Kotoi, Etxeberrietako elkarte gastronomikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 19a, 14:26

Lagunartean sortu zen elkarte berria osatzeko ideia. Eduardo Audikana izan da bultzatzaileetakoa, “Urtebete edo Etxeberrietan potean geundela hiru lagunen artean hasi ginen ideia lantzen. Beste auzotar batzuri asmoa agertu eta gero, Etxeberrieta plazan lokal bila hasi ginen. Bilera batzuk deitu genituen eta 43 pertsona erakartzea lortu genuen. Geroztik jende gehiago gerturatu da eta horretan gaude, errealitate bilakatuko den egitasmoari azken bultzada eman nahian”.

Algodonera Guipuzcoana Etxeberrietan kokatuta zegoen fabrikaren izenean oinarrituta, Kotoi izeneko elkarte gastronomikoa errealitate bilakatuko da hilabete gutxira. Elkarte berria osatzeko pauso garrantzitsuenak eman dituzte dagoeneko; obrak burutu eta ateak ireki bitarteko epean bazkide berriak erakartzeko kanpainarekin jarraituko dute.

Olatz Azpillaga elkartea sortzeko talde eragileko kide da, “kopuruan 64 bazkide izatera iritsi nahiko genuke. Besteak beste, elkartea sortzeko gastuak arintzeko. 46 bazkiderekin aurrera egingo genuke, dagoeneko bazkide garenok lokalarekin eta elkartearen egitasmoarekin aurrera egitekotan gaudelako”. Etxeberrietarrak, Zumea plaza ingurukoak... Elkarte gastronomiko berri honetan 30-40 urtekoa da batez beste nagusitzen den adin tartea. Eragileek, nolanahi ere, andoaindar orori luzatu nahi diete Kotoi elkarteko kide egiteko aukera.

Urte eta erdi barru
irekiko da

Lokalaren lehen ordainketa banketxe batekin negoziatuta daukate, eta maileguaren kopurua lokalaren eta obraren tasazioaren arabera zehaztuko da. Hilabete gutxiko epean emango dira pauso horiek guztiak. Ondoren obrari ekingo diote eta hemazortzi hilabeteko epean elkarte berria erabiltzeko moduan izango direla espero dute.

Finantzazioa
Hasiera batean biltzen ari zirenek 100 euroko seinalea jarri zuten. Hurrengo hilabetean elkarteko bazkide izan nahi duenak 1.500 euroko ordainketa egin beharko du. Diru kopuru hori jartzen duena bazkide izango da.

Hortik aurrera, biltzen duten bazkide kopuruaren eta hitzartzen duten maileguaren arabera, sei hilabete barru egingo duten bileran 1.000 euro gehiago jartzea edo ez eztabaidatuko dute.

hilabeteko kuota ordaindu beharko dute, gutxi gorabahera 50 eurokoa. Kuota hau hamabost urtez ordaindu beharko litzateke, maileguak iraungo duen bitartean. Datu orokorrak Sergio Barreirok eskaini ditu, “Hasierako ordainketa eta hilabeteko kuotak kontuan hartua, denera bazkide bakoitzak 6.000 euro ordainduko dituela kalkulatu dugu”.

Elkartearen osaketa

  • Xedea: Elkarte gastronomikoa, bilgunea izango dena.
  • Izaera: Kirol eta kultura elkartea.
  • Izena: San Inazio, Belkoain, Oria… Izen ezberdinak aztertu eta gero, Kotoi izenaren alde egin zuten.
  • Aurrekontu orokorra: 400.000 euro, elkartea martxan jartzeko.
  • Mistoa: Emakumezkoek eta gizonezkoek erabili ahal izango dute. Bazkidearen bikotekideak ere erabili ahal izango du elkartea.
  • Elkartearen osaketa: 64 eserleku, 5-6 mahai handi, sukaldea, elbarrituentzat egokitutako komunak eta biltegia.
  • Harremanetarako: etxeberrieta@hotmail.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!