Andoain Gazteleku pilota taldea Galdakaoren aurka Berria txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko mar. 18a, 17:41

Baztan, Arbizu eta Irurtzun. Andoaingoek Berria txapelketan Nafarroako taldeak bide bazterrean utzi dituzte. “Hirurak teorian gu baino hobeak ziren. Izenei erreparatuta behintzat, hori esan daiteke. Gaineratuko nuke inork gutxik espero zuela hain ibilbide luzea egingo genuenik Berria txapelketan”, Andoni Alvarez taldeko arduradunaren hitzak dira.


2 eta 3 tantoko aldea besterik ez eta ozta-ozta, justu-justu egin dute, aurrera buruz buruko bakoitzean. Sekretua Gaztelekuk erakusten duen talde izaeran aurki daiteke.
Julen Ulanga jubenil mailako lehen urteko pilotaria da. Txapelketaren ibilbideaz zera dio, "Urnietara Irurtzunen aurkako partidara itxaropenez joan nintzen. Gazteek ondo irabazi zuten, gurea parekatua ikusten nuen berriz. Nahiz eta hasieran 7-4 joan atzetik, azkenean 22-15 ondo irabazi genuen. Nagusiek lau tanto egin behar zituzten, eta ondo lortu ere. Irurtzun talde handia da, Euskal Herri mailan klub onenetakoen artean dago Saiaz eta Adiskide taldeekin batera".
Azpitik hasi dute txapelketa eta finalaren atariraino iritsi dira andoaindarrak.
Jon Jauregi kadete mailako pilotaria gustora dabil, "ondo ari gara bai. Parte hartzen dudan lehen aldia da eta gustora nago, bai. Itxaropena badugu, lehen partidatan kale egingo genuela uste genuen baina aurrera egin dugu. Orain Galdakao aurrez aurre izango dugu, ea zer egiteko gai garen!".

AURKARIAREN EZAUGARRIAK
Ulangak Galdakaokoak ondo ezagutzen ditu, "maila handiko taldea da. Kadeteean Elezkano II kategoriko onenetarikoa da, jubeniletan Legorburu-Galarza bikotea oso sendoa da eta nagusietan jartzen dutena jartzen dutelarik oso maila handikoa izango da: Elezkano zarra, Ajuria edo Uriarte profesional ohia. Ez dugu horregatik amore emanda joan behar. Aukerak ikusten ditut, esperantzaz beterik goaz".
Berria txapelketan finalera sailkatzeko Galdakao faborito da, baina hori hiru partidatan erakutsi beharko dute.
Ostegun honetan (martxoak 18) iluntzeko 19:30ean jokatuko dute Galdakaon, aurkariaren frontoian.
Galdu edo irabazi, andoaindarrek biziki maite duten beste txapelketa laster abiatuko dugu: Herri arteko pilota txapelketa. Arrate berriro beteko dugu, apiriletik aurrera.
Zorte on, Galdakaon!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!