Eusko Legebiltzarrak babesa eman dio Larraulgo eskolari

Sei urte arteko haurrek Larraulen bertan ikasteko aukera dute 2008az geroztik. Hamabi urte arteko hezkuntza zerbitzua bilduko duen Eskola Txikia lortzea dute orain helburu.

Borroka horretan, Eusko Legebiltzarraren bultzada jaso zuten martxoaren 25ean. Xabier Mujika alkateak eman ditu azalpenak.

2008an Pello Errota ikastetxeko gela bat herrian jartzea lortu zenuten. Zein pauso eman duzue ordutik?
Guraso, Udal eta herriko eragile askoren elkarlana eskatu zuen hezkuntza zerbitzua herrira ekartzeak. Eskola Txikia sortzeko helburuz, lanean jarraitu genuen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren konpromisoa lortu genuen. 2009an idatziz jakinarazi ziguten gaur egun eskolan dabiltzan haurrek 12 urtera arte bertan aritzeko aukera izango zutela, urtez urte zerbitzua zabalduz. Gobernu aldaketaren ondoren, ordea, ez genuen batere aurrerapausorik ikusten. Hezkuntza Sailaren jarrera proiektuari ezezkoa ematea denez, Eusko Legebiltzarrera jotzea erabaki genuen.

Nolako erantzuna jaso zenuten Eusko Legebiltzarrean?
Proiektuaren aldeko 50 bozka eta aurkako 24 izan ziren, horiek guztiak PSOE alderdiarenak. Horrenbestez, Larraulen Eskola Txikia jartzeko eskaera luzatzen dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Zein pauso emango duzue aurrerantzean?
Hezkuntza Saileko kideekin bilduko gara. Legea gure alde dago eta Legebiltzarraren babesak ere indarra eman digu. Momentuz, ez dugu jaso Hezkuntza Sail berriaren idatzizko jakinarazpenik, ezta aurrerapausorik ere.

Gurasoen lana, aipagarria
Herri osoaren ahalegina eskatzen ari da eskolaren proiektua. Ahalegin berezia egiten ari dira, besteak beste, guraso elkarteko kideak. Olatz Urraka guraso elkarteko lehendakaria da eta gustura ageri da Legebiltzarrean jasotako babesarekin: “Indarra eman digu, Hezkuntza Sailari presioa egiteko baliagarria izango zaigula iruditzen zaigu”.
Gasteizen izan zen Olatz Urraka, Eskola Txikiaren proiektua defendatzen: “Eskatzen dituzten balditzak betetzen ditugu, eta azpiegitura nagusia eraikita dago, Hezkuntza Sailari eskatzen zaion bakarra zerbitzua ematea da, baina hala ere, ezezko jarreran daude”.
Argudio ezberdinak erabiltzen ditu Hezkuntza Sailak Larraulen hamabi urte arteko Eskola Txikiaren aurkako jarrera erakusteko. Hala azaldu du Olatzek: “Batetik, haurren sozializazio falta aipatzen dute. Gure ustez, argudio hori Eskola Txikiaren filosofiaren aurkakoa da eta Eskola Txikia ez da guk asmatutako zerbait, hezkuntza sisteman integratutako eskola mota baizik. Bestetik, Asteasuko eskola bi kilometrora dagoela esaten dute, eta egia da; baina gurea herri proiektua da eta horretarako beharrezkoa da eskola, gainerako herriak zenbat kilometrora dauden kontuan izan gabe”.  Hamabi urte arteko hirurogei haur dago gaur egun Larraulen: “Eskolan 16 ume ditugu eta datorren urtean 19 izango dira. Datorren ikasturtean haur bat igaroko litzateke Lehen Hezkuntzara eta hori ere proiektuaren aurkako argudio gisa erabiltzen dute. Argi dago, ordea, Lehen Hezkuntza bertan izatea lortzen badugu, herri guztirako zerbitzua izango dela”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!