Alex Tello, aktore eta kultur sortzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 25a, 09:40

Antzerkigintza bizimodu gisa hartzeko apustua egina du Alex Tello andoaindarrak. Eta ez dauka geldirik egoteko betarik. Haur nahiz helduentzako antzerkia egiten du, telesailetan paper txikiak… Antzeztu ez ezik, antzerki eta bideoklipen gidoiak edo R bezalako musika taldeen letrak ere idazten ditu… Antzerki programatzailea ere bada Doka-n, Donostiako euskaltzaleen elkargunean.

Etxeberrietako auzotarra izan zara urtetan…
Alex Tello. Gure familia Etxeberrietan eta Karrikako auzoetan bizi zen, nik hamar urte bete arte behintzat. Usurbilera joan ginen bizitzera gero. Hala ere Andoaingo ikastolan jarraitu nuen ikasten 18 urte arte, eta nire lagun koadrilak Andoaingoa izaten jarraitu zuen; nahiz eta Usurbilen lagunak egin, eta hango musika eskolan zein eskubaloi taldean murgildu, Andoainerako joera eduki dut urtetan.

Noiz eta nola deskubritu zenuen antzerkia?
A.T. Kuriosoa izan da antzerkira iritsi arteko nire ibilbidea. Ikastolan nahiko ikasle aldrebesa nintzen; alfer samarra esan nahi dut. Eskolan beti katxondeoa zen nagusi nire inguruan; nirekin nahiz nire kontura ondo pasatzen zutela ikaskideek uste dut, eta nik ere gozatu egiten nuen. Alfredo Kamio irakasleak ere amari ni aktorea nintzela ohartarazten zion.
Etxean esaten zidaten “lehenbizi karrera egin eta gero antzerkia, nahi baduzu”; bestela nahi izanda ere, ez da ahaztu behar orduan izakera artistikoko ikasketarik ez zegoela. Beraz, gizarte hezkuntza ikasi nuen, eta bost urtez Villabonako kale hezitzailea izan nintzen. Geroztik, 26 urtez, Egiako arte eszenikoen tailerrean sartu nintzen; han hartu nuen aktore izateko erabaki sendoa.
Ibilbide horretan, pena txikia gordetzen dut barruan: sen hori lehenago, 12-13 urterekin edo, askatu ez izana da. Antzerkirako prozesu naturalagoa gertatu ez izana, alegia.

Antzezpena bizimodu gisa ikusten duzu gaur egun, beraz…
A.T. Hori da nire erronka. Antzerkiaren gose naiz, eta zuzenean edo zeharka antzezpenarekin zerikusia duten makina bat proiektutan murgilduta nabil.
Bidean, antzerkia euskaraz egin beharraren kontzientzia hartu dut. Etxean gurasoek ez zekiten euskaraz, eta lau anai-arrebetatik Jon anaiak eta biok bakarrik ikasi genuen ikastolan… Giro horretan hezita, normala izan zitekeen hasieran berdin izatea euskaraz nahiz gaztelaniaz egitea antzerkia. Behin batean, ordea, Julia Marin antzerki zuzendariarekin egin nuen topo, eta hark txertatu zidan euskararekiko grina.  

Andoainen taula gainean ikusi ahal izan zintugun asko ez dela…   
A.T. Porrotx pailazoa eta biok Gaztetxearen urteurrenean izan ginen, 2009ko azaroan, eta oso gustura jardun genuen. Porrotxek tarteka hots egiten dit, Ximon pertsonaiaren papera egin dezadan; biok osatzen dugun ikuskizuna nahiko formato txikikoa da. Porrotx da protagonista eta Ximon ondoan dauka. Ximon mutiko handikotea da, bihurria; bakarrik sentitzen da eta Porrotxek bultzatzen dio laguntxoak egin ditzan.
Txerriki talde amateurrarekin ere ibili naiz Andoainen kalejiran, perkusio talde bat osatu ondoren “Andoain creativa” izeneko jaian hartu genuen parte.   

Antzerkigintzan esku artean ezer potolorik ba al daukazu oraintxe?
A.T. Egunotan Ttinbili-Ttanbala taldekoek “Hiru, bi, zast, egizu jolas!” haurrentzako antzerkia estreinatu dugu. Gure aurreko “Hitzen lapurra” ikuskizuna haurrek hitza beregana zezaten pentsatuta zegoen bezala, oraingo honetan jolasa da ardatz, jolas egin dezaten animatu nahi ditugu haurrak, bertsoa, txotxongiloak eta antzerkia uztartuz.

Elkarrizketa osoa irakurgai:
www.aiurri.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!