Andoaingo N-1 errepidearen saihesbidea, "estrategikoa"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 25a, 09:41

N-1 errepidearen saihesbide berria Andoaingo udaletxean aurkeztu zuten Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin.

Ongietorria eta eskerrak eman zituen Estanis Amutxastegi Andoaingo alkateak, "N-1 errepidearen alternatiba izango dena aurkeztuko dugu gaur. Garrantzitsua izango da, istripuak eta arrisku handiko egoera ugari saihesteko baliagarria izango delako. Horrek lasaitasun handia ekarriko du Andoaingo hainbat auzotara".

Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatuak egitasmoak duen garrantzia adierazi zuen, "gure lansailarentzat ziurrenik etorkizunera begira daukagun proiekturik garrantzitsuena izango da. Gure errepide sarearen puntu estrategikoenean gaude. Bertan lotzen baitira errepide nagusienetakoak: N-1 errepidea, A-15 autobia eta epeka osatzen ari den Urumeako saihesbidea. Argi dago Gipuzkoako errepide sarean Andoaingoa kokapen neuralgikoa dela. Proiektu berria, beraz, garrantzitsua da ikuspegi horretatik. Gaur egungo egoera ez da batere egokia, eta alternatiba eskainiko dio eraikuntza berriak".
Foru Diputatuak aldaketa hauekin erosotasunean eta segurtasunean irabaziko dela berretsi zuen, "andoaindarrei eta bertatik igarotzen diren gipuzkoarrei bihurgune txarrenetakoa alde batera uztea ekarriko luke, ikastolako bihurgunea bezala ezagun dena. Bestetik, noski, Andoain herriarentzat berarentzat ikaragarrizko hobekuntza ekarriko luke. Iraultza izango da, amestea ere zaila litekeen egoera zabalduko delako. Egungo N-1 errepidea Andoaingo etorbide bilakatuko delako".

Alegazio epea luzatu da
Foru Aldundiak Andoaingo Udalaren eskaerari erantzunez alegazio epea luzatzea onartu du. "Hiritarrek udaletxera hurbiltzeko, ibilbidea ikusteko eta alegazioak aurkezteko aukera izango dute. Udalak eskatuta alegazioak aurkezteko luzapena izango da, Udalak hala eskatuta bada, ondo deritzogu luzapena beharrezko ikusten bada. Hortik aurrera eraikuntza proiektua idazteari ekingo genioke, ahalik eta epe laburrenean obra errealitate bilaka dadin.

Dagoeneko saihesbidearen distantzia, aurrekontua eta eraikuntza gauzatzeko aurreikuspenak ezagun dira:

Aurrekontua eta tunela
Distantzia: 3,9 kilometro.
Aurrekontua: 120 milioi euro.

Goiaren esanetan, “Egitasmoa pisuzkoa da, konplexua, eta horregatik du horrelako aurrekontua. Elementu nabarmenetakoa tunela litzateke, ia 300 metrokoa. Hainbat eskariri erantzunez proiektuan jaso dugu, irtenbide hobea izan daitekeelakoan".

SAIHESBIDEA GAUZATZEKO EPEAK
2011: Proiektuaren erredakzio-lana.
2012: Eraikuntza lanen hasiera.

"Trazatu proiektua aurkeztu da. Presazkoa da, baina eraikuntza konplexua denez denboran luzatuko zela aurreikusi genuen. Idazketarekin hasi ginen eta bere konplexutasuna ikusita, idazketa berak denbora behar zuela ikusi genuen. Horregatik lehiaketa bakarrean trazatua eta konstrukzioa sartu genituen. Kontratu bakarrean biak egin ditugu, epeak laburtzeko. Alegazioak jaso eta aztertu ondoren, konstrukzio proiektuari ekingo diogu. Horren idazketak urte hau eskatuko digu zalantzarik gabe. Nik ikusten dut obren exekuzioa 2011ren amaiera edo 2012aren hasieran posible izango litzatekeela.

EGITASMOAREN FINANTZIAZIOA
Gipuzkoan errepide-sareko ordain-sarien aferari estuki lotuta dago.
Diputatuak airean utzi zuen finantziazioaren gaia. Euskadi irratiko kazetariaren galderari erantzunez argibide gehiago eskaini zituen, "ez dut ukatuko gauza bat, neurri handi batean proiektua lotuta egon daiteke finantzazioari dagokionez momentu honetan lurraldean dugun beste eztabaida batekin. Horren arabera, lehenago edo beranduago ekin dakieke lanei".
Kazetariak segidan galdera egin zion: "-Alegia Etxegarateko peajea jarri edo ez, zerikusia izan lezake honekin...".
"-Ba, bai", erantzun zuen Goiak.

DATU AIPAGARRI GEHIAGO
Maketa ikusgai: Udaletxean.
Herriak: Andoain, Aduna, Villabona.
A-15: Sarrera bideak zabalduko dira.
Bi zubi: Bata 320 metrokoa, Lasarte inguruan Oria ibaiaren gainean. Bestea 645 metrokoa, Urnieta inguruan.
Trafikoa: Bazkardo N-1 errepidean eguneko 71.000 ibilgailu dabil.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!