Aintzina musika taldea, Basteron zuzenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 19a, 14:25

Arkaitz Miner, Alan Griffin, Zigor Sagarna eta Juanjo Otxandorena.

Euskal erromantze zaharberrituekin agertu da Aintzina taldea euskal musikagintzaren panoraman. Juanjo Otxandorena, Alan Griffin, Arkaitz Miner eta Zigor Sagarnak osatzen dute Aintzina taldea.
Basteroko ekitaldi aretoan zuzeneko emanaldia eskainiko dute, martxoaren 27an, larunbatarekin, arratsaldeko 20:00etan. Suitian diskoa aurkezteko aukera ondo baino hobeto baliatzen saiatuko dira.

Nola sortu zen Aintzina taldea?
Juanjo Otxandorena: Alan Griffinek aspalditik zeukan horrelako egitasmoa aurrera eramateko gogoa; alegia, euskal kantutegitik argitaratu gabeko doinu eta kantuak hautatu eta konpontzeko gogoa. Horretarako talde bat osatzea ezinbestekoa zenez, eskura zeuzkan musikariengana jo zuen, hots, Zigor Sagarna, Arkaitz Miner  eta hirurongana. Euskal musikan denok ere dezenteko eskarmentua daukagu eta aurrera egin dugu.

Nondik dator Aintzina izena?
J.O.: Kantu zaharrak lantzen dituen talde batentzat izen aproposa izan zitekeela pentsatu zen. Bigarren arrazoia, aurrera zoazela adierazteko ere erabiltzen dela hitz hori; izan ere, horixe baita Aintzina taldeak egiten duena: doinu berriak sortu eta kantu zaharrak eguneratu.

… eta diskari izena ematen dion Suitian?
J.O.: Suitian hitzak, sukaldean esan nahi du; hain zuzen ere, hori izan da taldeak lan egiteko beti eduki duen lekua. Hortxe egiten ditugu entseguak, taldekide baten edo bestearen etxeko sukaldean. Ondo gosaldu ostean, tresnak atera eta lanari ekiten diogu.

Zein istorio kontatzen dituzte letrek?
Alan Griffin: Doinuak bezala letrak ere euskal tradiziotik jaso dira. Inoiz argitaragabeak dira denak, erromantze herrikoiak dira gehienak. Izugarriak eta tragikoak diren istorioak kontatzen dituzte batzutan; goxo eta leunak, irismen unibertsala dutenak besteetan. Hala ere, egia da istorio lazgarriak direla nagusi diskan, jaso den kantutegi tradizionala ere halakoa baita.
Esan beharrik ez dago, dena den, letrekiko interesa duenak diskan bertan topatu ahal izango dituela.
    
Hainbeste instrumentu ikusita, zuen musika estiloari folk zeltaren etiketa jarriko dio batek baino gehiagok...
A.G.: Diskoan, euskal tradiziokoak diren eta Irlanda edo Eskoziako tradizioarekin zerikusirik ez duten alboka, klarinetea eta ginbarda jotzen ditut nik; Europako mendebaldean osoko kulturek ezagutu dituzten flautak ere jotzen ditut. Zigor Sagarnak euskal musikan tipikoa den panderoa darabil. Arkaitz Minerrek biolina jotzen du, hau da, musika kultura anitzen barnean sartu behar den instrumentua. Minerrek mandolina ere jotzen du, eta Juanjo Otxandorenak bouzoukia; tresna horiek interpretari irlandarren eskutik egin dira ezagun folk estiloan, baina egun munduko hainbat herrietako musikagintzan erabiltzen dira.  
Goian aipatu tresna horiek guztiak musika zelta jotzen dutela esan nahi bada, konforme! Aintzinak ere musika zelta jotzen duela esan beharko da orduan... Gaur egungo folk taldeek iturri anitzetatik edaten dute. Benito Lertxundi, Oskorri, Hiru Truku edo Albokak musika zelta egiten badute, bada Aintzinak ere bai.

