Uraren nazioarteko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 24a, 18:49

"Urak  etengabeko presentzia izan zuen Leitzaran Bisitarien Etxeak eta Andoaingo Udalak martxoaren 21ean, igandean, mundu mailako uraren egunaren inguruan antolaturiko ospakizunetan. Hala ere, ekintza guztiak normaltasunez burutu ziren".

Berrogeita hamar pertsona inguru hurbildu ziren Leitzaran Bisitarien Etxera. Hauxe da antolatzaileek egiten duten balorazioa:

"Goizeko 9:00etan eta puntualtasun britainiarrez, Leitzarango II Ibilaldi Neurtua hasi zen. Partehartzaileek, beti Gurutze Gorriko mendi-unitateak lagundurik, Leitzaran Bisitarien Etxetik atera eta Bertxinen bukatu zuten, Plazaolako naturbidea jarraituz. Ibilbideak 500 eta 1000 eskaileretako ubideak, Goiburu auzoa eta Unanibiako zubiak zeharkatzen zituen. Irabazleak, Arantxa Aranalderen familiak, 136 minutu behar izan zituen ibilaldi polit hau osatzeko.

Margo-txapelketa oso erakargarria izan zen Leitzaran Bisitarien Etxera hurbildu ziren haurrentzat. Partehartzaile guztiek sari bana jaso zuten egindako margolan politengatik; bereziki, Andoni Alonso 7 urteko mutil andoaindarrak, Leitzarango urari buruz egindako marrazki politagatik. Sariak, Petri Romerok banatu zituen, Andoaingo Udaleko Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteriako zinegotziak.

Igandean Leitzaran Bisitarien Etxera hurbildu zirenak euli-tailerrean aritzeko, jaurtiketan jarduteko eta errekan arrantza egiteko aukera izan zuten. Aldi berean, UNICEF-Gipuzkoak utzitako Hirugarren Munduan ur edangarria eskuratzeari buruzko argazki-erakusketa eta Uraren Interpretazio Zentroa ikusteko aukera ere izan zuten. Gainera Decathlonek emandako mendi-bizikletaren zozketan parte hartu ahal izan zuten.

Saioa jai eta famili giroan egin zen eta hamaiketako bat ere izan zen bertara hurbildu zirenentzat. Euria egin arren, Leitzaranen antolaturiko II Mundu Mailako Uraren Egunak oroitzapen oso ona utzi du. Dagoeneko Andoaingo Udala, Leitzaran Bisitarien Etxearen laguntzarekin, maiatzean ospatuko den Ibilbide berdeen eguna antolatzen ari da Plazaolako ibilbidean egingo den egitarau interesgarri batekin.       

Mundu mailako uraren egunaren inguruan Leitzaran Bisitarien Etxeak antolaturiko ekintzei bukaera emateko, hitzaldi-erakusketa bat antolatu zen astelehenean Andoaingo Urigain kultur etxean. Hizlaria Nagore Gorostiza Mendia izan zen, UNICEF-Gipuzkoako Garapenerako Heziketaren arduraduna.

Ekainaren 23 arte, Leitzaran Bisitarien Etxera hurbiltzen diren eskola-umeak argazki erakusketa ikusteko aukera eta UNICEF-Gipuzkoak utzitako hezkuntza materiala erabiltzeko aukera izango dute gai hau lantzeko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!