Kantua, musika eta dantza izan da nagusi ekitaldiaren hasieran. Jexux Mari Irazu larrauldarrak eskolaren inguruan osatutako hiru bertso abestu ditu biolina eta gitarraren laguntzaz. Hara abestu duen bigarren bertsoa:
Ametsak beti garesti daude
hemen ta beste danean
zenbat izerdi dagon atzetik
gaurko ospakizunean,
zarra agurtu berriaren zain
belaxe obrak lanean,
festa doblea egingo degu
inauguratzen danean.
Desio ugari
Haur txikienek, irudikatutako eraikin baten inguruan dantza alaia eginez jarraitu du jaialdiak eta ikasle, guraso nahiz irakasleek ekitaldirako bereziki idatzitako testua irakurri dute zatika musikaren laguntzarekin. Desioak eskatu dituzte gero, ikasleek aurrena, irakasleek gero. Jolaserako eta ikasteko leku atsegina izan dadin bat etorri dira guztiak. Iñaki Amenabar Asteasuko alkateak ere azaldu du udaletxeko desioa, "besteak beste, atera daitezela eskola honetatik nobel saridun bat, Retegik baino txapela gehiago jantziko dituen pilotaria, aberriaren eta pobreen egoera hobetuko duen pertsona bat...". Eskolako zuzendari Aitor Atxegak hurrengo Aste Santuetarako inauguratzeko modua izatea eskatu du eta alkateak hala izango dela esan eta gero, desioen ontzia lur azpian sartu eta hartxintxar palakadaz estali dute guztien artean. Sabelak goxatzeko txanda izan dute segidan.