Aurrejuzgu hori zu taldekide izatetik ere etor daiteke agian...
A.G.: Nik ezin diot uko egin nire jatorri zeltari, baina ni bezalakoei zelta deitzea, europearra deitzea bezalatsu da; ez dago gaizki esana, baina ez du informazio askorik ematen. Izan ere, sailkapen hori erabiltzen hasiz gero, esan genezake Aintzinako beste hiru kideak barduloak direla eta musika barduloa jotzen dutela.
Nik nahiago dut irlandarra naizela esaten bada. Musika irlandarra jotzen dudanean (Turlach taldean adibidez, Arkaitz eta Juanjorekin batera) musika irlandarra jotzen dut, ez musika zelta.
Ez dut sinesten “musika zelta” terminoan, non eta ez bada Celtas Cortos, Bizardunak edo Sorotan Bele bezalako taldeak izendatzeko. Aintzina-k euskal musika herrikoian sustraia duten kantu zaharrak interpretatzen dituenez, gehiegi eskatzea ote da Aintzina “euskal musika” dela adieraztea, diskako atzealdean jartzen duen eran?  

Zein ezaugarri izango ditu Andoaingo kontzertuak?
Arkaitz Miner: Gehienbat, Suitian diskoko kantuak joko ditugu. Folk estiloko soinua da talde honena eta, besteak beste, buzukia, mandolina, biolina, alboka, irlandar flauta desberdinak, panderoa eta baxu akustikoa erabiltzen ditugu antzinako kantu narratibo hauek laguntzeko. Instrumentalki indar handia duten dantza pieza batzuk ere jotzea gustuko dugu.
Horiez gain, etorkizunean aurrerago grabatzeko utzita daukagun kantaren bat edo beste ere jotzeko asmoa dugu.
 
Nola doa diskoaren promozioa?
A.M.: Pixkanaka emanaldi berriak ateratzen ari zaizkigu. Astigarragan jo genuen lehengoan eta Durangon izango gara hilaren 20an. Basterokoa egin eta gero Les Borges Blanquesera (Herrialde Katalanak) abiatzekoak gara, apirilaren 3an daukagu hitzordua.

Zer moduzkoa izan da jendearen harrera?
A.M.: Gure inguruko jendeak sorpresaz hartu du diska entzun duenean, kantuak harritu dituelako nahiz diskaren soinua berezia delako. Ziur gara Andoaingo emanaldira hurbiltzen diren entzuleek ere gozatua hartuko dutela. Gonbidapena egina dago, beraz.

Zu, Zigor, Basteroko langile gisa ezagutzen zaituzte askok Andoainen. Gerta liteke zure musikarako joerak ezustean harrapatzea bat baino gehiago...
Zigor Sagarna: Nik nire burua ez dut artistatzat jotzen, abeslari eta musikari soiltzat baizik.
Nire ibilbidea hamabost urteren bueltan laburbiltzen da. Plaza taldeetan ibili izan naiz abeslari eta gitar-jole moduan. Bederatzi urte Laiotz plaza-taldean eman nituen, eta geroxeago, hiruzpalau urte Joseba Iparragirre trikitilariarekin batera Irailerako 6 taldean. TrikiTruku taldean ere beste urte pare bat egin ditut Josebarekin. Esne Beltza taldearen hasieratan ere parte hartu nuen baxujole gisa. Laket trikiti taldearekin ere banabil plazaz plaza, une honetan.
Aintzinan abesten hasteko aukera lehendik ezagutzen nuen, Juanjo Otxandorenaren bidez izan zen. Aintzina-n abeslaria behar zutenez, Alanen deia jaso eta segituan hasi ginen tearen eta opil goxoen laguntzaz proiektu honi itxura ematen.

Beti izan al zara abeslari?
Z. S.: Gaztexeagoak ginenean, eskola garaitan, musika talde bat osatu genuen Tolosan; Jun da Bertan zuen izena. Halakoetan gertatu ohi denez, bakarren batek abestu behar-eta niri egokitu zitzaidan. Egia esanda, gustua hartu nion azkenerako.

Nola lantzen duzu ahotsa?
Z. S.: Denboraren poderioz, plazak eginez eta gustuko abeslariak erreferentzia gisa hartuta ikasten joan naiz. Ahaztu gabe pattar pixka bat edateak ere lagundu izan didala!

Aintzina zuzenean Andoainen
Martxoak 27, larunbata. 20:00.
Bastero, ekitaldi aretoa. 9 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!