Pazko astean gazteen aisialdia osatzeko aukerak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 19a, 14:24

Hamabi eta hamasei urteko gaztetxoenek, martxoaren 31tik hasita  ekimen ezberdinak izango dituzte Aste Santuko oporraldiaz gozatu ahal izateko. Martxoaren 31n, asteazkenean, 16:00tatik hasita, Buztin tailerra izango dute Gaztelekuan. Material horrekin zenbat gauza egin daitezkeen ikasiko dute. Egitaraua:

12-16 urtekoentzat
Pazko Astean, apirilaren 6tik hasita, ekintzekin aurrera jarraituko dute. Egun horretan bertan, 16:00tatik aurrera, Gaztelekuan Kometak eraikitzeko tailerra izango da. Hurrengo egunean ere, izango da zerekin gozaturik. Goizean, Kometak eta kanikak hartu eta hondartzan jolasteko aukera izango dute.
Apirilaren 8an, ostegunean, “Urnitruekea” izango dute arratsaldeko 16:00tatik aurrera. Ekintza sortari amaiera ederra emateko, azken egunean, apirilaren 9an, Leitzaran haranera egun osorako irteera egingo dute.
Gaztetxoenek gozatzeko aukera izango dute, baita helduagoek ere.

16 urtetik gorakoentzat
Hamasei urtetik gorako gazteentzat bi eskaintza luzatu ditu Gazte Informazio Bulegoak. Apirilaren 6 eta 7an esaterako, batetik automakillaje ikastaroa jasoko dute, Lorena Perez irakaslearen eskutik. 18:00tatik 20:00tara bitarte iraungo du ikastaroak eta Saroben izango da, 6 euroren truke.
Bigarren aukera, apaingarriak sortzeko tailerra izango dute gazteek. Apirilaren 6tik 9ra iraungo du bigarren ikastaro honek eta goizeko 10:00etatik 12:00etara, Laura irakaslearekin hainbat apaingarri sortzen ikasiko dute; Gazte Informazio Bulegoan eskainiko da ikastaroa. Apaingarrien ikastaroa, 15 euro kostatuko da.
Martxoaren 23a baino lehen izena ematea beharrezkoa da bi ikastaroetarako.
Aurtengo Aste Santuko oporretan, beraz, ez dago aspertzeko aitzakiarik!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!