Kataluniako atez ateko esperientzia, Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 25a, 09:38

Martxoaren 26tik 28ra Buruntzaldeko hainbat herrietan “Atez ateko hondakin bilketa. Zero zaborrerako bidean” nazioarteko jardunaldiak burutuko dira, tartean Urnietan.

Mankomunitateko Udalek, Eguzki edota Arnasa bezalako gizarte eragileekin lankidetzan, nazioarteko ereduen lekukotzak bertaratu dituzte. Eskuorrian aditzera eman dutenez, “Hondakinen gaikako bilketa gure herrietara egokien aplikatzeko ereduak Katalunian, Baleareetan eta Italian” aurkitu dituzte. Herrialde haietako agintariak eta adituak izango dira, beraz, nazioarteko jardunaldietako partaideak.

HITZALDIA LEKAION
Martxoaren 26an Lekaion Assumpta Boba Caballék hitzaldia eskainiko du atez atekoaren inguruan. Argentona herriko zinegotzia, Assosiació de Municips Catalans per á la recollida porta a porta elkarteko zuzendaritzakidea da. Jardunaldien egitaraua, bere osotasunean, Aiurri honetako agenda atalean kontsulta daiteke.
Mankomunitateak eta Udalek banatu duten eskuorrian Maialen Lujanbiok idatzitako “Eskuak zenbat” manifestuaren honako pasartea bildu da: “Eskua, ohitura bere egina du, bere keinua, betikoa eta betikotua. Ohitura barruan gogortu zaio. Kosta egiten da aldatzea. Beldurra ematen du aldaketak. Ohitura segurtasuna da eta heldulekua. Baina eskuak mudatu dezake keinua, ahalegin txiki bat baino ez da beretzat. Dena batean pilatzen zuena bereizi dezake hainbatetan. Eta egunean-egunean atarian utzi.
Berritasunaren ikara, berritasunaren indarra bihurtu dezake eskuak. Ausartu egin behar du, froga egin; moldatu, hobetzeko”.

Atez ate, Hernani
http://www.hernaniatezate.net/
“Hernanin hondakinak atez ate biltzen hasteko bi hilabete baino gutxiago falta dira, sartu gara beraz azken txanpan. Oraindik egiteko dauzkagun zereginen artean 12.000 kuboen banaketa dago, bina kubo Hernanin bizi diren 6.000 familientzat. Banaketa datorren astearte honetan hasiko da, martxoaren 23an.
Udalak doan banatuko ditu kuboak, eta beraz herritarrek ez dute ezer ordaindu beharrik izango. Kuboak hartzeko epea apirilaren 17an amaitzen da”.

Atez ate, Oiartzun
http://atezate.oiartzun.org/
Oiartzungo Udalak lotuta ditu hondakinak atez ate biltzen hasteko beharrezko azpiegitura guztiak, eta Aitor Etxeberria alkateak gaur eguerdiko agerraldian esan bezala, “datorren maiatzaren 5ean hasiko gara hiri hondakinak atez ate biltzen”. Hurrengo hilabete eta erdian herritarrei ahal bezainbat erraztasun eta informazio praktiko eskura jartzea izango da udalaren helburua.
Orain bi urte hasi zen gai hau lantzen Oiartzungo Udala, eta pasa den azarotik hona herritarrekin batera gorpuztu du atez atekoak herrian izango duen funtzionamendua. Orain, halaber, “heldu da sistema martxan jartzeko ordua, heldu da hondakinen arazoari egiazko irtenbidea emateko ordua”, adierazi du Etxeberriak.

