarri nuen ile-apaindegia. Diru askorik ez eta pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen, epeka ordaindu nuen sekadora bat ekarri nuen aurrena. Gerora bestea.... Besterik ez zen eta lan asko egin nuen.

Nolatan sortu zenuen Enara dantza taldea?
Gaixotasunagatik erretiratu egin behar izan nuen eta dantza asko gustatzen zitzaidanez, neska-mutilei erakusten hastea pentsatu nuen. Jotak kenduta, ez nekien dantza askorik. Gazteei erakusterakoan ikasi nituen neronek ere. Beno, behin, lehen saria atera nuen plazan. Lehiaketatik kanpo atera ninduten dantzara eta saria eman zidaten. Aizue, euskaldunak motzak gara: neska kastellana batek zoriondu ninduen, qué bien bailas la jota esanez. Euskaldunek ez zidaten ezer esan.
Igartzaneko garajean hasi nintzen orain 40 urte baino gehiago. Dantzari koadrila polita biltzen zen, 15-20 laguneko taldea. San Pedrotan Asteasun eta inguruko herrietako jaietara ere joaten ginen emanaldiak eskaintzera. Gero Tolosako Udaberri dantza taldekoak etortzen hasi ziren eta haien bidez Gaintzara ere joan ginen behin. Sagar dantza, zinta dantza, ingurutxoa, sardinerak…, dantza asko ikasi genuen. Kantuan ere erakutsi nien zertxobait. Besteak beste, San Juan eguneko martxa eta Santa eskeko bertsoak.
Gazte horiek berreskuratu zuten duela bi urte Dantza-soka Asteasun.

Aiurri aldizkarian kolaboratzaile izan zinen, Asteasuko usadio, gertakari eta istorioen berri idatziz. Lekukotzak saileko Herio 1936 argitalpena osatzeko ere nahitaezkoa izan zen zure parte hartzea. Idaztera ere ausartu zinen!
Aiurrik istorioak biltzen zituela ikusi nuenean, eskribitzerik ba ote nuen galdetu eta neroni hasi nintzen. Asteasun Naparrak sartu zirenetik gerra amaitu arteko kontuak idatzi nituen. Garaiko istorioak jakin egiten dira eta kontatzen ez badira galdu. Gainera, niri beti gustatu izan zait irakurtzea. Baserriko ganbaran liburu zahar mordoa genuen. Gurasoei entzundako hamaika istorio ere gorde nuen. Aiurrirako idatzitako kontuak artxiboan bilduta geratu ziren. Ni gustura aritu nintzen lan horretan.

Otsailaren amaieran Aiurri aldizkariak urtero eskaintzen duen ohorezko aipamena jaso zenuen eginiko lanagatik. Gustura?

Horixe baietz, oso gustura jaso dut saria. Pentsa ezazu zenbat jendek egingo zuen gerra denboran lana. Ni baino gehiago jakin arren, ordea, hemen inork ez zuen eskribitu; garai hartan jende askok ez baitzekien idazten eta galdu egin dira kontu asko. Baziren istorio ederrak zituzten herritarrak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!