Zeintzuk osatzen duzue Devious taldea?
Imanolek ahotsa jartzen du, Aitor baterian aritzen da, Harkaitz baxua, hirurak Urnietakoak eta Ander eta Beñat gitarrarekin aritzen garen andoaindarrak gara.
Nola elkartu zineten?
Gertutasuna izango da! Kontzertuetan elkartzen ginen, Cohenen kontzertuetan esaterako… Batek gitarra jotzen zuela, besteak bateria… Pixkanaka egindako laguntasunetik atera zen taldea sortzeko ideia. Duela bi urtetatik ari gara entsaiatzen.
Musika estilo antzekoa badugu, baina taldekide bakoitzak bere gustuak ditu eta bakoitzak bere aldetik jasotakoa isladatzen da gure lanean.
Euskal Herrian zein panorama ikusten duzue, ate asko jo behar izan al duzue lana aurrera atera ahal izateko?
Gure kasuan, maketa, edo disko edo lan berri hau kalitatezkoa izatea nahi genuen, ez etxean egina. Garate Estudioetan grabatzeko aukera sortu zitzaigun eta Madrilen dugun Salamancako lagun bati esker kopiak aterako dizkigu bi-hiru aste barrurako. Disketxe berri bat sortzen ari da eta guztiontzat interesgarria izango delakoan gaude. Zerbait nahi duenak, norbera mugitu behar du baina Euskal Herriko panoramari erreparatuta, talde asko dagoela esango genuke.
Zuen diskoa erosi ala internetez jaitsi, nola ikusten duzue salmenten egoera? Zenbateko tirada egingo duzue?
Beste taldeei galdezka ibili gara eta nahita behetik jo dugu, salmenta segurua nahiago dugu gero, behar bada, eta gauzak ongi badoaz, bigarren aldiz egingo ditugu kopia gehiago.
Zer topatuko du entzuleak disko berrian?
Diska hasierako abestietatik amaierako abestietara diferentzia edo eboluzio bat dauka. Nahiko gogorra izan daiteke batzuentzat, gure kasuan adibidez, terapia moduko bat izan daiteke, amorrua askatzeko terapia gisa.
Non izango duzue diskoaren aurkezpen kontzertua?
Tolosako Bonberenean, Letaman Intxaurrondoko gaztetxean, Gasteizko Gaztetxean… Oraindik egunak zehazteko ditugu baina, aterako dira kontzertuak. Gainera diskoa eskuan izan arte ez dugu aurrera egin nahi. Gure kontzertua entzun eta norbaitek erosi nahi badu, eskura izan dezala nahi dugu.