Mikel Iturria Andoaingo eskolako txirrindularia Paris-Roubaix probara doa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 29a, 15:17

Mikel Iturria urnietarra Espainiako federazioarekin kontzentratua egon da asteburuan eta gaur jakin ahal izan denez, apirilaren 11n Paris-Roubaix lasterketa ezagunean parte hartuko du estatu mailako federazioen elastikoarekin. Jubenil mailako txirrindulari urnietarrarentzat sekulako albiste pozgarria da, lasterka mitikoan parte hartzeko aukera izango duelako. Helduek egingo duten lasterketa osoaren azken 122 kilometroak egingo dituzte jubenil mailako txirrindulariek, horietako 29 kilometro inguru harlanduaren gainean.

Igandean Laukizen parte hartu zuen selekzioarekin 23 urtez azpiko afizionatuen lasterketa batean, eta Mikel Iturria jubenila izanik ere 15. sailkatu zen. Aritz Mujika, Eskolatik pasatakoa eta orain afizionatuetako BELCA taldean dabilena 17. postuan helmugaratu zen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!