Mikel Izagirre, ALKATEAren iritzia

"Orain urte batzuk Urnieta polemika handi baten jatorri izan zen, erraustegia herrigunetik 400 metro baino gutxiagora inposatu egin nahi izan zitzaigulako, eta urnietarrak ez geunden ados hori jasan beharrarekin. Hain zuzen, Maribel Vaquerok eta EAJk zuzendu zuten inposaketa hori. Gau egun, seguru ez luketela egingo.
Bitxia bada ere, erraustegiaren defendatzaile hauek orain esaten digute bosgarren edukiontzia nahi dutela. Zertarako? Hondakinen kudeaketa arduratsua eragozteko eta, hala, orain bost urte egin zuten bezala, azpiegitura kutsakor honen beharra justifikatzeko, oraingoan Zubietan eta ez Urnietan.
Bai EAJk eta bai PSEk atez ateko bilketa sistemari buruz egiten duten demagogiaren atzean dagoena da alderdi politiko hauek duten izua, frogatu ahal izango bailitzateke, gertatzen ari den bezala, sistema eraginkorra dela eta erraustegia ez dela beharrezkoa, berau erre ahal izateko ezer gabe geratuko bailitzateke. “Munstroari” zer emango liokete jateko? Zaborrik ez badago, erraustegia ere ez da behar.
Beti esan izan dugu atez ateko bilketa egin ahal izango litzatekeela eta hala egiten ari zela Europako hainbat eskualdetan, hala Italian (8 milioi italiarrek egiten dute), nola Alemanian, Belgikan, Frantzian edo Katalunian. Dena den, Gipuzkoako Aldundiari ez zitzaion eta ez zaio interesatzen errealitate horiek egiaztatzea, nahiago du beste aldera begiratu eta, horren ordez, erraustegietara bisitak antolatzea.
Baina, zer gertatu da? Gipuzkoako Aldundia nabarmen geratu dela, izan ere, gipuzkoar lurraldeko herri batean, Usurbilen zehazki, egiaztatu baitute atez ateko sistema guztiz bideragarria eta eraginkorra dela.
Usurbilgo eta Italiako, Alemaniako, Belgikako, Frantziako eta Kataluniako ereduek, eta Aldundiaren beraren beste esperientzia batek ere, baieztatu dute behin eta berriz atez ateko bilketarekin lortzen diren hondakinen kudeaketako emaitza onak. Hori gogorarazi nahi diegu EAJko jaun eta andreei eta, batez ere, Maribel Vaquerori, iraina eta demagogia merkea erabili baititu sistema hori deslegitimatzeko, sistema horrek bere eraginkortasuna sobera frogatua utzi duenean.
EAJk eta Maribel Vaquerok zabor-turismoari buruz hitz egin dute, alde batera utziz Europa osoan abian jarritako esperientzia guztiak eta Gipuzkoako Aldundiak berak gauzatutakoa, zabor-ekoizpena %25ean murriztea lortu zuena. Bilketa Usurbilen bezala egiten zen eta emaitzak udalerri gipuzkoar honetan lortutakoen antzekoak izan ziren.
EAJk dio Usurbilgo atez ateko kudeaketa sistemaren datuak ez direla benetakoak. Kasu horretan, gustatuko litzaiguke euren arabera benetakoak diren datuak ezagutzera ematea, kontuan izanda Usurbilgo materia organikoaren bilketako datuak eta bosgarren edukiontziarekin biltzen duten gainerako udalerrien datuak GHK-k ematen dituela, erakunde honek kudeatzen duelarik Lapatxeko konpostatze-planta.
Zer diote emaitza horiek? Usurbilen, 6000 biztanlerekin, 25000 biztanle dituen Donostiako Amara auzoak baino 112.588 kilo gehiago biltzen direla. Azkoitia, Azpeitia, Zarautz eta Zumaiak, 57564 biztanlerekin, bosgarren edukiontziarekin gutxi gehiago biltzen dute (5t). Bil litekeen materia organikoaren %14a bakarrik jasotzen da. Gipuzkoako Foru Aldundia partaide duen GHKk emandako datuak dira. Horiek ere gezurra al diote? Eta zer gertatzen da gainerako frakzioekin?
Atez atekoarekin gertatzen dena da, materia organiko gehiena desagertzean, gainerako materialen birziklatzea handitu egiten dela eta, gainera, bereizketa modu antolatuagoan, kopuru handiagoan eta kalitate gehiagoz egiten dela. Hori bera egiaztatu daiteke ontzien banaketa egiteko instalazioetan eta papera biltzekoetan.
Bestalde, zabor-turismoari buruz ari direnean, geure buruei galdetzen diegu non egiten den turismo mota hori, kontuan izanik Lasarteko azken datuen arabera zaborren bolumena %18an jaitsi denean. Eta, hainbeste ez bada ere, San Markoseko Mankomunitateko gainerako herrietan ere murriztu egin da, salbuespen txiki batzuekin. Beraz, esaiguzu zuen iritziz falta diren zaborrak non diren, ez esan gezurrik eta ez egin demagogiarik.

Ondorioa:
Atez ateko sistemarekin zabor gutxiago sortzen da, gehiago birziklatzen da, frakzio bakoitza dagokion lekura eramana izan dadin eragiten da eta orduan kontuak ateratzen dira. Emaitza berak ikusiko ditugu Hernanin eta Oiartzunen, eta berdin ikusiko ditugu Urnietan, EAJk eta PSE-EEk ez badute eragozten.
Zentzu horretan, adierazi nahi dut gobernu taldeak atez ateko sistema abian jartzea proposatu genuenean EAJk, segundu bakarra itxaron gabe, bosgarren edukiontzia proposatu zuela. Jeltzaleei zuzendutako galdera potoloa, zeinek ordainduko du bosgarren edukiontzi hori?
Azalpena hemen: iazko abendua bitartean GHKk bere gain hartzen zuen bosgarren edukiontziaren bilketa eta gipuzkoar guztien artean ordaintzen genuen, bai biltzen zutenek eta bai biltzen ez zutenek ere. Kalean jartzen ziren edukiontzi guztiak ere gipuzkoar guzti-guztiok ordaintzen genituen.
Orain nahi dutena da bosgarren edukiontzia mankomunitate guztien artean ordaintzea, horren kostua ezin baitute Udalek euren gain hartu. Hain zuzen, arrazoi horrengatik Donostiako Udalak sistemaren kostua San Markoseko Mankomunitateari bidali dio. Bosgarren edukiontziaren kostua egungo bilketarena baino %40 gehiago da eta horrek, zalantzarik gabe, biztanleriaren zaborren ordainagirian eragingo luke.
Dena den, Usurbilen ez dute inola ere aukera hau planteatzen. Zergatik? Atez ateko bilketa sistema kostuetan parekagarria delako epe laburrean. Gainera, epe luzean sistema hau egungo sistema baino merkeagoa da, eta bosgarren edukiontzia baino askoz ere merkeagoa.
Usurbildarrengan dugu irakasgairik onena. Haiek, atez atekoa erabiltzen urte bat egin ondoren, sistema berretsi dute, aldekoak eta kontrakoak berezko esperientziarekin egiaztatuz, eta sistema honi buruz egindako kontsultan parte hartze handiarekin eta beronen aldeko botoen gehiengo garbi batekin". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!