Denboraldiko lehen mendi lasterketa Urnietatik abiatuko da, martxoko azken igandean. Goizeko hamaiketan abiatuko da San Juan plazatik eta parte hartzaileek hamairu kilometroko ibilbide gorabeheratsuari aurre egin egin beharko diote. 750 metroko desnibeleko probran eguraldiak sekulako garrantzia izango du. Euririk ez badu egiten, marka onak lortzeko aproposa izango da. Hotza, haizea edo euria eginez gero, proba oso gogorra bilaka daiteke.
Urteak aurrera egin ahala, geroz eta sona handiagoa hartzen ari da Urnieta–Adarramendi lasterketa. Parte hartzaileen mailari erreparatuz, Urnietan egiten den kirol proba esanguratsuena dela esan daiteke.
Iaz berrehun partaide izan bazituen, aurten antolatzaileek gehiago izateko aurreikuspenak dituzte. Eta datuetan oinarritzen dira aurreikuspen hori egiteko. Izena eman duen kopuruari erreparatuta, iaz baino erritmo hobean doa izen-ematea. Bi aste falta zirenean, dagoeneko 115 lasterkarik izena emana zuten.
PARTE HARTZEKO BI MODU:
KORRIKA EDO ANIMOAK EMANEZ
Bidean zehar, hainbat kontrol igaro beharko dituzte parte hartzaileek. Plazatik abiatu eta lehen kontrola Bentan izango dute zain. Montefriora heltzean ikusiko dute bigarrena. Maldan gora eginaz, Manttale inguruan hirugarrena ipiniko dute eta, behin hura gaindituta, Adarramendiko puntan kokatuta egongo da laugarren kontrola. Gorantz etenik gabe egin ondoren, maldan behera abiatuko dira plazan egongo den helmugarantz. Xoxokatik pasa ondoren, azken kontrolera joko dute, berau Goibidietan egongo delarik. Behin gune hori igarota, helmuga igarotzea besterik ez zaie geratuko. Korrika eginez edo animoak emanez, parte hartzeko modu aproposak izango dira biak ala biak.
Ainhoa Jauregi Zubeldia
Urnieta. 4. aldiz parte hartuko du.
Denbora onena: 1:24:50.
Denboraldiko lehen mendiko lasterketa izaten da eta urduritasuna egoten da, norberaren eta gainontzekoen maila ikusteko balio baitu.
Lasterketa motza eta gogorra da, azken urteetan euria tokatu da gainera, horrek ere zailtasun bat gehiago suposatzen duelarik.Lehen zatian guztia asfaltoan izaten da eta bigarren zatian, berriz, desnibel handia izaten da.
Hasiera batean, gustuko nuelako hasi nintzen lasterketan parte hartzen, denbora-pasa bezala ikusten nuen, baina azken urtean hobekuntza dezentea egin dut eta aurten serioago entrenatzen ari naiz. Azken batean, ongi pasatzeko eguna da baina, aurten, nire buruari exigentzia gehiago eskatu diot. 28an beraz, lehengo urteko denbora hobetzera joango naiz, minutu batean bederen hobetu nahiko nuke. Aurreprestaketa nahiko serio hartu dut aurten. Entrenamenduak neguan izateak, eguraldiak eta egunaren luzerak ez dute laguntzen eta gogorra da.
Iñaki Arruti Iraola
Andoain. 3. aldiz parte hartuko du.
Denbora onena: 1:14:00.
Egun gogorra izaten da kirolariarentzat. Parte-hartze aldetik jende asko biltzen gara. Gogorra izaten da oso proba, ez da txantxetako kontua. Gainean zarenean jada hankak oso nekatuak izatea ez da komeni; ibilbidea amaitzeko beraz, %70-80 batean joaten naiz. Nire helburua ondo pasatzea eta lasterketa amaitzea izango dira. Oraindainoko guztiak amaitu ditut, hamaiketakoa jatera heldu naiz, ea aurtengoan ere…
Prestaketak egin ditut, lau aldiz bertara igota eta beste dozena bat alditan Belkoainera igota. Lasai-lasai ibiltzen naiz entrenamenduetan.
Jokin Lizeaga Mitxelena
Urnieta. 2 aldiz parte hartu du.
Postuak: 5. eta 3.
Denbora onena: 1:00:07.
Aurten ez da aterako, lesioa dela eta.
Denboraldiari hasiera ematen zaio kross honekin eta norbera ongi ala gaizki dagoen, zein egoera fisikotan dagoen jakiteko balio izaten du gehienbat. Niretzat behintzat bai. Urduri samar ateratzen da jendea, ez dakielako gorputzak nola erantzungo dion. Bestetik, motza baina gogorra da ibilbidea.
Aurrez egin behar izaten da lanik gehien, aurrez egindakoaren arabera ibili ohi baitzara egunean bertan. Prestaketak gogor samarrak izaten dira, negua tokatzen baita.
Bi aldiz atera naiz eta nire helburua aurreko sailean sartzea izan da. Lehenengo urtean bosgarren geratu nintzen eta iaz berriz hirugarren.Aurten ikusle gisan joango naiz, lesionaturik bainago.